Nafarroako Gobernua premiatzen da prebentzio-neurriak indartu ditzan osasun-arretako zentroetan erasoak amaiarazteko
Erasoetarako alarma-sistemak ezartzeko plana osatzeko eskatzen da, bereziki Oinarrizko Osasun Laguntzan, baita herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bate gin dadila ere
Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “prebentzio-neurriak manten eta indartu ditzan, zentroetan diharduten langile guztiekiko erasoak amaiarazteko, bai Oinarrizko Osasun Laguntzan, bai espezializatuan, larrialdi zerbitzuak lehenetsiz”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “erasoetarako alarma-sistemak ezartzeko plana osa dezan –bereziki, Oinarrizko Osasun Laguntzan–; esaterako, sakagailu finkoak edo eskumuturrekoak, bideozaintzako kamerak, altzariak aldatzea edo arrisku-eremuetako zenbait guneren egitura aldatzea”.
Bestetik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “2020an programatutako ikastaroak –autodefentsako teknikei eta erasoak prebenitzeko gaitasunak lortzeari buruzkoak– egin ditzan, azkenean ezin baitziren egin”.
Era berean, Foru Gobernuari eskatzen zaio “herritarrak kontzientziatzeko kanpaina bat prestatu eta zabal dezan”.
Gainera, Nafarroako Gobernuari proposatzen zaio “erregistro ofizial bat sortzea, zeinetan jasoko baita Nafarroan osasun arloko langileek pairatzen dituzten erasoen kopuru zehatza”. Eta “sustapen, prebentzio, erantzun eta babeserako harturiko neurrien eraginkortasuna monitorizatzea eta eraginkortasun hori areagotzeko estrategia berriak ezartzea”. Bi atal hauek PSNk, ekimenaren titularrak aurkeztutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu dira.
Bestalde, Foru Exekutiboa premiatzen da “gorabeherak eta erasoak erregistratzeko sistema ere hobetu dezan, eta profesionalak anima ditzan salaketa egitera, gertakari horiek nola eta zer inguruabarretan agertzen diren hobeto ezagutu eta prebentzioa egin ahal izate aldera”. Baita “laguntza psikologiko eta/edo legala, akonpainamendua eta behar duten gainerako edozein laguntza eman diezaien eraso eta/edo mehatxua jasan duten profesionalei”. Bi atal hauek Geroa Baik aurkeztutako eta PSNk, ekimenaren titularrak onartutako gehitzeko zuzenketa baten bidez gehitu dira.
Azkenik, eta Navarra Sumaren eskariz, aurkeztu duen gehitzeko zuzenketa onetsi baita, Nafarroako Gobernua gonbidatzen da “txosten bat presta dezan, urteko ebaluazio bat jasoko duena honako hauei buruz: osasun arloko profesionalei eginiko erasoen zergatiak, hartutako neurrien inpaktua –datuak gutxienez ere sexuaren arabera bereiziz–, laguntza-maila eta profil profesionala; eta, halaber, plan bat presta dezan hurrengo ekitaldian gauzatu beharreko neurriekin, egindako ebaluazioan identifikatu diren hobetze-arloetan oinarrituta”.
Zioen azalpenean, PSNk sustatutako ebazpenak azaltzen du 2020an, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko profesionalen aurkako 458 kanpo-eraso detektatu zirela Nafarroan. Eraso gehienak hitzezkoak izan baziren ere –351 guztira–, 105 eraso fisiko erregistratu ziren, Nafarroako Osasun Zerbitzuko Laneko Arriskuak Prebenitzeko Zerbitzuak emandako datuen arabera.
Nafarroako Osasun Zerbitzuan gertatzen diren erasoak amaiarazteko aurrerabideak egin diren arren, “egoerak hor dirau, eta soilik egiten ahal zaio aurre prebentzio-neurriak –bai materialak, bai antolakuntzakoak– indartzen badira, osasun arloko profesionalei babesa emateko”.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (39. NPAO, 2021-03-25ekoa)