Noiz argitaratua Osteguna, 2016.eko Azaroak 17

Nafarroako Gobernuari obra publikoetarako urte anitzeko inbertsio plan bat aurkezteko eskatzen zion mozioa baztertu da

Parlamentuak ez du bere egin UPNren planteamendua, zeinak salatzen baitzuen lizitazioen murrizketak jarduera publikoa geldiarazi duela ekonomiaren trakzio-eragile gisa

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur atzera bota du, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, Nafarroako Gobernuari honako hau eskatzen zion mozioa: “Herri lanei buruzko inbertsio-politika birpentsa dezan, eta urte anitzeko inbertsio-plan bat aztertu eta heldu den urtean Legebiltzar honi aurkez diezaion, helburutzat harturik Nafarroako Foru Administraziorako herri lanetarako inbertsioan hazkunde jarraitu bat lortzea, gure erkidegoko ondarea era egokiagoan zaintzeko eta hobetzeko kopuru arrazoizko eta beharrezkoetara hurbilduta”.

Baztertutako mozioaren bigarren puntuan eskatzen zenez, herri lanetarako inbertsio-plan horretan, “ahal den neurrian”, zenbatekoen % 50 inguru bideratu behar zen “ahalik eta jarduketa kopuru handiena garatzera, lurraldean zeharreko banaketa orekatu baten irizpidearekin, horrela tokiko enpresa txiki eta ertainetatik ahalik eta gehienak aurkez daitezen errazte aldera”.

Bestalde, hirugarren atalean Foru Gobernuari eskatzen zitzaion “urte anitzeko inbertsio-plana Nafarroako udal eta toki erakunde guztiekin koordinatuta egiteko, haiekin batera lehentasunen hurrenkera ezartzeko eta egin daitekeen gastu publikoa arrazionalizatzeko, parte-hartze prozesua batera landuz”. Hirugarren atal hori gehitzeko zuzenketa aurkeztu du PSN parlamentu-taldeak, eta ekimenaren titularrak, UPN parlamentu-taldeak, onartu egin dio.

UPN parlamentu-taldeak sustatutako mozioaren zioen azalpenean, eraikuntza-enpresa handiak biltzen dituen Seopan patronalaren azterlan bat aipatzen da; horren arabera, herri lanen lizitazioaren murrizketari erreparatuta Nafarroa bigarren erkidegoa da nazio osoan. “Datu ezin okerragoa da, jarduera publikoa ekonomiaren trakzio-eragile gisa geldiarazi egin dela agertzen duen heinean, eta horrek guztiak eragina du toki enpresetan eta haiek mantentzen duten enpleguan”.

Proposatzailearen esanetan, arlo ekonomikotik kanpo ere halako murrizketa handiaren eragina ondare publikora hedatzen da: “eraikinak, instalazioak edo errepideak izan, ondare publikoa hondatuz doa zainketa faltagatik eta berritzeko edo aldatzeko jarduketarik ezagatik”.

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Mozioa (111. NPAO, 2016-09-30ekoa)