Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Urriak 24

Nafarroako Gobernuak dio mugaz gaindiko elkarlana "aragotu eta hobeagotu" egin dela, "fisikoak bainoago mentalak diren mugak" gaindituz

Hala erantzun dio Geroa Bairen interpelazio bati, zeinak proaktibotasunari eustera deitzen baitu, bai eta mugarri gisa nabarmentzen ere Bruselako bulego berekia berreskuratu izana eta Euroeskualdean sartzea

 Nafarroako Gobernuko bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok azken legegintzaldietan aurrera eraman diren mugaz gaindiko politikak "areagotu eta hobeagotu" egin direla azpimarratu du. "Ezin genien bizkarra eman gure herritarrei eta ekoizpen-ehundurari, merezi dute-eta fisikoak bainoago mentalak diren gure mugak irekitzea", azpimarratu du.

 

Geroa Baik kontroleko Osoko Bilkuran eginiko interpelazio baten testuinguruan, Ollok azpimarratu du ezen Nafarroa "ekosistema zabalago baten parte" dela, Europarena eta nazioartearena, "eta ez dio uko egin behar horietan ahots berekiaren jabe den eragile bezala jarduteari. Nafarroak mugazgaindikotasun-tradizio luzea dauka. Badaude auzotasun, kultura, historia eta ekonomiaren esparruetako arrazoiak, bai eta amankomunean dugun hizkuntza bat ere, euskara; baina baita kudeaketa publikoaren eraginkortasunari dagozkion arrazoiak eta ekonomia-arrazoiak ere", aldarrikatu du.

 

Kontseilariak nabarmendu du ezen mugaz gaindiko elkarlana "areagotu eta hobeagotu" egin dela azken legegintzaldietan, eta, gaur egun, Foru Komunitateak daukala Euroeskualdearen lehendakaritza, nahiz eta 2012an "miopiazko ikusmenez" eskualde hori abandonatu zuen, eta 2017an berriro harekin bat egin.

 

Laster, Foru Komunitateak lehendakaritza izanen du Pirinioetako Lan Elkartean, zeinak kudeatzen baititu Interreg Poctefa deialdiak, 243 milioi dituztenak 2021-2027 epealdirako. Ildo horretatik, Nafarroak % 15 handitu du bere zuzkidura, 23.9 milioira iristeraino.

 

Bestalde, proiektu nagusietarako deialdietan, 35 proiektu ebatzi dira, zeinetan nafar eragileek parte hartzen baitute, 17 milioiko guztizko aurrekontuarekin. Horri gehitu behar zaio Pirinio Atlantikoetako Departamentuarekiko hitzarmena edo Europako Proiektuen Bulegoa, zeinak "lagun egiten baitio gizarte-, ekonomia- eta unibertsitate-ehundurari".

 

Mikel Asiainek (Geroa Bai T.P.) Nafarroaren mugez gaindiko harremanen "mugarri" gisa ekarri ditu arretara Foru Komunitatearen Bruselako bulego propioaren berreskuratzea nahiz Akitania Berriarekiko eta Euskadirekiko Euroeskualdean sartzea, zeinaren lehendakaritza Nafarroarena baita 2026ra bitarte. "Izan al zitekeen guk bizkarra ematea, ordura arte egin zen bezala, 100.000 kilometro karratuko lurralde batean bizi diren 9 milioi biztanleri, zeinek Europar Batasunaren % 2 egiten baitute?" galdera jaulki du. "Funtsezkotzat" jo du "Nafarroa erregio bereziki proaktiboa izatea bere mugez gaindiko politiketan", horixe izaki "jarraitu beharrekoa dugun lan-ildoa".

 

Isabel Olavek (UPN T.P.) azpimarratu du ezen "mugaz gaindiko elkarbizitza" egunero "naturalki" egiten dela, eta erantzun du "zinikoa" dela "soil-soilik Poctefa bidez artatuak izan daitezen espero izatea". Kanpo Ekintzarako Planean agerian geratu diren mugaz gaindiko elkarlanaren "oztopo hagitz latzez" ohartarazi du, eta dei egin du aitortzera "nor den nor, eta proiektu bakoitzean ekimena eta erantzukizuna norena den".

 

Inma Juríok (PSN T.P.) azpimarratu duenez, "mugazgaindikotasunaren eremu erabakigarriarekin lotura duten erronkei Nafarroak heldu die lurralde mugakideekiko lankidetzarako abagune gisa". Balioan jarri du "handitzen joan den" aurrekontu-ekarpen batekin Nafarroako Gobernuak duen "konpromisoa". Horri kontrajarri dizkio "abagune hau ikusteari uko egiten dioten" kritikak, "irismen laburreko begiradaz jokatzen dutenak, bere azken legegintzaldian UPNren gobernuak erakutsi zuen bezala".

 

Mikel Zabaletak (EH Bildu T.P.) "gure herriaren lurralde-kohesioa" aldarrikatu du, "gure herrikideekin harremanak  estutzeko" nahia azaldu du eta konbentzituta agertu da "berandu baino lehen gure mugak urratzeko gai izanen garela". Aurrekoari alderdi "humanitarioa" gehitu dio, eta oroitarazi du "askok galdu" dutela bizia Bidasoan, muga zeharkatu nahian.

 

Irene Royok (PPN T.P.) mugaz gaindiko elkarlana aldeztu du, baina errefusatu egin du "hori gure adostasunik gabeko interpretazio bihurtzea lurraldeari eta historiari buruz, beharrizanen aitzakiapean", eta "euskal nazionalismoaren nahiz Nafarroa Euskadiren beste lurraldeetako bat bihurtzeko irrikaren ildoan sakontzea". Horregatik, "gure errealitate instituzionalarekiko politika leiala" exijitu du.

 

Carlos Guzmanek (Contigo-Zurekin T.P.) defendatu du "Nafarroak funtsezko eragilea izan behar duela egungo Europar Batasun neoliberal eta kapitalistaren ordezkoa izanen den Europa berri eta sozialago baten eraikuntzan, oraingoa bere aurpegirik ilunena, ankerrena eta gupidagabeena erakusten ari zaigun une hauetan". "Mugen eta ia-ia kontzentrazio-esparru diren horien Europar Batasun gotortuaren aurrez aurre, herrien eta herritarren Europa defendatzen dugu", esan du.

 

Emilio Jimenezek (Vox F.P.E.) adierazi duenez, "Estatua da nazioarteko harremanen esklusibotasuna duena", eta dei egin du "erregio, komunitate edo udalerrien kanpo-ordezkaritza politiko oro bertan behera" uztera. Euroeskualdeek helburu dute "Estatuaren boterea urardotzea eta erregioena indartzea", baieztatu du. Eta apustu egin du "Hegoaldeko Europaren ardatz" bat eratzearen alde, "migratzaileen inbasioaren" aurrez aurre.