Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Ekainak 12

Nafarroako Gobernua premiatzen da Refena partzialki egokitu dezan Nafarroako erabilera anitzeko kirolgune izateko

Azpiegiturei buruzko 2022-2025 plan zuzentzailearekin bat eta hainbat federazioren beharrizanei erantzuteko, kirol egokituko federazioa barne

Kultura, Kultura, Kirol eta Turismo Batzordeak erabaki bat onetsi du aho batez gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita "txosten bat egin dezan, zeinean aztertuko baita zer kirol izanen liratekeen bideragarrienak Refenaren parte batean ezartzeko, bai eta bideragarritasun ekonomikoko azterlan bat ere, zeinean jasoko baita zer gastu egin beharko litzatekeen kirolgune hori irekitzeko, mantentzeko, egokitzeko eta giza baliabidez hornitzeko".

 

Behin betiko testua PSNk, EH Bilduk, Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurkeztutako in voce zuzenketa baten ondorioa da, UPNk –berak aurkeztu zuen ekimena –onartu duena.

 

Zioen azalpenean, UPNren talde parlamentarioak aurkeztutako mozioan gogora ekartzen da Azpiegiturei buruzko 2022-2025 plan zuzentzailea, Nafarroako kirolari erabilera anitzeko gune bat emate aldera planean aipatzen diren hiru aukeren artean aldezteko lehendik dagoen ekipamendu publiko bat egokitzea, kasu honetan Refena, zeina "partzialki bideratzen ahal bailitzateke espaziorik ez daukaten hainbat federaziorentzat (esgrima, arku-tiroa, mahai-tenisa, xakea, gimnasia, karatea eta taekwondoa), kirol egokituko federazioa barne.

 

Nafarroako Azoka-eremuak –Refenak– 6.000 metro koadro erabilgarriko azalera estalia dauka, eta zerbitzu osagarriez horniturik dago: bulegoak, jatetxea, kafetegiak, harrera-lekua nahiz bestelako zerbitzuak.

 

NICDO sozietate publikoak 2023ko otsailean berreskuratu zuen instalazioaren titulartasuna, Nafarroako enpresa batek 13 urtez errentamendu-araubidean eduki ondotik. Gauzak horrela, inbertsio publikoak "minimizatze" aldera, gune hori egokitzea aldezten da, plan zuzentzailean jasotzen diren beste bi aukeren aldean (eraikin berri bat eta beste gune bat alokatzea).

 

Bilkuran honako foru-parlamentari hauek parte hartu dute: Ainhoa Unzu batzordeburua (PSN), Javier Trigo, Félix Zapatero, Raquel Garbayo, Ángel Ansa (UPN talde parlamentarioa), Ibai Crespo, Kevin Lucero (PSN talde parlamentarioa), Mikel Zabaleta, Xebe Txoperena (EH Bildu talde parlamentarioa), Itxaso Soto, Blanca Regúlez (Geroa Bai talde parlamentarioa), Irene Royo (PPN talde parlamentarioa), Carlos Guzmán (Contigo-Zurekin talde parlamentarioa) eta Emilio Jiménez (Vox foru parlamentarien elkartea).

 

www.parlamentodenavarra.es

Mozioa (75. NPAO, 2024-05-24koa)