Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Azaroak 10

Nafarroako Gobernua premiatzen da sintoma edo zantzu arinak dituzten pertsonen jarraipenerako eta tratamendurako jarduketa-protokolo adostuak taxutu ditzan

Farmazia-bulegoen eta osasun sistema publikoaren arteko kolaboraziozko arreta hobetuko duten sistemak osatzeko helburuarekin

Osasun batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur aho batez (Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak ez dute saioan parte hartu), zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “sintoma edo zantzu arinak dituzten pertsonen jarraipenerako eta tratamendurako jarduketa-protokolo adostuak taxutu eta ezar ditzan”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Nafarroako Gobernua premiatzen du “informazio- eta komunikazio-sistemak osa ditzan, ahalbidetze aldera informazioa partekatzea eta farmazia-bulegoen eta osasun sistema publikoaren arteko kolaboraziozko arreta hobetzea”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak Nafarroak duen farmazia arretako ereduaren garrantzia azpimarratzen du, 601 farmazia-bulego dituena, eta proposatzen du osasun sistema publikoarekin elkarlanean aritzea, protokolo adostuekin, sintoma eta zantzu arinen jarraipena egiterakoan.

 

Covid-19aren pandemiak eta “osasun kudeaketak jendearen osasunean ekar dezakeen inpaktua” dela eta aurkeztu du sustatzaileak honako ebazpena, eta osasun arloko profesionalen zein herritarren aldetik egondako “kexa ugariez” ohartarazten du, “arazoak izan direlako oinarrizko osasun laguntzako zentroetarako irisgarritasunean”. Era berean, oroitarazten du profesionalak “ahalegin Itzela” egiten ari direla oraindik ere, nekeari, gainkarga asistentzialari, eta ordezkoen zein lanpostu hutsen betetzearen ezari aurre eginez, eta horregatik “erkidegoko osasun arloko profesional guztiak kontuan hartzea” eskatzen du.

 

Nuria Medina (PSN) buru izan duen saioan izan dira Cristina Ibarrola, Iñaki Iriarte, Ángel Ansa, Marta Álvarez, Alberto Bonilla, Yolanda Ibáñez (Navarra Suma), Patricia Fanlo, Ainhoa Unzu (PSN), Ana Ansa, Isabel Aramburu (Geroa Bai), Txomin González eta Bakartxo Ruiz (EH Bildu).

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (109. NPAO, 2020-10-14koa)