Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Martxoak 11

Nafarroako Gobernuak azaroan eskatutako lehen mailako arretako ekintza-planaren aurkezpena iragarri du

Navarra Sumaren interpelazio bati erantzun dio, zeinak herritarren kezkaz ohartarazi duen zerbitzuaren irisgarritasuna eta kalitatearen narriaduragatik

Santos Induráin Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak baieztatu du Nafarroak "ideiak soberan" dituela lehen mailako arretaren bultzadari ekiteko, eta aurreratu du datorren astean Nafarroako Parlamentuan eta sektoreko profesionalei ekintza-plana aurkeztuko diela, azaroan Osasun Zuzendaritza Nagusiari eskatutakoa eta dagoeneko diseinatu dena.

 

"Ezin dugu gehiago itxoin ekintza plana aplikatu eta estrategia ezartzeko. Dokumentu garrantzitsu bat daukagu, martxan jartzeko gai zehatzak biltzen dituena. Egia da pandemiak ahuleziak atera dituela eta hutsuneak agerian utzi dituela, baina hori da ekintza plan bat burutzera eraman gaituena", esan du kontseilariak Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez.

 

Indurainek nabarmendu duenez, hauek dira Gobernuaren hiru premisak: "lehen mailako arretaren aldeko konpromiso politikoa, aurrekontuen babesa eta estrategia baliagarria".

 

Kontseilariak azaldu duenez, plan berriak, besteak beste, "lehen mailako arretarako irisgarritasuna hobetzea eta osasun zentroen eta kontsultategien azpiegiturak eta teknifikazioa hobetzea" izango ditu helburu.

 

Era berean, "osasun-zentrotik kanpoko komunitate- eta etxe-arreta erraztea, pandemiari lotutako langileen lan-baldintzak hobetzea, lehen mailako arretako profesionalen plantilla handitzea eta birdimentsionatzea, osasun-sistemaren barruko koordinazioa hobetzea, edo arreta soziosanitario integratuaren eredua zabaltzea" bilatuko du.

 

Kontseilariak adierazi du 24 taldek (elkarte zientifikoak, profesionalean elkarteak eta sindikatuak) parte hartu dutela "lehen mailako arretaren ereduari buruzko kontsulta eta parte hartze prozesu sakon batean".

 

"Esparru sanitarioan, politikoan eta sozialean interes komuna dago hain funtsezkoa den lehen mailako arreta bultzatzeko, osasunerako giltzarria baita, funtsezkoa izan da ezusteko pandemiari erantzuteko", azpimarratu du.

 

Cristina Ibarrolak (Navarra Suma) baieztatu duenez, “lehen mailako arretan ezarritako ereduarekin profesionalek eta herritarrek duten dezepzioak asko kezkatzen du", eta Osasun Departamentuak egindako ekintza plan berriak "pazientearen ahotsik" ez duela izan kritikatu du, "pazienteen elkarteek ez dute parte hartu, ezta udal ordezkariek edo gizarte zibileko ordezkariek ere".

 

Ibarrolaren hitzetan, Indurainen kudeaketaren "kaltetu zuzena" lehen mailako arreta izan da, eta "kalte handia egin die profesionalei eta herritarrei. Nafarroako biztanleek zerbitzuaren irisgarritasunean eta kalitatean narriadura bat sumatzen eta arbuiatzen dute, eta harrigarria da, historikoki Nafarroako herritarrek lehen mailako arreta beti baloratu izan dutelako", ziurtatu du.

 

Patricia Fanlok (PSN) adierazi duenez, bere taldeak beti "lehen mailako arreta hobetzearen alde” egin du, eta "pandemiak eman digun ikasgaia aprobetxatzeko" deia luzatu du. "Ez gara Gobernu koldarra, ez gara alderdi koldarra, premiazko aldaketak behar dira Nafarroako lehen mailako arretari sendotasuna, egitura, integrazioa eta koordinazioa eman ahal izateko".

 

Ana Ansak (Geroa Bai) adierazi duenez, Navarra Sumak "kritika globala egin du, lehen mailako arreta hondatzen ari den irudi bat helarazteko ahaleginean, eta hori ez da onargarria, horrela ez baita osasun publikoa defendatzen". Ansak lehen mailako arreta "indartsu" baten alde egin du, eta “hori nola eginen den” galdegin du, "eredua osasun egoera berrira egokitzeko benetako beharra dagoelako".

 

Txomin Gonzalez (EH Bildu) bat etorri da Navarra Sumarekin "lehen mailako arretaren egoera kezkagarriari buruzko azterketan", baina ohartarazi du "PPk onartutako arauek osasun publikoa arrisku eta prekarizazio ikaragarrian” jarri dutela, “berritze-tasarekin edo osasun arloko lanbideak berritzeko kudeaketa negargarriarekin bezala. Espainiako Gobernua eta Nafarroako Gobernua ez dira batere eraginkorrak izaten ari PPk bere garaian ezarri zituen neurriak iraultzeko".

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, UPNk "osasun sistema % 20ko murrizketekin utzi zuen", eta "azken sei urteetan UPNren estrategiak gure osasun sisteman egin zituen finantza murrizketak irauli behar izan ditugu". Horren ostean, kontseilariak datorren astean aurkeztuko duen ekintza plana ezagutzeko zain geratu da.

 

Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) aitortu duenez, "azken urteetan osasun arloko aurrekontuetan murrizketa asko egin dira, baina pandemiak eragina izan du lehen mailako arretan, hala nola, langileen agorpena. Hori horrela da eta proposamenak behar dira", esan du, eta ekintza planaren edukia ezagutzeko zain geratu da.