Nafarroako Gobernuak “etapa anitzeko” estrategia erabili nahi du STEM titulazioetan “emakume defizita berdintzeko”
Navarra Sumaren interpelazio bati erantzunez, zeinak estrategia argi bat eskatzen baitu emakumeak Foru Komunitateko garapen teknologikoan protagonista izatea lortzeko
Nafarroako Gobernuko Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilari Juan Cruz Cigudosak baieztatu du foru gobernua lanean ari dela "emakumeen bokazioak sustatzeko" STEM izeneko titulazioetan (Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika), eta "etapa anitzeko" estrategia baten alde egin du, titulazio horietan "emakume defizita" berdintzeko, hezkuntzako etapa guztietan "ekintza zehatzak" antolatuta.
Navarra suma taldeak Kontroleko Osoko Bilkuran interpelazioa egin du emakumeak STEM izeneko titulazioetan sartzea sustatzeko neurriei buruz, eta, horri erantzunez, kontseilariak nabarmendu du bere departamentuaren "lehen helburuetakoa" dela "emakumezko profilen defizit horren kontra borrokatzea" gisa horretako karreretan.
Ildo horretan "2017 eta 2022 bitartean 390.000tik gora lanpostuk izanen dute zerikusia teknologiarekin", zehaztu du. Horregatik, "asko axola zaigu neska gazteen interesa erakartzea mota honetako unibertsitate prestakuntzara. Zehazki, zientziaren eta teknologiaren alorretan izanen da enplegu gehien, eta garrantzitsua da, beraz, emakumeek lanpostu horiek eskuratu ahal izatea ekitatearekin", azpimarratu du.
Cigudosak azaldu duenez, "garrantzizkoa da erreferenteen eragina areagotzea hezkuntzako lehen etapetan", zeren eta Nafarroan azken 10 urteetan Zientzia eta Teknologiako Batxilergoa hautatu duten nesken portzentajea % 9 eta % 12 artean baitago, eta mutilek, berriz,% 35-40ko portzentajea baitute.
Hala, Batxilergoko modalitate horretan mutilak hiru aldiz gehiago direla nabarmendu du kontseilariak, eta horrek unibertsitatearen esparruan "gerora eboluzio jakin bat" eragiten duela azpimarratu du. Esan duenez, NUPeko Industria, Informatika eta Telekomunikazio Ingeniaritzako Goi Mailako Eskola Teknikoan "nesken matrikulek ez dute % 20tik gora egiten, salbuespen bakarrarekin: Ingeniaritza Biomedikoan emakumezkoak % 70 dira".
Hori guztia dela eta, kontseilariak apustu egin du "zientzian estereotipoak ezabatzearen alde, eraginkortasunez ezabatu ere", eta baieztatu du foru gobernua "prozesu horretan engaiatuta" dagoela. "Baditugu ekintza zehatzak Lehen eta Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Unibertsitatean, eta gure departamentuaren asmo horrek ez du atzera bueltarik", esan du.
Abian diren ekintzei buruz, Iruñeko Planetarioak antolatu eta gobernuak finantzatutako 'STEM planeta' programa aipatu du Cigudosak, besteak beste. Programa horren helburua da zientzia eta teknologiaren zabalkundea egitea, bereziki 8 eta 16 urte arteko ikasleei begira, arreta berezia jarriz emakumezko publikoari.
Foru gobernuak eta NUPek emakumezkoen STEM bokazioak sustatzeko egindako hitzarmena ere nabarmendu du. Iragan ekainaren 4an sinatu zen, eta 25.000 euro jartzen ditu horrelako titulazioak Bigarren Hezkuntzan sustatzeko, txosten, lantegi eta solasaldien bitartez. Cigudosak aurreratu duenez, datorren urterako zenbatekoa 44.000 euro ingurura igoko da.
Elena Llorenteren (Navarra Suma) hitzetan, "ezin dugu onartu emakumea arlo asistentzialera baztertuta uztea, hainbeste denbora kostata laburtu dugun genero arrakala berriro zabalduz". Eta hau aldarrikatu du: "Emakumea Nafarroako garapen teknologikoan protagonista izatea lortu behar dugu".
Erakundeek "askoz gehiago" egin behar dutela adierazi du, eta "estrategia argia" eskatu du "emakumeek eraldaketa teknologikoa gida dezaten. Arlo horretan, beste batzuetan bezala, berandu gabiltza", esan du Llorentek. Haren iritziz, "ez da nahikoa unibertsitatearen esparruan ekinbideak sustatzea, gaztetxotan heldu behar baitzaio arazoari". Hori dela eta, eskua luzatu du arlo horretan elkarlanean aritzeko.
Ainhoa Aznarezek (Podemos-Ahal Dugu) ohartarazi duenez, "alderdi askori dagokionez berandu gabiltza" genero arrakala murrizteko. Arlo horretan aurrera egiteko "egitura-aldaketa bat behar dugu". Horren harira, Skolae programa "txikitatik lantzeko pilula ona" dela esan du, neskatoen artean bokazio zientifikoak sustatzeko.
Marisa de Simonek (Izquierda-Ezkerra) adierazi duenez, "agerikoa da genero arrakala oso garrantzitsua dagoela STE ikasketetan, baina ez da Navarra Sumako bozeramaileak zioen bezain izugarria, badirudi beste ikasketa batzuek balio gutxiago dutela".