Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Maiatzak 30

Nafarroako Gobernuari herritarren segurtasuna azter zezan eskatzen zion mozioa baztertu da

Voxek kriminalitate-tasaren igoerari buruz egindako adierazpenek eta gai honen analisirako Batzorde Berezi bat sortzeko eskaerak ez dute gehiengoaren babesik lortu Parlamentuan

Parlamentuaren Osoko Bilkurak mozio bat baztertu du PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta UPNren, PPNren, Voxen aldeko botoekin. Mozioak Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “Nafarroako herritarren segurtasunari buruzko azterlan bat egin dezan, Nafarroan kriminalitatearen gorakadari eta horren kausei lotua, eta gehienez ere 3 hilabeteko epean Legebiltzarrera ekar dezan”.

 

Zehazten zenez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Batzordea izanen zen mozioaren jarraipena egiteaz arduratuko zena.

 

Zioen azalpenean, Vox parlamentari elkarteak bultzatutako mozioak herritarren segurtasunaren garrantzia haztatzen zuen, "demokrazian bizikidetzaren oinarrizko zutabea den aldetik, eskubide eta askatasunen erabateko egikaritza bermatzeko". Helburu hori kriminalitate-tasaren bilakaerak mehatxatuta egon daitekeela uste du, "delitu mota guztietan gorantz egiten baitu".

 

Ildo horretan, adierzten zenez, droga-trafikoagatiko delituak % 42,9 igo ziren eta sexu-askatasunaren aurkako delituak % 7. Halaber, % 12,5 igo da lesio eta liskar nahaspilatsuen delitu astun eta ez hain astunen kopurua, eta % 16,3 gainerako kriminalitate konbentzionalaren kopurua. Horregatik, eztabaida "ireki” baten beharra planteatzen zen, "Foru Erkidegoan herritarren segurtasunerako benetako politika" bat definitzearen inguruan.

 

Horretarako, batzorde berezi bat sortzearen alde egiten zen, "kriminalitatearen gorakadaren atzean dauden balizko kausak aztertzeko eta joera hori iraultzera bideratutako jarduketak aztertzeko, polizia-agenteen kopuruaren azterketa eta gainerako baliabide tekniko eta giza baliabide erabilgarriekin duten koordinazioaren azterketa barne".