Nafarroako Gobernuak ohartarazi du eraldaketa energetikoa ez dela "autokontsumo hutsez" erdietsiko
Hala erantzun dio Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati, zeinean aurrerapausoak eskatzen baitira "subiranotasun energetikorantz, energia-oligopolioarekiko morrontzatik ihes egin eta aberastasuna hobeto banatzearren"
Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Mikel Irujok esan du eraldaketa energetikoa ez dela "autokontsumo hutsez" erdietsiko, "gehiago behar baita", eta hizpidera ekarri du Nafarroako enpresa-ehundurak BPGren % 30 egiten duela. "Energia gehien kontsumitzen duen bigarren komunitatea gara Asturiasen atzetik, hango enpresa-multzoa izugarri elektrointentsiboa baita", azpimarratu du.
Parlamentuko Osoko Bilkuran subiranotasun energetikoari buruzko Podemos-Ahal Duguren interpelazio bati erantzunez, baieztatu du ezen Nafarroa erregio "aitzindaria" izan arren, berriztagarrien erabilera "zeharo eskasa" duela, "kontsumitzen dugun energiaren % 21,1 baizik ez baita berriztagarria"; eta ohartarazi du are kontsumo elektrikoan % 35ek jatorri fosilekoa izaten segitzen duela.
Kontseilariak nabarmendu duenez, "egungo sistema zikina, inefizientea eta garestia da", eta baieztatu du "hemendik 20 urtera zinezko aberraziotzat joko" dugula hori. "Zikina da erretzen segitzen dugun % 80agatik –jatorri fosileko energia izaki–; inefizientea da kanpo-merkatuarekiko izugarrizko mendekotasunean ipintzen gaituelako; eta garestia da nafar bakoitzeko gastuko hamar eurotik ia euro bat energia, petrolioa, gasa eta ikatza erostekoa delako", baieztatu du.
Kontseilariak iragarri du Nafarroako Gobernuak S3 Espezializazio Adimentsuaren Estrategia berrikusiko duela, S4 deituko dela, eta bere ardatzen artean jasangarritasuna hartuko duela. "S3 berritu horretan, eraldaketa ekologikoa ardatz transbertsal bat izanen da, eta datorren urtean hurrengo Nafarroako Energia Plana aurkeztera etorriko gara".
Gainera, neurrien artean besteak beste jakinarazi du Nafarroako Gobernuak 10,5 milioi euro bideratuko dituela enpresa handien eta ETE-enpresa txiki eta ertainen efizientzia energetikorako laguntzetara; beste 12 milioi iturri berriztagarrietako autokontsumoaren biltegiratzera; 5 milioi mugikortasun elektrikora; eta 7,5 milioi euro bioerregai aurreratuen laborategi batera.
Mikel Irujok aldarrikatu du "gizakiak 300 urtean ezagutu ez bezalako iraultza energetiko baten aurrean" gaudela, "eraldaketa ekologikoko une baten aurrean", eta "oraindik lege-hutsune asko" gelditzen direla, Espainiako Gobernuak oraindik ez duelako Europako zuzentarau batzuen transposiziorik egin.
Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteko Mikel Builek ohartarazi duenez, "ezagunak dira energia-oligopolioaren astakeriak", eta hausnartu du "aurrerapausoak ematen hasi behar" dugula "ikusteko ea nola izan gaitezkeen geu energetikoki subirano; alegia, uste dugu geure burua nolabait horni dezakegula eta modua dugula asko hobetzeko eta energiaren alorrean aberastasuna neurri handian banatzeko".
Horrela, proposatu du lan egitea gaur egungo sistema "makur"etik deskonektatzeko eta "aurrerapausoak emateko ildo batean non autonomiaz harago subiranotasunerantz bideratuko garen, erabakitzera nola nahi dugun energia ekoiztu, nola nahi dugun banatu, merkaturatu, zer preziorekin. Abagune oso aproposa daukagu; betidanik esan izan dugu Nafarroak energia alorrean ikaragarrizko potentziala daukala".
Navarra Suma talde parlamentarioko Elena Llorentek salatu du Podemosek "herritarrei gezurra esan" diela; "kanpainan agindu zuen elektrizitate-konpainiak zentzatuko zituztela eta argiaren fakturak behera eginen zuela; eta, Podemos Gobernuan dagoelarik, argiaren prezioa maximo historikoetan daukagu. Navarra Sumak energia berriztagarrien garapen jasangarria proposatzen du, zeinak Nafarroako Gobernuaren babesa behar baitu, eta araudi egonkor bati lotuta egon. Autokontsumoarekin ez dugu deskarbonizazioa 2050erako lortuko".
PSN talde parlamentarioko Javier Lecumberrik azaldu du bere alderdiak apustu egiten duela eredu baten alde, zeinak ahalbidetuko baitu "energia-iturri berriztagarrien bidez sortzea Nafarroak kanpoarekiko mendekotasun energetikorik ez izateko adina energia", elektrizitate-garraiorako azpiegiturak izanen dituena, energia-sistema nazionalaren eta europarraren barruan egonen dena, eta "herritarrei onura ekarriko diena prezioen, egonkortasunaren eta energia-biltegiratzea bermatzearen alorretan".
Mikel Asiainek (Geroa Bai talde parlamentarioa) baieztatu du beharrezkoa dela, subiranotasun energetikoa lortu ahal izateko, Nafarroak "eskumenik erabatekoenak izatea energiari dagozkion zuzenbide- eta zerga-alorrak arautzeko", eta hori gaur egun ez da betetzen. "Zailtasunak zailtasun, lanean dihardugu lorpenik handienak iristearren, erreibindikaturiko subiranotasun energetikoa erdiesteranzko ibili horretan urratsak eginez".
EH Bildu talde parlamentarioko Laura Aznal Sagastik dio egungo trantsizio energetikoko eredutik "mesedetuak enpresa handiak" direla: Autokontsumoak ez du guztia bere kasa lortuko, eta biak dira beharrezko: eredu zentralizatua eta banatze-eredua". Horrez gain, baieztatu du badagoela modua energia-subiranotasuna jorratzeko, eta adierazi du bere taldea prest dagoela horretarako akordioetara iristeko.
Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistotik, Marisa de Simónek aldarrikatu du "energia eskuratzea oinarrizko eskubidea" dela, eta "eskubide hori bermatzeko, botere publikoek modua izan beharko lukete erabakiak hartzeko eta legeak egiteko, zertaz eta bizitza sozialerako behar den energia horrentzat nahi duten kudeaketa-moduaz". Alabaina, aitortu du "Parlamentu honek edo Estatuko Gobernuak erabakiak hartzeko duten ahalmena ñimiñoa" dela, "eta, besteak beste elementu horrek, pentsarazi beharko liguke botere ekonomiko jakin batzuek gure gain zenbaterainoko neurrian erabaki dezaketen".