Nafarroako Gobernuak ohartarazi du haur eta gazteen artean ondoez emozionala eta sintoma depresiboak areagotu direla
PSNk aurkeztutako interpelazio bati emandako erantzunean adierazi du hori. PSNk osasun mentala “humanizatzeko eta duintzeko estrategia” bat proposatu du, sistemako atalik ahaztuena izateari utz diezaion
Nafarroako Gobernuko Osasuneko kontseilari Santos Induráin andreak ohartarazi duenez, "ondoez emozionalaren edo antsietate- eta depresio-sintomen" adierazpen sintomatikoak areagotzen eta larriagotzen ari dira haur gazteen eremuan.
Induráinek PSNren interpelazio bati erantzun dio kontroleko osoko bilkuran, eta honako hau adierazi du: "ez da areagotu nahasmendu mental larrienen intzidentzia, baina ikusi da areagotu eta larritu egin direla ondoez emozionalaren adierazpen sintomatikoak, antsietatearen sintomak, depresioaren sintomak, gehiegizko sexualizazioa, inpultsibitatea, narritagarritasuna, arauak urratzeko beharra, alkoholaren eta pantailen kontsumo handiagoa, elikadura-patroiaren nahastea, portaera autoagresiboak, nerabeen arteko tentsioa, jokabide bortitzak, elkar jotzeko geraldiak edo sare sozialetako exhibizionismoa".
Kontseilariak adierazi du portaera horiek “lehenago hasten direla, adinari begiratuta” eta nabarmendu du zeinen garrantzitsua den detekzio goiztiarra, portaera horiek “gazteen jokabideen patroian sustraitu ez daitezen”.
Haur eta gazteen egoerari buruz egin duen aipamena alde batera utzita, Induráinek azaldu du gobernuak departamentu arteko lantalde bat sortu duela 'COVID ostekoa Osasun Mentalean' izenaren pean. Lantalde hori Osasun Mentaleko, Oinarrizko Osasun Laguntzako, Migrazio Politiketako, Gazteriako, Hezkuntzako eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko profesionalek osatzen dute.
Indurainek adierazi duenez, lantalde horren helburua da "estrategia partekatuak garatzea, pandemia, batez ere pertsona ahulenengan, eragiten ari den ondorio emozionalei modu operatiboagoan eta eraginkorragoan aurre egiteko".
Kontseilariak azaldu duenez, beste ekintza batzuen artean, “ondoezaren kudeaketarekin zerikusia duen informazio-materiala” prestatu da. Material hori “zabalkunde-prozesuan” dago une honetan.
Gainera, Santos Induráinek azpimarratu du foru gobernua Osasun Mentalaren III. Plana garatzen ari dela, eta plan hori hainbat jarduketatan gauzatuko dela. Kontseilariak zehaztu duenez, “plan horren garapenak hiru gako dauzka oinarri: pertsonen osasuna hobetzea eta aldagarritasuna gutxitzea; osasun mentalaren sarearen baliabideak berrantolatzea, eta departamentuen eta sektoreen arteko esku-hartze komunitarioa sustatzea”.
Kontseilariak iragarri du Jokabide Suiziden Prebentzio eta Arretarako Batzordea berraktibatu dela, "erakundeen eta departamentuen arteko koordinazio eta esku-hartzearen bidez, adostutako plan eta helburuekin eta honako arlo hauetako profesionalen parte-hartzearekin: osasun mentala, oinarrizko osasun laguntza, eskubide sozialak, hezkuntza, Nafarroako Auzitegiko Medikuntzaren Institutua, autolaguntza-taldeak, Besarkada, Itxaropenaren Telefonoa, kazetariak eta Estatuko segurtasun indar eta kidegoak".
Patricia Fanlok (PSN talde parlamentarioa) baieztatu du pandemia aurreko datuekin alderatuta depresioa hirukoiztu egin dela, antsietatea lau halako dela eta trauma osteko estresa, azkenik, bost halako. “Gainera, lehendik detektatuta zeuden kasuak larriagotu eta okertu dira. Osasun mentala humanizatzeko eta duintzeko estrategia baterantz jo behar dugu. Osasun mentala, askotan, gure sistemako atalik ahaztuena izan da. Ez dezagun akatsa errepika”, ohartarazi du.
Cristina Ibarrolak (Navarra Suma talde parlamentarioa) baieztatu du ezen “legegintzaldiaren erdia gainditu dugunean, Osasun Mentalaren zuzendaritza-taldea aldatzeaz gain, aurrerapen gutxi izan dela. Bakardadeak, konfinamenduak, murrizketa sozialek eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonen jarraipen sanitarioa abandonatzeak beharrezko egin dutela osasun mentala lehenestea, baina azken bi urte hauetan, Osasun Departamentuaren aurrekontuak izan duen 166 milioiko igoeratik, 2,7 milioi baizik ez dira bideratu Osasun Mentalera. Horixe da zuen lehenesteko modua. Bi urte hauetan osasun mentaleko kontsultetarako batez besteko itxarote-denborak % 30 egin du gora. Erriberan, % 59 igo da, eta haur eta gazteen osasun mentalaren arloan % 400 baino gehiago” kritikatu du.
Ana Ansak (Geroa Bai talde parlamentarioa) baieztatu du otsailean Osasun Mentalaren Estratregiaren berrikuspen bat aurkeztu zela, non “ibilbide-orri bat” agertzen baita “aurrera egiteko ikuspegia klinikoa baino gehiago komunitarioa izateko bidean, eta Geroa Bairi iruditu zitzaion ardatz-aldaketa hori egokia zela eta Osasun Mentalaren arloan egina duen apustuarekin bat zetorrela”.
Hala eta guztiz ere, aipatu duenez, estrategia ezartzeko graduari dagokionez, aipatu du “egungo itxarote-zerrendak oso ere kezkagarriak izaten hasi direla. Pandemian mamitzen ari zen olatu isila bere indar eta gordinkeria osoarekin agertzen ari da. Zer gertatu da? Ez dugula jakin aurrea hartzen? Olatua espero zena baino askoz handiagoa zela? Arintasuna eta berehalakotasuna behar ditugu”, nabarmendu du.
Bakartxo Ruizek (EH Bildu talde parlamentarioa) aipatu duenez, “beti esan izan dugu osasun mentalari ez diogula merezi duen garrantzia eman, ezta Parlamentu honetan ere. Askotan hitz egiten dugu itxarote-zerrendei buruz edo profesionalen baldintzei buruz, eta egia da askoz ere gutxiago hitz egiten dugula osasun mentalari buruz”.
Ruizek baieztatu du, halere, ezen “pandemia hasi zenetik bai publikoki bai pribatuki nabarmendu izan dugula oinarrizko osasun laguntzaren arloko arreta psikologikoa sendotzeko beharra, eta gure ustez horretan Departamentuak huts egin du, eta hutsegite hori onartu egin behar da”.
Mikel Builek (Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkartea) Osasun Mentalaren III. Planaren garapena baloratu du, eta aipatu du “ikuspegi egokia duela”, baina zehaztu du ezin zaiola arazo horri aurre egin soil-soilik Osasun Mentalaren arlotik. “Gaixotasun mentalak generoa, adina eta klase soziala dauzka, eta motz gelditzen da hari Osasun Mentalaren arlotik aurrea hartzea. Ongizate emozionala egiten ditugun politika publiko guztien erdigunean kokatu behar dugu. Ahalegina egin beharko da kirol arloko politiketan, kultur politiketan, eskubide sozialen politiketan” berretsi du.
Ildo beretik, Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoa) baieztatu du “pandemiak eragin oso negatiboa izan duela herritarren osasunean, eta oso bereziki osasun mentalean. Arreta eta herritarren osasun mentala hobetzeko, arreta soziosanitarioa behar da; izan ere, oro har, osasun mentaleko arazoek eta, batez ere, haien larriagotzeak argi uzten dute bizi-baldintza gogorrek osasun mentala okertzen dutela".