Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna dela eta Nafarroako ijitoen elkarteei harrera ofiziala egin die Parlamentuak
Unai Hualdek ijitoen kulturaren balioak azpimarratu ditu eta desberdinkeriaren eta gizarte-bazterketaren adierazpen guztiekin amaitzeko erakundeak duen konpromisoa berretsi du
Nafarroako Ijito Komunitatearen Eguna dela eta, Nafarroako ijitoen elkarteei harrera ofiziala egin die gaur Nafarroako Parlamentuak. “Garrantzi handiko” efemeridea da, 2007an izendatutakoa, “1435eko apirilaren 27an sartu baitziren lehenbiziko aldiz ijitoak Nafarroako lurretan, Artxibo Nagusian gordeta dagoen aztarna dokumental batek erakusten duenez”.
Hala adierazi du Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, "ijitoen kulturaren berezko balioak, hala nola elkartasuna, familia, tradizioa eta askatasuna, bistaratzeko" egin den ekitaldiaren irekieran. “Foru Erkidegoan mendeetako presentzia duen aktibo bat dira, oraindik ere diskriminazio kasuak pairatzen dituztenak".
Ildo horretan, lehendakariak Crisis de la Covid-19: Impacto en casas de la comunidad gitana azterlana aipatu du, bertan aipatzen baitira "enpleguaren, hezkuntzaren edo osasunaren arloetan antzemandako desberdintasunak”, eta hori dela eta, Legebiltzarrak gizarte-bazterketako egoera guztiekin amaitzeko hartutako konpromisoa berretsi du.
"Iaz ospatu ezin izan genuen ospakizun garrantzitsu bat berreskuratzeagatik" poza agertu du Hualdek. “Eskerrik asko gaur hemen, zuen etxean, egoteagatik".
José Jiménezek, Gaz Kalo Nafarroako Ijitoen Elkarteen Federazioko presidenteak, eskerrak eman dizkio Nafarroako Parlamentuari, eta "elkarrizketatik eta konpromisotik abiatuta, bi kulturak aberasteko" eskatu du, “hori baita ijitoengan pentsatuz ere legeak egiteko behar dena". “Pribilegio bat da hemen egotea, eta pozgarria da, 700 urte geroago, gure sustraiek Nafarroan irautea".
Ildo beretik, María Jesús Clavería Ijito Pastoraltzako ordezkariak "ijito izateaz harro" dagoela adierazi du, "erromes gisa etorri ginen eta dagoeneko parte garen lurralde honetan".
Ekitaldian izan dira, besteak beste, Yolanda Ibáñez, bigarren lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin, lehen idazkaria, Maiorga Ramirez, bigarren idazkaria, Ramon Alzorriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Patricia Perales (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simon (I-E).
Harreran parte hartu duten Nafarroako ijitoen elkarteen zerrenda honako hau da: Gaz Kalo Federazioa, Fundación Secretariado Gitano, Pastoral Gitana, La Majarí eta La casa de Sabicas.