Nafarroako Gobernua premiatzen da “agin dezan Mahai Sektorialean dauden sindikatu guztiak hezkuntza itunaren jarraipen batzordean egon daitezela”
Salatzen da ituna sinatu ez duten sindikatuak jarraipen batzordetik kanpo uzteak negoziazio kolektiborako eskubidea urratzen duela, baita askatasun sindikala ere
Hezkuntza Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “agin dezan Mahai Sektorialean dauden sindikatu guztiak, ituna sinatu ala ez, hezkuntza itunaren jarraipen batzordean egon daitezela”.
Zioen azalpenean, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentariak sustatutako ebazpenak ituna sinatu ez zuten sindikatuekin izandako lan saioa gogorarazten du, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren jarraipen batzordean egoteko helburuarekin egindakoa, bertan argi gelditu baitzen irakaskuntza publiko osoaren afera dela itunaren jarraipena egitea.
Jarraipen Batzordeak dituen ebaluazio eta kontrolerako eginkizunen artean dago, esaterako, hiru hiletik behin Hezkuntzak emango dion informazioa aztertzea, non zehazten diren sorturiko ordu-poltsak, baimenak eskatu dituzten langileen kopurua, zenbat baimen ukatu diren eta zergatik, ordezkapenen epeak, zenbat kontratu dauden udan luzatzeko modukoak eta beste asko gehiago.
Sustatzaileak amaitzeko dio Jarraipen Batzordean Mahai Sektoriala osatzen duten erakunde guztiak ez egoteak “urratu egiten duela negoziazio kolektiborako eskubidea eta, horrenbestez, askatasun sindikala ere bai”.
Mariano Herrero (UPN) batzordeburu izan duen saiora bertaratu diren parlamentariak izan dira Alberto Catalán, Luis Casado (UPN), Isabel Aranburu, Consuelo Satrustegi, Koldo Martínez (Geroa Bai), Miren Aranoa, Esther Korres (EH Bildu), Laura Pérez, Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu), Carlos Gimeno, Conchi Ruiz (PSN), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).
- www.parlamentodenavarra.es
- Mozioa (13. NPAO, 2019-02-01ekoa)