Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Urriak 10

Nafarroako Gobernuak toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko plan bat sustatuko du

Geroa Bairen interpelazio bati erantzunez, zeinak babes plan bat eskatzen duen agindu legala bete ahal izateko

Bernardo Ciriza Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako kontseilariak azpimarratu du lau urterako plan bat martxan jarriko dela toki entitateetan administrazio elektronikoa ezartzeko, 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei zuzenduta, eta biztanle gehiago dituzten udalerrientzat ere bai, hala eskatzen badute.

 

Cirizak, Kontrolerako Osoko Bilkuran Geroa Bairen interpelazioari erantzunez, nabarmendu du “administrazioarekin internet bidez harremantzeak erreala izan behar duela epe ertainean”. Eta adierazi du “administrazio irisgarria, gardena, hurbila eta eraginkorra defendatu beharra dagoela, prozesuak errazten dituena eta isolatze digitala galarazten duena”.

 

Azaldu duenez, “arreta hobetzeko zerbitzu publikoak modernizatzea gure betebeharra da”, eta nabarmendu du “Nafarroako Gobernuaren betekizuna dela ez soilik entitateetan administrazio elektronikoa ezartzea, baizik eta prozesu horretan liderra izatea”.

 

“Atzera kontua hasi da, legeak 2020ko urrira arteko epea ezartzen du martxan jartzeko”, adierazi du Cirizak. Lehen pausua egoeraren diagnostiko bat egitea dela adierazi du, toki entitateak administrazio elektronikoaren arloan nola dauden ikusteko.

 

Behin diagnostikoa eginda, adierazi du lau urteko plan bat martxan jarriko dutela 20.000 biztanle baino gutxiago dituzten udalerriei zuzenduta, eta biztanle gehiago dituzten udalerrientzat ere bai, hala eskatzen badute.

 

Cirizak nabarmendu du diru-laguntzak emango dituztela zaharkituta dauden ekipoak berritzeko eta baita formakuntzarako ere.

 

Pablo Azconak (Geroa Bai) ohartarazi du “toki entitate gehienetan ez dela legeak eskatzen duen betebehar hori bete”, eta horretarako, Foru Gobernuaren laguntza ezinbestekoa dela deritzo.

 

Raquel Garbayok (Navarra Suma) adierazi du betebehar legalaz gain, Nafarroako Gobernuak “gai honetan ez duela maila eman”, ez baita “finantzaketarik ez konpromisorik egon”. Lehenengo neurria “Nafarroa guztian banda zabala ezartzea izan beharko litzatekela” adierazi du.

 

Virginia Magdalenok (PSN) adierazi du hamaika hilabetetan “erronka izugarria” izango dela betebehar legalak betetzea eta gehitu du toki entitateek “Nafarroako Gobernuaren babes nahikoa ez badute” egoera zaila izango dela.

 

Adolfo Araizen (EH Bildu) ustez arazoa “cultura digitalaren falta” da, eta adierazi du asko dagoela jokoan, “edozein herritar edozein administraziorekin harremantzea”, hain zuzen.

 

Ainhoa Aznárezek (Podemos-Ahal Dugu) kontseilariari adierazi dio gai honetan “ahal dutena egingo dutela” eta toki entitateak babesteko eskatu dio, “txikienak baitira Gobernuaren laguntza gehien behar dutenak”.

 

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra) gai honetan aurrera egitea “guztiz beharrezkoa” dela adierazi du, eta “asmo handiak erakusteak ez duela balio” nabarmendu ostean, toki administrazioaren digitalizazioa “betebeharra beharrean aukera izan beharko litzatekeela” azpimarratu du.