Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Apirilak 18

Nafarroako Gobernua premiatzen da sorkuntza artistikoaren prozesuetan Adimen Artifizialaren gaineko hausnarketarako eta eztabaidarako guneak sor ditzan

Adimen artifiziala tresna osagarri gisa erabiltzea defendatzen da, artisautzako sortze-prozesua hainbat diziplinatan aberasteko, guztia ikuspegi integratzaile eta errespetuzko batetik abiatuta

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen, PPNren eta Contigo-Zurekinen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta Voxen aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Adimen Artifizialak artearen esparruan duen egitekoari buruzko hausnarketarako eta elkarrizketarako gune bat bultza dezan sorkuntza artistikoaren, arte plastikoen, musikaren eta literaturaren sektorearen esparruko profesionalekin batera Nafarroan arte-prozesuetan Adimen Artifiziala erabiltzeko araudi bat garatzeko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Gobernuari eskatzen dio “artearen esparruan Adimen Artifizialaren erabilera arduratsua eta etikoa sustatzen duten ekimenak bultza ditzan, bermatuz teknologia hori sormena eta berrikuntza sustatzeko tresna gisa erabiliko dela, artisau- eta sortze-lan tradizionalari kalterik eragin gabe”.

 

Bestalde, hirugarren atalean, Nafarroako Exekutiboa premiatzen da “artista, zientzialari, teknologo eta beste profesional batzuen arteko lankidetza bultza dezan, Adimen Artifiziala modu sortzailean eta aniztasun kulturala eta ondare artistikoa errespetatuz integratuko duten proiektuak garatzeko”.

 

Azkenik, Foru Gobernuari eskatzen zaio “jarrai dezan lan eta lehiaketa publikoetan Adimen Artifizialaren erabilera prebenitzeari buruzko gomendioak egiten”.

 

Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak adimen artifizialaren potentziala aipatzen du, "tresna osagarri" gisa, inola ere ez ordezko gisa, "artisautzako sortze-prozesua aberasteko", "ikuspegi integratzaile eta errespetuzko" batetik abiatuta.

 

Testuinguru horretan, adimen artifizialak "datu-bolumen handiak aztertzeko, ereduak identifikatzeko eta hainbat diziplinatan eduki sortzailea sortzeko" gaitasuna erakutsi duela argudiatu dute.

 

Azkenik, Adimen Artifiziala "adierazpen-modu berriak aztertzeko eta obrak konplexutasun eta originaltasun maila handiagora eramateko tresna berritzailea" dela azpimarratu du. Hori guztia, ohartarazten denez, agerian utziz giza sormenak "ordezkaezina" izaten jarraitzen duela emozio- eta interpretazio-mailan.