Noiz argitaratua Osteguna, 2020.eko Maiatzak 21

Nafarroako Gobernua premiatzen da proiektu pilotu bat abian jar dezan, udako hilabeteetan eskola-jantokiak irekitzeko

Lehen sektorearen soberakinei irtenbide bat emateko hornidura-zirkuitu laburrak sustatzea defendatzen da, elikuradura nahikoa eta osasuntsua bermatzeko

Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Navarra Sumaren eta EH Bilduren aldeko botoekin, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren abstentzioekin eta PSN eta Geroa Bairen aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “proiektu pilotu bat taxutu dezan, Eskubide Sozialetako Departamentuaren bidez eta Hezkuntza Departamentuarekin eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin lankidetzan, udako hilabeteetan eskola-jantokiak ireki daitezen, premia gehien duten adingabeei janaria banatzeko eta, hartara, menu osasuntsu eta orekatuak bermatzeko, ahal den neurrian Nafarroako lehen sektoreak hornitutako sasoian sasoiko produktuak, tokikoak eta ekologikoa eskainita”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak bere ekimena sustatzeko arrazoi gisa azaltzen du zailtasun ekonomikoak izan dituzten familia askok ezin dutela haurren garapen osasungarria bermatu, batez ere sektore ahulenetakoek, eta hori dela eta, “haurrek elikadura nahikoa, eskuragarria, iraunkorra eta osasuntsua bermatuta izan behar dutela” oroitarazten dute.

 

Gauzak horrela, eta kontuan hartuta beste 1.000 familia inguruk “errenta bermatua eskatuko dutela datozen hilabeteetan” –apirilean 4.615 adingaberi banatu zitzaizkien elikagaiak–, Haurren Eskubideei buruzko Adierazpena aipatzen da, baita Nafarroako Parlamentuak 2030eko Garapen Iraunkorreko Helburuekin duen konpromiso argia ere, haurren elikadura bermatzeko hornidura-zirkuitu laburrak sustatuz.

 

Sustatzailearen iritziz Nafarroako lehen sektorea babestu egin behar da, ekoizle askok “arazoak baitauzkate beren produktuak saltzeko”, jatetxeak eta elkarteak itxita daudelako. “Une honetan premiazkoa da irtenbide bat ematea soberakinei, eta indartu eta bultzatu egin behar dira hornidura-zirkuitu laburrak eta sektoreari babesa eman behar zaio, ez soilik populazioaren elikadura osasuntsua bermatzeko, ezpada tokiko ekonomia indartzeko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko ere”. Irtenbidea beraz, “tokiko produktuekin osatutako dieta osasungarriak” dira.