Nafarroako Gobernua premiatzen da programa bat taxutu dezan Kubako herritarrei laguntza humanitarioa bidaltzeko
Pandemiaren osteko egoeraren larritasunaz ohartarazi du Ganberak, Kubako Gobernuak bere historian lehen aldiz laguntza eskatu baitio Elikagaien Mundu Programari
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “programa bat taxutu dezan Kubako Gobernuak bere herritarren oinarrizko beharrizanak asetzeko eskatzen duen laguntza humanitarioa lehenbailehen bidaltzeko”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “Nafarroako eta Kubako herrien arteko harremanak sendotu ditzan, bien arteko harreman ekonomiko eta komertzialak eta ikerketa zientifikoaren arloko harremanak bultzatu ditzan eta, oro har, Kubarekiko lankidetza-politika manten dezan esparru guztietan eta bertako eragile guztiekin”. UPNk, PPNk eta Voxek aurkako botoa eman dute.
Era berean, Espainiako Gobernua premiatzen da “Kubarekiko lankidetza ekonomikorako programa bat taxutu dezan eta giza laguntza urgentea bidal diezaion, herritarrek oinarrizko produktu eta elikagaiak lortu ahal izatea bermatzeko”. UPNk alde egin du; PPNk eta Voxek aurkako botoa eman dute.
Bestetik, Estatuko Gobernuari eskatzen zaio “Kubaren aurkako enbargoaren aurka azaltzen jarrai dezan Nazio Batuen Batzar Nagusia, enbargoa amaitzeko lanean jarrai dezan beste nazio batzuekin batera, eta Estatu Batuei exiji diezaien Kuba Terrorismoa Sustatzen duten Estatuen Zerrendatik ateratzeko”.
Azkenik, EH Bilduk proposatuta –izan ere, gehitzeko zuzenketa onartu dio ekimena aurkeztu duen Contigo-Zurekinek–, AEBetako Gobernuari eskatu zaio "2016an, Barak Obama lehendakaria zenean harremanak normalizatze aldera abiatutako prozesuari ekin diezaion berriz ere, arintze ekonomiko handia ekarri baitzion orduan uharteari".
Azken bi puntuak UPNren abstentzioarekin eta PPNren eta Voxen aurkako botoarekin onetsi dira.
UPNk aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu du, baina Contigo-Zurekinek ez du onartu, "bere ekimenaren funtsa aldatzea" zekarrela uste duelako.
Zuzenketa horretan, UPNk eskatzen zuen programa humanitarioa "Nazio Batuen Erakundeak edo nazioarteko erakunde eskudunek egin dezaten", halako moduan non Espainiako eta Nafarroako gobernuek besterik gabe parte hartuko bailukete horretan, eta horrez gain eskatzen zuen "enbargoa buka dadin, hauteskunde libre eta demokratikoak egin daitezen, giza eskubideak errespeta daitezen eta Kubako preso politikoak aska ditzaten.
Zioen azalpenean, Contigo-Zurekin talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak nazioarteko blokeo ekonomikoaren jatorria, helburua eta ondorioak errepasatzen ditu. Estatu Batuen aitzindaritzapean, kubatarrak “itotzeko eta hango gobernua erorarazteko” xedez Kubak 1959ko Iraultzaren garaipenaz geroztik jasaten du blokeo hori, eta mendebaldeko gobernuen "gelditasuna" salatzen du; izan ere, gobernu horien "gehiengoaren babesa" ez da "benetako neurrietan" islatzen.
Testuinguru horretan, Karibeko herrialdearen izaera "solidarioa" azpimarratzen da, eta Estatu Batuek sustatutako "jazarpenaren" ondorioak pandemia garaira arte jasateko izan duen gaitasuna azpimarratzen da. Halaber, adierazten da "krisi ekonomikoak eta hornigaien krisiak" oinarrizko produktuak eskuratzeko zailtasunak biderkatu dituztela eta oroitarazten da Kubako Gobernuak "bere historian lehen aldiz”, Elikagaien Mundu Programari laguntza eskatu diola.
Carlos Mena (PSN) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Pedro González, Ana Elizalde, Marta Álvarez (UPN), Kevin Lucero, Olga Chueca (PSN), Irati Jiménez, Xebe Txoperena (EH Bildu), Pablo Azcona, Blanca Regúlez (Geroa Bai), Maribel García Malo (PPN), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin) eta Maite Nosti (Vox).
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (63. NPAO, 2024-05-03koa)