Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Urtarrilak 28

Nafarroako Gobernuak etxebizitza arloan egindako "ahalegina" defendatu du eta Europako funtsak "aukera bat" izango direla aurreratu du

Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati erantzun dio, zeinak ohartarazi duen etxegabetzeak aldi baterako geldiaraztea plazebo bat dela berriro azaleratuko den egiturazko arazo baten aurrean

Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilari José María Aierdik Foru Gobernua etxebizitza arloan egiten ari den lana balioetsi du, eta departamentu honen aurrekontuaren %27ko igoera jarri du horren adibidetzat. Azpimarratu du Europako funtsak “aukera” gisa planteatzen dituela departamentuak.

 

Kontseilariak nabarmendu duenez, "etxebizitza, egungo eskaera bati erantzuteaz gain, susperraldi ekonomikoaren eta enpleguaren sorreraren funtsezko pieza bihur daiteke". "Ildo horretan lanean jarraituko dugu, herritarren eskaera eta eskubide bati erantzuna emanez", gaineratu du.

 

Podemos-Ahal Duguk Osoko bilkuran egin duen interpelazio bati erantzun dio kontseilariak, eta arlo honetan eman den “paradigma aldaketa” nabarmendu du, izan ere, duela urte batzuk “salerosketa zen nagusi, eta egun, aldiz, alokairua da sustatu beharrekoa”.

 

Azaldu duenez, "gizartearen egungo beharrei erantzuteko tresna arina da, hipoteken finantziazioa lortzeko zailtasunak baititu jendeak eta krisi egoerak areagotu egiten ditu".

 

Kontseilariaren esanetan, lau dira bere departamentuak alor horretan dituen jarduera-ildoak: “alokairu eskuragarriko etxebizitzak, birgaitze-politikak, arau-aldaketak eta sektore horretan trakzio-elementuak sartzea". Halaber, "eraikuntza jasangarri eta efizientean" aurrera egitea eta "industrializazioaren eta robotizazioaren aldeko apustua" egitea "funtsezko erronkak "direla esan du.

 

Besteak beste, Gobernuaren helburua legegintzaldi honen amaierarako 1.000 etxebizitza publiko berri alokairuan jartzea dela azpimarratu du kontseilariak. Emanzipa eta David programei ere balioa eman die, baita etxebizitza hutsak alokairu-poltsaren bidez mobilizatzeari ere.

 

Azken horri dagokionez, aipatu du "iazko urte amaieran 776 etxebizitza zeudela, duela bost urte baino % 63 gehiago", hau da, "sistema horren bidez urtean 80 etxebizitza gehiago daude".

 

Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, nahiz eta "une gozoan gauden", pandemiagatik estatu mailan hartu diren neurriengatik, adibidez, etxegabetzeak geldiaraztearekin, "plazebo efektua" da, "lehenago edo beranduago agertuko den arazo estruktural bat delako".

 

Hori dela eta, neurriak bultzatzen jarraitzearen aldeko apustua egin du, eta "alokairuaren prezioei eustea" proposatu du, gai hori Estatuko Gobernuan ere eztabaidatzen ari baitira, baita lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko bidea ere. "Pozik gaude egiten ari garen lanarekin, baina beldurtuta gaude etor daitekeenarekin".

 

Juan Luis Sánchez de Muniáinek (Navarra Suma) kontseilariaren hitzaldia kritikatu du. "Lehen etxebizitza egiten zen eta orain ez", gaitzetsi du, eta Foru Gobernua "egoera hau konpontzeko ez dela ezer egiten ari” gaineratu du.

 

Etxebizitza hutsen "propaganda-kontakizuna" ere zalantzan jarri du, eta birgaitzearen arloan egiten ari diren lanarekin kritikoa izan da. "Ez dira etxebizitza beharrei erantzuten ari, ez baitira eraginkorrak", esan dio kontseilariari.

 

Arantza Biurrunek (PSN) sozialistek "duintasunarekin" duten "konpromisoa" nabarmendu du, eta Covid-19aren pandemiaren aurrean "Gobernu aurrerakoiek emandako erantzuna" defendatu du. "Hormek ameslariak babesten dituzte, ez gaitezen amesgaiztoen eragile izan", adierazi du.

 

Ana Ansak (Geroa Bai) "paradigma sozialaren aldaketa" goraipatu du, "2015ean abiatu genuen eta legegintzaldi berri honetan sendotzen ari den aldaketa". Horrela, emandako "pauso guztiak" eta "etxebizitzaren arloan emandako garapena" defendatu ditu, baita Nafarroako planak Europako estrategiarekin lerrokatuta egotea ere.

 

Maiorga Ramirezek (EH Bildu) ohartarazi duenez, Nafarroan 18.000 pertsona daude "etxebizitza eskubidea urratuta dutela diotenak, horregatik ezin gara pozik egon". "Onartezintzat" jo du etxebizitza hutsak egotea, "batzuek euren eskubidea bermatuta ikusten ez duten bitarteam", eta etxebizitza hutsen errolda "lehentasuna" izan dadila eskatu du.

 

Azkenik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) "higiezinen espekulazioaren ondorioak" deitoratu ditu. Hori dela eta, "aberastasun pribatuaren eredua irauli behar da, eta etxebizitzarako eskubidea oinarrizko eskubide gisa lehenetsi". Zentzu horretan, "akordio programatikoaren konpromisoak betetzeko" eskatu dio Foru Gobernuari.