Noiz argitaratua Osteguna, 2023.eko Martxoak 23

Nafarroako Gobernuak baieztatu du Kulturaren Plan Estrategikoa baliagarria eta eraginkorra izan dela

Geroa Bairen interpelazio bati erantzunez, non zalantzan jartzen baita planaren garapenaren norainokoa eta hori neurtzeko “ebaluazio zorrotzaren” falta sumatzen baita

Nafarroako Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaolak baieztatu du Nafarroako Kultura Plan Estrategikoa tresna baliagarria izan dela, "eraldatzen joan dena, gurekin batera gogoeta egin duten pertsona eta entitateen begiradaren arabera"; ezarritako 10 ardatzetatik 7 bete direla, eta "gainerakoak bilakaera positiboa" izaten ari direla.

 

Geroa Baik osoko bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez, kontseilariak esan du planaren garapen mailaren ebaluazio osoa haren indarraldia amaitutakoan eginen dela, 2023aren amaiera aldera, "plana oraindik bizirik baitago". Hala, plana "hilabete batzuk barru" ebaluatuko da eta "bidea emanen dio beste plan bati, zeinak 2017ko diagnostikoaz oso bestelakoa izanen baitu abiapuntua".

 

"Indarraldia bukatu arte itxaronen dugu, plana oraindik bizirik baitago. Betetze maila ebaluatuko da, eta plan berria zehazten lagundu behar duten profesionalak kontratatzeko lizitazioa argitaratuko da", adierazi du. Aurretik azpimarratu du "hurrengo plan estrategikoari begira" ari direla eta 2023rako Nafarroako Aurrekontuetan dagoeneko partida bat ezarri dela hura prestatzeko.

 

Azaldu duenez, egungo plan indarduna 2017an diseinatu zen, "geroztik bizi izan dugunarekin zerikusi gutxi zuen egoera batean", COVIDa gogoan. Sei urterako plana da, "esparru aldakor eta dinamiko baterako egina, are aldakorrago" bihurtu dena pandemiaren ondorioz, zeinak "bete-betean jo baitu sektorea".

 

Ildo horretan gogoratu du nola pandemian "ingurunea ziztu batean aldatu zen" eta plan bati heldu zitzaion "krisia gainditzeko, bizirik irauteko, herritarrek kulturaz gozatzeko bideak aldatzen zituzten bitartean".

 

"COVIDak beharturik, kultur eragileen premia larrienei epe laburrean aurre egiteko, pandemiarako berariazko plan bat aplikatu zen, bi urtekoa, sektorea babestera eta enplegua sortzera bideratutako neurriekin.

 

Kontseilariak azpimarratu du, gainera, plan estrategiko bat ez dela helburu edo lorpen bat, baizik eta tresna bat, "ibilbide orria markatzen duena" kulturaren sektorean "aldaketak eta hobekuntzak" egiteko.

 

Ana Ansak (Geroa Bai talde parlamentarioa) honako hau adierazi du: "Sentipen mingarria dugu Plan Estrategikoaren garapena eta inplementazioa oso mugatuak izan direla eta tamalez ez dela ebaluazio zorrotzik egin garapen eta betetze maila neurtzeko. Ez da izanen Geroa Baik hainbat aldiz eraman ez duelako", ziurtatu du, eta plana "legegintzaldi honetarako programa-akordioa definitzen zuten giltzarrietako bat" zela erantsi du.

 

Raquel Garbayok (Navarra Suma talde parlamentarioa) kritikatu du oraingo hau departamentuaren "ez-betetzeen beste adibide bat" dela, "beste mordo bati gehitu zaiena". Hala, haren iritziz, Esnaolak "saldo zorduna" utzi du legegintzaldiaren amaieran. "Nafarroako kultura gaixorik dago, eta ez COVIDak jota, horixe baita aitzakiarik aproposena", esan du, "kea saltzen" aritu direla ziurtatu ondoren.

 

Carlos Menak (PSN talde parlamentarioa) adierazi duenez, "plana sortu zeneko testuingurua bizi eta kudeatu behar izan dugunaren oso bestelakoa zen" eta kulturaren sektoreak "orain hiru urte etenaldi bat egin behar izan zuen COVIDa etorri zenean. Etenaldiaren ondoren sektoreari bultzatu eta lagundu behar izan zitzaion ez zedin aurreko krisitik bezala irten oraingo krisi honetatik", esan du, eta pandemiaren ondoren "sektoreari eustea lortu izana" balioetsi du.

 

Maiorga Ramírezek (EH Bildu) "kezka" agertu du "legegintzaldi honetan kultur politikak nola diseinatu diren ikusita", eta gaitzetsi egin du "modu guztiz kapitalista eta merkantilistan negozioari lotutako" kulturaren kontzeptua.

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) uste du departamentuan "nahaste-borrastea, murrizketak, gardentasun falta eta parte-hartze falta" izan direla. "Badakigu sektorea erreskatatzeko politikak egin dituela, baina aitortu behar dugu kulturaz dugun ikuspegia hori guztia baino askoz zabalagoa dela", adierazi du.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) esan duenez, "gutako inork ez du zalantzan jartzen, kontseilariak ere ez", planean badirela "lortu gabeko eta behar adina garatu gabeko konpromisoak, helburuak eta neurriak" eta "gutxi garatutako" plana dela. Azpimarratu du, hala ere, sektoreak "izugarri gogor" pairatu dituela pandemiaren ondorioak eta departamentuak "aurrekontu pirrikoa" izan duela. "Baliabide urri horiekin egindako ahalegina aitortu nahi dizut", esan du. Aurretik, "gobernu bereko kideak izanik kritika zorrotza" egin duten taldeei ohartarazi die "erantzukizuna partekatua" dela.