Noiz argitaratua Osteguna, 2025.eko Irailak 18

Nafarroako Gobernuari zergak eta beste tributu-neurri batzuk jaisteko eskatzen zion mozioa atzera bota dute

35.663 eurotik beherako errenten zerga-karga arintzeko eta lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoak edo txikiagoak direnean aitorpena egiteko betebeharra kentzeko PPNk sustatu duen proposamena baztertu da

Parlamentuaren osoko bilkurak mozio bat baztertu du gaur UPNren, PSNren, EH Bilduren, Geroa Bairen eta Contigo-Zurekinen aurkako botoekin eta PPNren, Talde Mistoaren eta atxiki gabeko parlamentariaren aldekoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baitzen zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzko foru-lege proiektuari begira 2026rako egin beharreko proposamenak jaso zezan, batetik, “aitorpena egiteko betebeharra kentzea laneko etekinak lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoak edo txikiagoak direnean”, eta bestetik, “35.663 eurotik beherako likidazio-oinarrietarako karga-tasak murriztea”.

 

UPNk ordezteko-zuzenketa bat aurkeztu du, PPNk, ekimenaren titularrak, onartu ez duena, PPNk proposatu duen zerga-politikaren erreforma partzial baten ordez erreforma "egiturazkoa eta osoa" ezartzeko eta, hala, Nafarroako herritarren eta enpresen egungo egoera iraultzeko, "gainerako espainiarrekin alderatuta egoera okerragoan baitaude".

 

Zioen azalpenean, PPN TPak aurkeztu duen mozioak kontrajarri egiten du Nafarroako Gobernuak azken hamar urteetan zerga-bilketan izan duen igoera, " % 97,6ra arte" (2.346.750.710 euro 2025ean), "familia askok hilaren amaierara iristeko dituzten zailtasunekin", eta aipamen berezia egiten die lanbide arteko gutxieneko soldataren parekoak edo txikiagoak diren errentei, "zergak ordaintzetik salbuetsita baitaude gainerako erkidegoetan".