Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Irailak 28

Nafarroako Gobernua premiatzen da Toki Administrazioaren Erreformarako Legearen garapenean aurrera egiteko taldeen mahai bat era dezan

Toki-finantzaketaren arloan lortutako akordioen ondoren, jorratzeke dauden gaiei ekitea proposatzen da, hala nola, tokiz gaindiko egiturari eta eskumenak argitzeari buruzkoak

Parlamentuaren osoko bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur UPNren, PSNren, Geroa Bairen, Contigo-Zurekinen eta PPNren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Voxen abstentzioekin, zeinaren bidez Lurralde Kohesiorako Departamentua premiatzen baita “lehentasuna eman diezaion taldeen mahai bat eratzeari, Nafarroako Toki Administrazioaren Erreformarako otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legearen garapena jorratzeko behar diren adostasunak bilatuko dituena”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak María Chiviteren Gobernua sostengatzen duen programa akordiora jotzen du 4/2019 Foru Legearen garapenari jarraipena emateak duen garrantzia azpimarratzeko. Izan ere, aurreko legegintzaldian toki finantzaketaren arloan akordio bat egin zuten, eta lege-esparru berri bat onetsi zen Toki Ogasunen Funtserako nahiz etorkizuneko Toki Inbertsioei buruzko planetarako.

 

Horretarako, eta udalgintzaren eta toki-erakundeen arazoei erantzun egokia emateko, premiazkotzat jotzen da jorratzeke dauden hainbat gairi ekitea, hala nola "tokiz gaindiko egitura berria, eskumenak argitzea, efizientziarako eta eragingarritasunerako tresnak ezartzea, langileak egonkortzeko prozesuak, administrazio elektronikoa edo toki entitate txikienei babesa emateko egiturak eta tresnak”.