Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Irailak 19

Nafarroako Gobernuari inbertsio finantziarioki jasangarriak egiteko 25 milioiko kreditu berezia eskatzen dion ebazpena onetsi da

10/2019 Errege Lege-dekretuak autonomia erkidegoen superabita inbertsio finantzarioki jasangarrietarako erabiltzea ahalbidetzen duela arrazoitu dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren eta PSNren abstentzioekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “Legebiltzar honi foru lege proiektu bat igor diezaion hilabeteko epean, zeinaren bidez 25.000.000 euroko kreditu berezia emanen baita 2019ko gastu-aurrekontuan, urriaren 10eko 19/2018 Foru Legean aurreikusi bai baina oraindik exekutatu ez diren inbertsio finantzarioki jasangarriak egiteko”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean Foru Exekutiboari eskatzen dio “kreditu berezi hori finantzatua izan dadin gastu orokorretarako diruzaintzako gerakinaren partidaren kargura, non jasoko den 2018ko ekitaldiko superabitaren zenbatekoa”.

 

Zioen azalpenean, EH Bildu talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak dio 19/2018 Foru Legea, zeinaren bidez Inbertsio Finantzarioki Jasangarriei buruzko Plana onetsi zen, indarrean dagoela, eta 26/2918 Foru Legearen bidez emandako 35.546.085 euroko kreditu bereziak aurreikusitako jarduketa batzuk biltzen zituela. Hortaz, sustatzailearen arabera, “autonomia erkidegoek superabita inbertsio finantziarioki jasangarrietan erabiltzeko eskatutako baldintzak betetzen dira (112 milioi 2018an) eta, 10/2019 Errege Lege-Dekretuak hala zehazten duenaren arabera, 25 milioiko kreditu berezia eskatzea zilegi da”.