Nafarroako Gobernuak aurreratu du "zorroztasunez" ari dela lanean neurri fiskalen hurrengo legean deflaktazio "errealista" ezartzeko
PPNren interpelazio bati erantzun dio, zeinak "lehiakortasun fiskalaren galera" eta zerbitzu publikoen kalitate okerragoa antzematen dituen inoizko presiorik handienarekin
Jose Luis Arasti Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi duenez, bere departamentua PFEZren tarifa deflaktatzeko proposamen bat lantzen ari da, "errealista izango dena, Ogasun Departamentuko teknikariek ematen diguten zorroztasun guztiarekin landutakoa", eta gaineratu du “laster” eskainiko direla “kopuru zehatzak”.
Hala ziurtatu du kontseilariak Gobernuaren kontrolerako osoko bilkuran, PPNren interpelazio bati erantzunez. Alderdi Popularrak zergak jaistea eskatu du, eta adierazi du Nafarroak "inoizko presio fiskal handiena" duela.
Jose Luis Arastik adierazi duenez, "oposizioaren paperak dena jasaten du, baina Gobernuarena, kudeaketarena, askoz zailagoa da. Duela bost urte esan izan baligute bizitzen ari garenak bezalako garaiak biziko genituela, ez genukeen sinetsiko. Hor dago aldea. Gobernu honek datorren bezala egiten dio aurre errealitateari, eta lanari ekiten dio", ziurtatu du.
Kontseilariak gaineratu duenez, "Gobernuaren errezeta da une bakoitzean herritarrentzat onuragarriak izan daitezkeen neurriak aplikatzea, betiere zuhurtasun eta erantzukizun irizpideekin oreka mantenduz".
Arastik adierazi duenez, "fiskalitatea gauza bizia da eta testuingurua une bakoitzera egokitu behar dugu, baina zergarik gabe ez dago zerbitzu publikorik. Gure lanak oreka bilatzen du behar besteko diru-bilketa bermatzearen, pertsonei laguntzearen, produkzio-sarea bultzatzearen eta zorpetze kontrolatua izatearen artean”, zehaztu du.
Kontseilariak azaldu duenez, Gobernua neurri fiskalen lege berria lantzen ari da, eta 2024ko urtarrilaren 1ean egon behar du indarrean. "Inflazio handiaren eta interes-tasa oso altuen testuinguruan herritarrentzat beharrezkoak diren neurrien alde egingo dugu", adierazi du.
Horrela, Nafarroako Gobernuak PFEZren tarifaren deflaktazioa onartzeko egin duen iragarpenari buruz hitz egin du, 2023rako atzeraeraginezkoa izango dena eta 2024ra ere luzatuko dena. Arastik gaineratu duenez, Gobernuak deflaktazio "errealista" planteatuko du, Ogasun Departamentuko teknikariek ematen diguten zorroztasun guztiarekin gauzatu eta landu ahal izango dena. Laster zifra zehatzak ezagutzera emango ditugu, baina departamentuaren lana handia izaten ari da", esan du.
Kontseilariak PPNri adierazi dionez, "zuen politikek ez dute gureen antzik, gure politikek pertsonak jartzen baitituzte aurretik, eta errealistak eta bizi dugun egoerarekin kontsekuenteak dira".
Irene Royok (PPN) ziurtatu duenez, "Nafarroan inoizko presio fiskal handiena dugu eta errekor historikoa lortzeko bidean dagoen zerga-bilketa bat izaten ari gara". Horren aurrean, Nafarroan "zerbitzu publiko hobeak" izan ditugula esan du, "lehiakortasun fiskal onena izan dugun erkidegoetako bat izan baikara".
Gauzak horrela, Royoren esanetan, "zergak jaisteak ez du esan nahi gutxiago bildu behar denik", eta, "irizpidearekin eginez gero", jaitsiera horrek "jarduera ekonomikoa, enplegu gehiago eta kalitate handiagokoa, kotizazio handiagoak lehia-oinarri handiagoekin eta, ondorioz, diru-bilketa handiagoa" ekar dezakeela defendatu du.
Maria Jesus Valdemorosek (UPN) azpimarratu duenez, "jendeak eskatzen duena da ordaintzen dituen zergekin kalitatezko Ongizate Estatua mantendu ahal izatea, bere alderdi guztietan, birbanaketatik hasi eta garapen ekonomikora arte. Biltzea, bai, baina ez dadila biltzea izan lehentasunezko helburua; biltzea, bai, baina ondo kudeatzeko izan dadila. Zuen helburu geroz eta gehiago biltzean oinarritzen da, baina ez zarete gai zerbitzu publiko onak sortzeko", adierazi du Gobernuari erreferentzia eginez.
Ainhoa Unzuk (PSN) adierazi duenez, eztabaida honetan "bi ongizate-eredu erabat desberdin ikusten ari gara. Zenbat eta zerga gutxiago, orduan eta zerbitzu publiko gutxiago, eta nahiz eta kontrakoa esaten tematu, hori horrela da, eta hori da eskuinaren eredua, zerga baxuen eta pribatizazioen eredua. Ez dator bat, inolaz ere, arlo publikotik Ongizate Estatua bermatzeko gure ereduarekin, hor dago desberdintasun nagusia", esan du.
Adolfo Araizek (EH Bildu) adierazi duenez, "egungoa bezalako testuinguru batean, inoiz baino beharrezkoagoa da zerga-sistema nahikoa, bidezkoa eta eraginkorra izatea. Zergak biltzeko moduak desberdintasunak zuzentzen lagundu behar du, eta fiskalitateak progresiboa izan behar du. Badira Nafarroako zerga-sisteman erregresiboak diren eta zuzendu behar diren elementuak". Ildo horretan, azaldu du bere taldeak, adibidez, sozietateen gaineko zerga aldatzea planteatuko duela.
Mikel Asiainek (Geroa Bai) nabarmendu duenez, "zorionez, aldaketaren legegintzaldian (2015-2019) erreforma fiskal bati ekin zitzaion, eta horrek Foru Erkidegoaren egoera ekonomiko eta finantzarioari buelta eman zion, ez dirua biltzeko asmoz, baizik eta birbanatzeko asmoz, eta horretan ari gara ordutik. Nahiago dugu Danimarka Kaiman uharteak baino".
Miguel Garridok (Contigo-Zurekin) adierazi duenez, 2009 eta 2015 artean eskuineko gobernuetan, Gizarte Segurantzako afiliazioak % 9 jaitsi ziren, eta ondorengo gobernu "aurrerakoietan", berriz, % 14 igo. "Zuen Gobernuekin, langabezia-tasa 3 puntu igo zen; gobernu aurrerakoietan, 3,6 puntu murriztu zen. Horiek dira ereduak. Gobernu aurrerakoietatik erakutsi dugu askoz hobeto gobernatu daitekeela ", adierazi du.
Emilio Jimenezek (Vox) ziurtatu duenez, "Nafarroak zerga altuenak ditu, eta horrek ez dio batere mesederik egiten lehiakortasunari eta produktibitateari. Ez gara aberatsak, ez dugu Marshall Planik espero, baina hobeto kudeatu behar da. Next Generation funts europarren % 78 exekutatzeko zain daude. Nafarrek jartzen dizkiguten baliabideen eraginkortasun, efizientzia eta optimizazio handiagoa bilatu behar dugu", amaitu du.