Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Otsailak 24

Nafarroako Gobernua premiatzen da turismo-plan integral bat diseina dezan Nafarroako Liburutegiaren 150. urteurrena, Liburutegien Sarearen 75. urteurrena eta 2021eko Donejakue Urtea direla eta

Legebiltzarrak elkarteekin batera ospakizun horiek dinamizatzeko, garatzeko eta bultzatzeko kanpaina bat lantzea proposatu du

Kultura eta Kiroleko batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Navarra Sumaren, Podemos-Ahal Duguren eta Izquierda-Ezkerraren aldeko botoekin eta PSNren, Geroa Bairen eta EH Bilduren abstentzioarekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “foru hedabideetan eta hedabide nazionaletan, orotarikoetan zein espezializatuetan, komunikazio-babesa eman diezaion Nafarroako Liburutegiaren 150. urteurrena, Liburutegien Sarearen 75. urteurrena eta 2021eko Donejakue Urtea ospatzeari”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “plan turistiko eta integral bat diseina dezan, aurten izanen diren hitzordu horiek dinamizatu, garatu eta bultzatzeko, betiere pandemiaren murrizketek horretarako aukera ematen badute. Eta horretarako, kontuan har dezan, besteak beste, turismo-, ostalaritza- eta hotel-sektoreetako elkarteen eta bidaia-agentzien parte-hartzea”. Navarra Sumak eta I-Ek aldeko botoa eman dute, EH Bilduk abstentzioa eta PSNk, Geroa Baik eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute.

 

Mozioak hirugarren atal bat zuen, baztertu egin dena PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Navarra Sumaren aldeko botoarekin, eta Gobernua premiatzen zen “irmotasunez lan egin dezan ekitaldi horiek egitearen alde eta herritarrek horietara joatearen alde, bai eta ekitaldi horietan parte hartzen duten herritarren mugikortasuna erraztearen alde ere, kontu handiz jokatuz eta osasun- eta gizarte-testuinguru horretan behar diren osasun-neurri guztiak bermatuz”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak bere ekimena “turismo- eta kultura-sektorean gure erkidegoko aberastasun historiko-kulturala sustatzen jarraitzeko premian” kokatzen du, pandemiak eragindako murrizketa eta eragozpenen aurrean.

 

Oroitarazten denez, aurten Nafarroako Liburutegiaren 150. urteurrena ospatzen da, 75 urte beteko dira Nafarroako Liburutegien Sarea sortu zenetik, Nafarroako Liburutegi eta Filmotekak gaur Iruñean duen eraikin berriaren inaugurazioaren hamargarren urteurrena izanen da eta Nafarroak Donejakue Urtea ospatuko du. Ospakizun hauek guztiak murriztuak eta kaltetuak izanen dira egoera epidemiologikoa dela eta.

 

Honen harira, proposamena egin duenak plan baten diseinua planteatzen du, sektoreko elkarteen parte-hartzearekin, “hitzordu horiek dinamizatu, garatu eta bultzatzeko osasun- eta gizarte-testuinguru horretan behar diren osasun-neurri guztiak bermatuz”.

 

Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan parte hartu dute Alberto Bonilla, Raquel Garbayo, Ángel Ansa, Javier García, Iñaki Iriarte (Navarra Suma), Carlos Mena, Jorge Aguirre, Patricia Fanlo (PSN), Ana Ansa, Pablo Azcona (Geroa Bai), Maiorga Ramírez, Txomin González, (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerra) parlamentariek.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus

• Mozioa (19. NPAO, 2021-02-12koa)