Nafarroako Gobernua premiatzen da paziente diabetikoen osasun arreta hobetu dezan
Argudiatzen da pandemia-egoera dela-eta osasun-sistemara iristeko zailtasunek eragina izan dutela kontrol-prozesuan, eta talde horren zaurgarritasuna areagotu egin dela
Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du aho batez (Izquierda-Ezkerrak ez du bilkuran parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “diabeteserako diziplina anitzeko unitate funtzional bat sor dezan Nafarroako Ospitalegunean”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “Nafarroako Osasun Sisteman hezkuntza diabetologiko egokia eman diezaien 1 eta 2 motako diabetesa duten pazienteei”.
Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “kalitatezko material suntsikorra ziurta dezan paziente diabetikoentzat eta glukosa-sentsoreak sar ditzan 1 eta 2 motako diabetikoen prestazioen artean”.
Bestalde, Foru Exekutiboa premiatzen da “Oinarrizko Osasun Laguntzako profesionalak diabeteserako teknologia berrietan eta tratamenduetan trebatu ditzan, hala nola intsulinaz hornitzeko gailuak eta glukosa-sentsoreak”.
Azkenik, eta Navarra Sumaren eskariz, aurkeztu duen gehitzeko zuzenketa PSNk onartu ostean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “gehienez ere bi hilabeteko epean jarduketa plan bat presta dezan pandemiak 2 motako diabetes mellitusa duten pertsonen kontrolean eta jarraipenean izan duen eragina arintzeko”.
Navarra Sumak beste zuzenketa bat aurkeztu du, PSNk onartu ez duena, eta 3. atala ordeztu nahi zuen honako testuarekin: “Nafarroako Gobernua premiatzen da kalitatezko material suntsikorra ziurta dezan diabetesa duten pertsonentzat eta hiru hilabeteko epean flash motako glukosa-sentsoreak sar ditzan zorro osagarrian 2 motako diabetesa duten eta intsulina hartzen duten pazienteentzat”.
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak adierazten du pandemia egoeran diabetesa duten pazienteek talde “zaurgarriagoa” osatzen dutela, infekzio-prozesuaren eragin zuzenagatik ez ezik, “egungo egoerak ahalbidetu baitezake diabetesa duten pertsonen kontrolak okerrera egitea, osasun sistemara sartzeko zailtasunengatik, jarduera fisikoaren faltagatik eta konfinamenduari loturiko estresa areagotzeagatik”.
Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Cristina Ibarrola, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Jorge Esparza, Elena Llorente, Yolanda Ibáñez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González, Bakartxo Ruiz (G.P. EH Bildu) eta Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (115. NPAO, 2020-10-23koa)