Noiz argitaratua Osteguna, 2015.eko Urriak 22

Nafarroako Gobernuak N-121-A hobetzeko programa bat aurkez dezan premiatu dute

Europa barneko sarearen betebeharrei eta adostasun politiko eta sozialari jarraiki, trafiko istripu gehien dituen errepideetako batean hobekuntzak egiten jarraitzeko

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Geroa Bai-k, EH Bildu-k, Podemos-Ahal Duguk, PSNk eta I-Ek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNren eta PPNren abstentzioekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “Parlamentu honetan lehenbailehen aurkez dezan N-121-A errepidean mota guztietako hobekuntzak egiteko programa bat, legegintzaldi honetarako egutegi eta guzti, bai eta hurrengo urteotan egin beharreko inbertsioen gutxi gorabeherako balorazio bat ere, hori guztia kaltetutako eskualdeko eragileek parte-hartzeko prozesu bat abiapuntu hartuta”.

Onetsi den ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen den “inbertsio horien artean sar dezan N-121-A errepide osoa hiru erreiko bihurtzea, ahal den neurrian beste herrialde batzuetan dagoen 2+1 errepide-diseinua aplikatuz; alegia, ibilgailuen aurreratzeak baimenduz horretarako erreietan soilik”.

Era berean eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “albait azkarren has ditzan, 2016an, Belateko eta Almandozko tunel berriak egiteko proiektu teknikoak agintzeko beharrezkoak diren aurretiazko azterlanak osatze aldera egin beharreko zundaketa geoteknikoak”.

Azkenik, Nafarroako Gobernua premiatzen da “bere jarduna halako moduan planifika dezan non 2019an gutxienez ere hasiak egonen baitira Belateko eta Almandozko tunelak bikoizteko obrak”.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra taldeek zuzenketak aurkeztu dizkiete ebazpenaren lau idatz-zatiei , eta UPNk, ekimenaren titularrak, onetsi egin ditu.

Zioen azalpenean, UPNk bultzatu duen ebazpenak “datozen urteetan Europa barneko sareko errepideetako tunelak 2004/54/CE Zuzentarauaren betebeharretara egokitzeko betebeharra” aipatzen du, Iruñearen eta Gipuzkoako mugaren arteko N-121-Aren arriskugarritasuna azpimarratzen du, “trafiko istripu eta trafiko astun gehien dituen errepideetako bat”, eta errepide hori “hobetzen inbertsioak egiten jarraitzeko” beharrezkoa dela-eta “adostasun soziala” dagoela esan du.

Proposatu duen taldeak oroitarazi du Nafarroako Gobernuak “diru kantitate handia” inbertitu duela 1993tik lanak has zitezen, Belateko tunelaren “zailtasun orografikoak gainditzeko” eta, horren karietara, Garapen Ekonomikoko kontseilariak “errepide horri dagokionez berariazko neurriak jakitera ematerakoan” izan duen “zuhurtzia” zalantzan jarri du.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioaren argitalpena (NPAO, 17. zk., 2015-10-09koa)