Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Apirilak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da programa bat diseina dezan gazteentzako osasun-aktiboen mapak prestatzea errazteko

Pandemian ondoez emozionalaren hazkundea handiagoa izan da errenta baxua duten pertsonen artean, non depresio-arriskua hiru aldiz handiagoa den

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Osasun Publikoaren Institutuaren bidez programa bat diseina dezan gazteentzako osasun-aktiboen mapak prestatzea errazteko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Gobernuari eskatzen dio “Nafarroako Gazteriaren Institutuari helaraz diezaion programa hori garatzeko beharko duten laguntza tekniko eta profesionala”.

 

Era berean, Foru Exekutiboa premiatzen da “toki entitateekin lankidetzan aritzea herri bakoitzean tresna horiek garatu ahal izateko”.

 

Bestetik, eskatzen zaio “sistemaren beraren mapak presta ditzan -hezkuntza, osasuna, gizarte kontuak, berdintasuna-  osasuna indartzeko gaitasun hori duten politikak sendotzeko”.

 

Azkenik, Foru Exekutiboa premiatzen da “konpromisoa har dezan atzematen diren osasun arloko aktiboak garatzeko proposamenak sustatu eta garatzeko”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “Estado Mundial de la Infancia: En Mi Mente” txostenera jotzen du, bertan adierazten baita Europako 15etik 19 urtera bitarteko bost haurretatik ia batek, osasun mentaleko arazo bat duela (neskatilen kasuan % 16 dira). Antsietatea, depresioa eta suizidioa berariaz aipatzen ditu, “bigarren heriotza-kausa baita (zirkulazio-istripuen atzetik soilik) Europako gazteen artean”.

 

Nafarroaren kasuan, Osasun Mentalaren Sareak aurtengo lehen seihilekoan 30 urtetik beheitiko 2.783 paziente artatu ditu, guztira, lehen kontsultan, 2019ko aldi berean baino % 20,4 gehiago, orduan 2.313 pertsonek behar izan baitzuten osasun arreta hori.

 

Eskaria handitzen da “ondoez emozional handiagoa dagoelako” populazioaren tarte horretan. Oinarrizko nahasmendu larriak mantendu egin dira, baina nahasmendu gehiago egon dira aldartean, antsietatearen inguruan eta ondoez emozionalarekin lotuak. Areagotu egin dira koadro emozionalak eta moldatzeko beharrei lotuak, ziurgabetasun handiko egoerei, estresaren eta antsietatearen kudeaketari, heldutasunera igarotzeko etapei eta abarri begira.

 

Ikerketa Soziologikoen Zentroak (CIS) berretsi zuen hori larritu egin zela pandemian: elkarrizketatutakoen artean “% 30ek adierazi zuen izu-atakeak pairatu izana, % 25ek bazterketa soziala sentitu izana eta % 55ek kezka ezin kontrolatu izana”.

 

Espainiako Osasun Mentaleko Konfederazioaren arabera pandemian depresioa jasan dutenen portzentajea “hiru aldiz handiagoa izan da errenta baxua dutenen artean altua dutenen artean baino”, erakutsiz “maila sozioekonomikoak osasun mentalaren egoera baldintzatzen duela neurri handian”.

 

Hori dela eta, Osasun arloko aktiboak indartzearen eta kontziente egitearen alde egiten da, “ekarpen nabarmena izan daiteke osasuna mantentzeko, are hobetzeko ere, egoera zailetan”.

 

Osasunerako aktiboak ditugu “faktoreak edo baliabideak, pertsona, talde, komunitate, populazio, sistema sozial eta erakundeen trebeziak hobetzen dituztenak, osasuna eta ongizatea mantentze aldera eta osasun arloan desberdintasunak murrizte aldera”.

 

Sustatzailearen iritziz, “mapak egitea eta babeseko elementuak, osasun arloko aktiboak, kontziente bihurtzea lehenbiziko urratsa da politika positiboak sustatu eta garatzeko. Eta hori mobilizazio eta motibaziorako elementu garrantzitsua da inplikatutako pertsonekin egiten denean, kasu honetan gazteekin, aukera ekartzen duelako haiek jokabide proposatzailea izateko eta eragiten dieten osasun arloko determinatzaile batzuk aldatzeko”.