Nafarroako Gobernuak zerbitzuak hobetzeko Pirinioetako eragileekin lanean ari dela baieztatu du
EH Bilduren interpelazio bati erantzun dio, zeinak Legebiltzarrak hartutako "konpromisoa" oroitarazi duen, herritarrek oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko dituzten zailtasunek bere horretan jarraitzen dutela azpimarratuz
Nafarroako Gobernuko Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak, José María Aierdik, baieztatu du Gobernua ekialdeko Pirinioetako eragileekin lanean ari dela bertako zerbitzuak hobetzeko eta despopulazioari aurre egiteko.
"Diagnostiko partekatu batekin, Gobernuko departamentu guztiak barneratzen dituen zeharkako plan batekin eta tokiko eragileen partaidetzarekin lanean dihardugu. Mirariak ez dira existitzen, esfortzu eta ahalegin bateratuek soilik ahalbidetuko dute eskaerei eta beharrei erantzutea. Gobernu honek eskualdeko biztanleen eskaerei erantzuteko ekintzak areagotzeko borondate politikoa du", adierazi du Aierdik, EH Bilduk kontrolerako Osoko Bilkuran egindako interpelazio bati erantzunez.
Aierdik adierazi duenez, Gobernuak Pirinioetako bailaretarako duen estrategian "funtsezko" bi alderdi daude: alde batetik, departamentu guztiak barne-hartzen dituzten zeharkako politikak hartzea, eta, bestetik, tokiko eragileen parte-hartzea.
Horren harira, Pirinioetako Mahaia aktibo dagoela esan du, bertako eragileekin lanean. Gainera Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusiak Burgin eta Ariben bulego bana ireki izana azpimarratu du.
Aierdik ibar horietan martxan jarritako ekintzetako batzuk zehaztu ditu bere hitzaldian; hala, gizarte zerbitzuetan adinekoak eta mendekotasuna duten pertsonak zaintzeko erronkak lantzen direla esan du, eta, adibidez, Erronkariko eskola zaharretan belaunaldiarteko espazio bat duen eredu berritzaile bat aktibatu dela.
Era berean, Izabako farmazia berritu eta berriro ireki izana nabarmendu du, baita eremu horretako toki-entitateentzako baldintzak malgutu izana ere, berdintasun-politiketan lan egiten duten langile kualifikatuak kontratatzeko erregimen bat lortzeko aukera izan dezaten.
Eskola-eremuan, Aierdik adierazi duenez, "inguruko sei ikastetxeetarako garraioa dute bailarako 335 ikasleek, 18 ibilbide, bi autobus, hamaika mikrobus eta bost taxi, ibilbide desberdinen iraupena 35-40 minutukoa izanik. Hobetzeko ahaleginak egiten jarraitu behar dugu".
Etxebizitza arloan, Auritz, Aurizberri, Erro eta Erronkariko udalen ondare diren hamaika etxebizitza birgaitzeko lanak amaitu berri dituztela azaldu du kontseilariak. Gainera, Jaurrietan birgaitze-lanak eta Garraldan eraikuntza berriak egiten hasi dira.
Adolfo Araizek (EH Bildu) ohartarazi du bailara horietako biztanleek "zailtasunak" dituztela "herritar guztiek dituzten oinarrizko eskubideak egikaritzeko", eta gogorarazi du 2018ko azaroan Pirinioetako ponentziak onetsi zituen ondorioetan Legebiltzarrak eremu horien alde lan egiteko konpromisoa hartu zuela, eta Gobernuari etxebizitza, hezkuntza eta osasun arloan edo banda zabaleko konektibitatearen inguruan hainbat jarduketa proposatu zizkiola. Era berean, gogorarazi du legegintzaldi honetan despopulatuta dauden lurraldeei buruzko foru lege bati heltzeko aukera planteatu zela txosten horretan.
"Lanean jarraitu behar dugu, lan asko dago egiteko. Espero dezagun Gobernuak pauso sendoak ematen jarraitzea eta hor, alboan edukiko gaitu", azpimarratu du Adolfo Araizek.
Pachi Pérezek (Navarra Suma) azaldu duenez, "Pirinioak dira planeta osoan gehien aztertu, ikertu eta diagnostikatu den eremua. Eta hala ere, biztanleriak behera egiten jarraitzen du, biztanleen adina gorantz doa eta ekoizpen-jarduerak behera egiten jarraitzen du era kezkagarrian. Ikerketetan diru asko xahutu da, eta zonaldearen garapen eta inbertsioan, berriz, gutxi". Hala, gizarte zerbitzuetan, osasun arloan, hezkuntzan eta zuntz optikoan gabeziak daudela ohartarazi du.
Jorge Aguirrek (PSN) "Pirinioetako ponentziarekiko eta bertan hartutako neurriekiko konpromisoa" azaldu du. “Pirinioen egoera asko aztertu da, eta badago Pirinioentzat gauza positibo bat: UPNk ez duela gobernatzen; izan ere, Parlamentuan hitza hartzen duenean, ahaztu egiten zaizkio Gobernu-erantzukizuna izan duen urte guztiak. Zer bete zuen UPNk 2006ko Pirinioetako Planetik? Plan hartatik zerbait egin izan balitz, agian Pirinioetako egoera ez litzateke gaur egunekoa izango".
Pablo Azconak (Geroa Bai) ohartarazi duenez, "oinarrizko zerbitzuak eskuratzea herritarren eskubidea izateaz gain, erakundeen betebeharra ere bada. Horrek Gobernuaren zeharkako ekintza eskatzen du, eta azken urteotan zeharkako ikuspegi hori, landa-eremuan ekitatea bilatzekoa, Gobernuaren jardunean egon da. Gobernuak dagoeneko aipatu ditu hartzen ari diren neurrietako batzuk. Pirinioetako Planaren gakoa gobernantza deszentralizatua da, inguruko eragileei beren beharrak behetik gora plantea ditzaten uztea".
Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) adierazi duenez, "Pirinioetan bizi diren pertsonek laguntza eta plangintza handiagoa eskatu dute historikoki, ez dutelako Pirinioak jenderik gabeko postal bat izaterik nahi, ez dute jenderik gabeko paisaia eder bat nahi. Legebiltzarreko lantaldeak gure bide-orria osatzen duten ondorioak atera zituen, baina etengabeko elkarrizketa, koordinazioa, kudeaketa eta baliabideak behar ditugu".
Marisa de Simonek (I-E) adierazi duenez, "gauzak egin dira legegintzaldi honetan eta aurrekoan", baina "lantaldeak barne hartzen zituen alor guztietan aurrera egiteko beharra" azpimarratu du. Egoerak hobera egin du, baina ez nahikoa. Populazioa finkatzea da erronka, populaziorik ez badago ez baitago garapenik, eta Nafarroako populazio osoaren onurarako izango liratekeen ingurumen-, baso-, abeltzaintza-, kultura- eta turismo-baliabideak alferrik galduko ditugu ".