Nafarroako Gobernua premiatzen duen ebazpena Ekialdeko Pirinioetako egoera sozioekonomikoa aztertzeko Ponentziaren gomendioak praktikan jar ditzan
Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko azaroaren 8an
1.- Nafarroako Parlamentua bat dator Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako egoera sozioekonomikoa aztertzeko Ponentziaren analisiarekin, lurralde horren egoera azaltzen duenarekin, eta bereziki honako apartatu hauekin: ibar eta udalerri horien larritasuna eta berezitasuna jasotzen dutenak eta Nafarroako erakundeen aldetik ikuspegi eta politika berezien beharra islatzen dutenak.
2.- Nafarroako Parlamentua bat dator Nafarroako Ekialdeko Pirinioetako egoera aztertzeko Ponentziak egindako irizpenak jasotzen dituen ondorioekin, Parlamentuak eskualdeko eragile sozial eta instituzionalekin partekatutako analisiaren ondorioa baitira.
3.- Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du kontuan hartu eta praktikan jar ditzan Ponentziaren irizpenean jasotzen eta azaltzen diren gomendioak eta, halaber aztertu, kontuan hartu eta baloratu ditzan, arlo guztietan egiten dituen politiketan, eragile guztiek, sozialek zein instituzionalek, prestatu eta helarazitako txostenak eta proposamenak.
4.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du, Gobernuaren lana kontrolatzeko duen eginkizunaren barruan, Ponentziaren irizpenean biltzen diren gomendioak Nafarroako Gobernuak nola betearazten eta praktikan jartzen dituen begiratzeko eta horien jarraipena egiteko.
5.- Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du ponentziaren irizpeneko gomendioak, bere legegintza-eginkizunari dagozkionean eta hartan eragina duten neurrian, kontuan hartu eta praktikan jartzeko, eta legeak egiterakoan kontuan hartzeko, orobat, Ekialdeko Pirinioen berariazko errealitatea.
UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai, PSN, PPN eta I-Ek aurkeztua.
Aho batez onetsia.