Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Martxoak 24

Nafarroako Gobernua premiatzen da sei hilabeteko epean inklusioa eta trebakuntza digitala sustatzeko prestakuntza-ekintzen plan bat ezar dezan

Kolektibo atzeratuenak, hau da, 70 urtetik gorakoak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta prestakuntza gutxi dutenak XXI. mendeko gizarte digitalean erabat integratzearen alde egiten du Legebiltzarrak

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Batzordeak ebazpen bat onetsi du aho batez (IEk ez du parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sei hilabeteko epean ezar dezan “inklusioa eta trebakuntza digitala sustatzeko prestakuntza-ekintzen eta gaitasun digitalen plan” bat, zeina Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak sustatuko baitu, Hezkuntza Departamentuaren, Eskubide Sozialetako Departamentuaren (desgaitasunen bat duten pertsonak ere kontuan hartzeko) eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren lankidetzarekin”.

 

Testua Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk sinatutako zuzenketa baten eta PSNk aurkeztutako beste zuzenketa baten emaitza da. Biak Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ditu.

 

Navarra Sumak ez du onartu PSNk aurkeztutako hirugarren zuzenketa bat, “kolaboratzaileen artean Toki Administrazioko eta Despopulazioko Zuzendaritza Nagusia, Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutua eta Nafarroako Enplegu Zerbitzua sartzeko.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak argudio praktiko eta sozialak ematen ditu prestakuntza-ekintzen garapena eskatzeko, "kolektibo atzeratuenak, hau da, 70 urtetik gorakoak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta prestakuntza gutxi dutenak XXI. mendeko gizarte digitalean erabat integratzeko".

 

Horretarako, analfabetismo digitala desagerrarazteko, eraldaketa teknologikoari aurre egiteko beharrezkoak diren gutxieneko trebetasunak eta gaitasunak eskuratzea aldarrikatzen da, izan ere, eraldaketa hau telelanaren, administrazio elektronikoaren, Internet bidezko salerosketaren edo online hezkuntzaren alorretan gertatu da eta pandemiak nabarmen bizkortu du prozesua.

 

Testuinguru horretan, teknologia eta bitarteko digitalekin harreman gutxi dutenez, 70 urtetik gorako pertsonek jasaten duten isolamenduaren berri ematen da; izan ere, adin-talde horren % 71k "ez du inoiz gestio telematikorik egiten".

 

Mikel Asiain (Geroa Bai) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Ángel Ansa, Pedro González, Alberto Bonilla, Cristina Ibarrola, Pachi Pérez, Juan Luis Sánchez de Muniáin (Navarra Suma), Javier Lecumberri, Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN), María Solana (Geroa Bai), Arantxa Izurdiaga, Txomin González (EH Bildu), eta Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (12. NPAO, 2021-02-02koa)