Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 29

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 68. artikulua aldatzen duen Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2021eko apirilaren 29an

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaurkoan onetsi du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek emandako aldeko botoarekin eta Navarra Sumak emandako aurkakoarekin, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeko 68. artikulua aldatzen duen Foru Legea.

 

PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek bultzatutako Legearen xedea da 68. artikuluaren –Ustelkeria delituengatik ikertutakoak–aurreko idazkeratik eratorritako “interpretazio-arazoak” konpontzea, “pertsona bat ikertutzat zer unetan hartzen den argi eta garbi arautzen ez denez”, kargutik kentzea edo karguari uko egitea “zigor-arloko prozesuaren une argi bati lotzeko”; izan ere, une hori “ahozko epaiketa ireki dela edo kautelazko espetxeratze-neurria hartu dela jakinarazteari” dagokiona da.

 

68. artikuluaren idazkera berriak borondatez uko egiteko edo kargutik kentzeko betebeharra ezartzen du, ahozko epaiketa ireki dela edo espetxeratzearen behin-behineko kautela-neurria hartu dela jakinarazi eta hurrengo hiru egun naturaletan, Zigor Kodean aurreikusitako Administrazio Publikoaren aurkako delituren bat ustez egiteagatik. Une horretan, ulertzen da goi-kargudunak edo izendapen askeko langileak karguan jarraitzea “bateraezina dela herritarrei printzipio etikoen indarraz eta instituzioen ospe ona babesteko beharraz eman behar zaien konfiantzarekin”.

 

“Erakundeen prestigioa zaintzeko” azken betebeharra izendapena egin zuen pertsonaren esku uzten da, eta pertsona hori arduratuko da kargutik kentzeaz, baldin eta aipatutako pertsonak uko egiten badio “berehala”, prozesuaren egoeraren berri izan ondoren.

 

Zioen azalpenean, proposamena egin duten taldeek 1/2015 Lege Organikoa aipatzen dute, zeinaren bidez inputatuaren figura kendu baitzen Zigor Kodetik, eta “segurtasun juridikoko” eta “herritarren konfiantzako” arrazoiak aipatzen dituzte aldaketa justifikatzeko; hain zuzen ere, aldaketak zuzentzen ditu legearen aurreko idazkerak pertsonari eskubideak jakinarazten zitzaizkion unean eragiten zizkion ondorio negatiboak”.

 

Esparru horretan, ikusten da inputatu terminoa ikertu terminoarekin ordezkatzeak parekatu ezin diren egoerak dakartzala, bigarren termino hori bitan banatu dela iritzita: ikertu terminoa, zeinak “delitu batekin duen erlazioagatik ikerketapean dagoen pertsona identifikatzen baitu”; eta auzipetu terminoa, zeinak, oro har, “kausaren instrukzioa amaitu ostean, agintaritza judizialak delitu-egitate jakin batean parte hartu izana formalki egozten dion pertsona izendatuko du”.

 

Navarra Sumak, bere aldetik, uste du arauaren aldaketa “aurreko Gobernuko goi-kargudun baten eta lankidetzan aritu ahal izan den besteren baten interes partikularraren” ondorio dela. Hori da, hain zuzen ere, arauaren interes zehatza, sustatzaileei lotsatu beharko litzaiekeen bidegabekeria bat.

 

Irakurketa bakarrean onetsi da Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 68. artikulua aldatzen duen Foru Legea. NAOn argitaratu eta biharamunean sartuko da indarrean. Gehiengo osoa eskatzen duen legea da.