Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Urtarrilak 26

Nafarroako Gobernuak adierazi du azterlan bat egiten ari dela funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxe publikoetan ratioak jaisteko

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez, non Hezkuntza Departamentuari eskatu baitzaio ez dezala gai hori lan-arazo huts gisa hartu, hezkuntzaren kalitatearen mesedetan

Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok Parlamentuan adierazi du bere departamentua dagoeneko azterlan bat egiten ari dela funts publikoak jasotzen dituzten ikastetxeetan ratioak beheratzeko, eta ez dela jaitsiera orokorra egin behar, progresiboa baino, aintzat harturik berrikuntza, kalitatea eta ekitatea, beste faktore batzuen artean.

 

Kontseilariak horrela erantzun dio Navarra Sumako Pedro Gonzálezen interpelazio bati. Nafarroako ikasle kopurua azken hamarkadan % 30 jaitsi eta irakasleena beste horrenbeste igo dela dio interpelazioak, "desoreka" horrek ez duela "konponbide erraza" eta "gizartean eragin handia" izanen duela, landa eremuko eskoletan eta irakasleen enpleguan, adibidez.

 

Horregatik, Pedro Gonzálezek (Navarra Suma talde parlamentarioa) ohartarazi du nola "sindikatuak jada ratioen jaitsieraren alde mobilizatzen" ari diren, ikastetxeen itxiera eta lanpostu galera saihesteko eta, horrekin batera, hezkuntzaren kalitatea hobetzeko.

 

Neurri hori, esan duenez, jada hartu da nola edo hala Euskal Autonomia Erkidegoan eta Valentzian, beste autonomia erkidego batzuen artean, eta ez ikastetxe publikoetarako bakarrik. Hori dela eta, Nafarroan neurria ikastetxe guztietan aplikatzearen alde egin du, baita itunduetan ere.

 

"Erabakiek Nafarroako hezkuntzaren etorkizuneko ekintza ildo nagusiak markatuko dituzte", eta horregatik, Gonzálezek kontseilariari eskatu dio ez dezala gai hau lan-arazo hutsa balitz bezala hartu.

 

"Bizitzak honelako gauzak ditu, baina ongi kudeatuz gero hobera aldatu ohi dira", erantzun du Carlos Gimenok, eta gogora ekarri du Nafarroako 2023rako Aurrekontuetan ratioen jaitsierari buruzko berariazko azterlan baterako partida bat sartu zela EH Bilduren proposamenez, eta Navarra Sumak aurka bozkatu zuela.

 

Azpimarratu du dagoeneko neurri hori hartu dela Haur Hezkuntzan, zenbait baldintzarekin, 4 urteko haurrentzat, eta hurrengo ikasturtean 3 urteko haurrentzat ere zabalduko dela, gela bakoitzean gehienez 25 izatetik 20 izatera pasatuko baitira. Erantsi duenez, Nafarroako Gobernuan "inor ez dago itunpeko hezkuntzaren aurka, baina bai publikoaren alde, lehen ez bezala".

 

Jorge Aguirrek (PSN talde parlamentarioa) uste du ratioen jaitsiera "orokor eta despertsonalizatu bat" ez litzatekeela izanen "egokiena", eta horregatik zehaztu du bere taldeak "aitzakiarik gabe" apustu egiten duela ratioen jaitsiera "ekitatearekin, berrikuntzarekin eta programekin lotzeko, hiru koordenatu horien artean kokatu behar delako hezkuntza sistemaren kalitatea".

 

"Plangintzatik ezer gutxi" sumatzen duela esan du María Solanak (Geroa Bai talde parlamentarioa), eta gaurko proposamena urtarrilaren 9tik 26ra bitartean diseinatu dela baieztatu du. "Hala ez bada, gezurretan aritu zinen nire taldearen galdera bati erantzun zenionean ez zenuela ratioen jaitsierarik aurreikusten". Azpimarratu du gai hau aurrekontuen negoziazioan erabili zela duela urte batzuk, eta hezkuntza itunean ere bai. Hori dela eta, sindikatuei deitzeko eskatu dio kontseilariari.

 

Bakartxo Ruizek (EH Bildu talde parlamentarioa) uste du honako hau lehen mailako arazoa dela, eta horregatik kontseilariari aurpegiratu dio ez duela oraindik aurkeztu ikastetxeetan 10 urte barru nabarituko den inpaktu demografikoari buruzko azterketa, 2021eko azaroan agindu zuena eta 2022ko ekainean aurkeztu behar zuena. "Seriotasun eta zorroztasun falta" egotzi dio.

 

Podemos-Ahal Duguko Ainhoa Aznárez berdintasuna bultzatu eta "bereizkeria bidegabekoa" ezabatuko duen gizarte inklusibo bat sustatzen duen eskola publikoaren alde agertu da.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa) esan du ratioak jaitsi behar direla Haur Hezkuntzatik hasi eta Batxilergoraino, eta aukera baliatu behar dela lanpostuei eusteko, baina "hezkuntza itundua hezkuntza publikoaren subsidiarioa izanik" betiere.