Nafarroako Gobernuak 0-3 zikloaren “doakotasun eta unibertsaltasunean” aurrera egiteko asmoa nabarmendu du
EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio, zeinak borondate politikoa eta inbertsioa eskatu duen “egungo egoera kaotikoa” aldatzeko
Carlos Gimeno Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak nabarmendu du Gobernuak 0-3 zikloak “doakotasunean eta unibertsaltasunean” aurrera egin dezan defendatzen duela, eta adierazi du, aurreko legegintzaldian zenbait pauso eman ziren arren “gauza asko utzi zituztela egiteke”.
Kontseilariak EH Bilduren interpelazioari erantzun dio Kontrolerako Osoko Bilkuran, eta baieztatu du zenbait hobekuntza eginen direla. Esaterako, “2012tik eguneratu gabe dauden moduluak” berrituko direla adierazi du, eta hortaz, “garbiketako langileak diruz lagunduko dira euren soldatak Gutxieneko Soldata Interprofesionalak ezartzen duen zenbatekoari egokitzeko”, 72.000 euroko gastuarekin.
Era berean, modulu guztien KPIa eguneratuko da, “honek soldatetan eragina edukiko du”, 141.000 euroko gastuarekin; eta toki administrazioei ziklo honekiko ehunekoen ekarpena murriztu egingo zaie, %25etik %24ra, hau da, 158.000 euro.
Bestalde, Gimenok azaldu du egun Eskubide Sozialetako departamentuari atxikitutako haur eskolak Hezkuntza departamentuari eskualdatzeko lanean ari direla. Kontseilariaren arabera, “analisi zorrotz” bat egiten ari dira, garraioa, jantokiak, azpiegiturak, langileak eta araudiaren aldaketa bezalako aferen inguruan. “Zailtasunak baditu, baina borondate politikoa daukagu aurrera eramateko”.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu) Gobernuaren programa akordioak 0-3 zikloarentzat duen “anbizio eskasa” kritikatu du, eta adierazi du bere taldea “irmoa izango dela” gai honetan. “Beti defendatu dugu 0-3 zikloaren izaera edukatiboa, departamentuak bere zuzendaritza bere gain hartu behar duela eta unibertsaltasunaren eta doakotasunaren bidean pausuak eman behar direla”.
Bakartxo Ruizek baieztatu duenez, “egungo egoera kaotikoa da, zortzi eskola mota daude eta batzuk ez dute kontrolik. Aurreko legegintzaldian bide bati ekin zitzaion eta legegintzaldi honetan pausu erabakigarriak eman behar dira, borondate politikoa eta inbertsioa ezinbestekoak dira. Gai hau lehentasun bat izan behar da”.
Pedro Gonzálezek (Navarra Suma) talde gehienek defendatu duten doako ereduaren aurkako jarrera agertu du, bere kostua 150 milioikoa dela adierazi du eta “eskolatze etapa honetan izena eman edo ez erabakitzeko familiek duten askatasuna” defendatu du, “egun borondatezkoa baita, bere eskaera jaisten baitoa eta kostua altua baita”.
Jorge Aguirrek (PSN) hezkuntza “gizartearen igogailu” gisa defendatu du, “gure bizitzen lehen urteetatik hartu beharrekoa”. Era berean, legegintzaldi honetarako programa akordioa defendatu du, “betetzen ari direna, baina Parlamentuan eztabaidatzeke dauden aurrekontuen beharra” azpimarratu du.
María Solanak (Geroa Bai) onartu du “oraindik ez direla helburuetara iritsi eta bide luzea dagoela aurretik”, baina aurreko legegintzaldian egindako lana defendatu du.
Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) errespetua adierazi die 3 urtera arte eskolaratu nahi ez dituzten haurren gurasoei, eta defendatu du haur hezkuntza unibertsala eta doakoa izan beharko litzatekeela. Hori dela eta, esan du aurre egin behar zaiola “eskuinak pribatizatzeko duen anbizioari”, izan ere, helburu hori “langileen lan-baldintzen aurkakoa baita”.
Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) ere 0-3 zikloaren unibertsaltasuna defendatu du eta adierazi du kontseilariaren diskurtsoan “helburu argiak eta hauek lortzeko jarduera zehatzak” faltan bota dituela.