Nafarroako Gobernua premiatzen da toki entitateentzako dirulaguntza deialdi bat egin dezan irisgarritasun arloan plan integralak ezar ditzaten
Baliabide ekonomiko eta teknikoak eskualdatzea aldarrikatzen da, 12/2018 Foru legeari jarraiki, aukera-, tratu- eta baldintza-berdintasuna gauzatzeko
Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren eta Podemos-Ahal Duguren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren abstenzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “datozen aurrekontu orokorretan partida bat egon dadin toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia egin ahal izateko, nork bere plan integralak ezarri ahal izan ditzan irisgarritasunaren arloari dagokionez”.
Zehazten denez, plan horietan, “bai araudi guztia bai foru lege horren aplikazio esparrua osatzen duen errealitate objektiboa aztertuko da, foru legean ezarritako irisgarritasun unibertsalerako neurrietara pixkanaka egokitzen joateko, edo, kasua bada, arrazoizko egokitzapenak gauzatzeko, neurriak, egutegia eta beharrezkoak diren diru zenbatekoak ere zehaztuta”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak sustatutako ebazpenak Irisgarritasun Unibertsalari buruzko 12/2018 Foru Legearen bigarren xedapen gehigarria aipatzen du, izan ere, bertan toki entitateei urtebeteko epea ematen zitzaien irisgarritasun unibertsalaren arloko jarduketa plan integral bana aurkezteko, gizarte inklusiboago baterantz eta, azken finean, aukera-berdintasunerantz aurrera egiten laguntzeko.
Helburu horrekin, eta foru lege honen aplikazio esparrua osatzen duen errealitate objektiboa aztertzeko, “arrazoizko egokitzapenak gauzatuta eta neurriak, egutegia eta beharrezkoak diren diru zenbatekoak ere zehaztuta”, tratu eta aukera berdintasuna gauzatzeko ezinbestekoak diren "baliabide tekniko eta ekonomikoak" eskualdatzea aldarrikatzen da.
Carlos Pérez-Nievas (Navarra Suma) buru izan duen bilkuran parlamentari hauek parte hartu dute: Alberto Bonilla, Ángel Ansa, Isabel Olave, José González, Elena Llorente, (Navarra Suma), Carlos Mena, Virginia Magdaleno, Inma Jurío (PSN), Blanca Regúlez, Jabi Arakama (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Laura Aznal (EH Bildu) eta Ainhoa Aznárez (A.P.F. Podemos-Ahal Dugu).
* IEk batzordean ez du parte hartu.
• www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (55. NPAO, 2021-04-30ekoa)