Noiz argitaratua Asteartea, 2020.eko Abenduak 22

Nafarroako IV. Gazte Parlamentua abenduaren 28an bilduko da lehen aldiz Osoko bilkuren aretoan

Nafarroako Parlamentuak eztabaidetan eta proposamen interesgarriak egiteko lanetan gazteen parte hartzea sustatuko duela berretsi du Unai Hualdek

Nafarroako IV. Gazte Parlamentuak abenduaren 28an ospatuko du bere lehenengo bilkura, pasa den urriaren 5 eta 11 bitartean egindako hauteskundeen ondoren azaroaren 19an telematikoki eratu zenetik.

 

Garat Gaztelu lehendakariak zuzenduko ditu lehen topaketa honetako lanak. Osoko bilkura baino, lehenengo hartu-eman gisa balioko du bilkurak. Aurkezpenak eta talde dinamikak izanen dira nagusi, eta 30 hautetsiak Ganberaren egoitzako Osoko Bilkuren aretoan sartzen diren lehen aldia izanen da.

 

Hala erabaki zuten iragan egunetan Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, eta Garat Gazteluk, IV. Gazte Parlamentuko presidenteak, urtea amaitu baino lehen Gazte Parlamentua martxan jartzeko eskaera izapidetzeko izan zuten bileran, egoera epidemiologikoari lotutako neurrien ondoriozko atzerapenak direla eta.

 

Bilkura hartara Garat Gaztelu Xabi Gartzia lehendakari ohiarekin eta Juan Segundo Gutiérrez Nafarroako Gazteriaren Kontseiluko presidentearekin batera joan zen, eta kargua hartu berri duen lehendakariak "gazteen beharrak eta interesak politika publikoen erdigunean kokatzeko lanean jarraitzeko borondatea" adierazi zion Unai Hualderi.

 

Unai Hualdek Nafarroako Parlamentua herritarren parte-hartzea sustatzen lagunduko duten espazioak eta babesak eskaintzen jarraitzeko prest dagoela berretsi zuen, kasu honetan gazteak eztabaidarako eta proposamen interesgarriak egiteko zereginetan inplikatzea ahalbidetuz.

 

Ildo horretan, Hualdek urtarrilaren 29an Parlamentuak eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluak sinatutako hitzarma gogorarazi zuen, izan ere, hitzarmen horretan, besteak beste, azterketa- eta analisi-jardueren sustapena jasotzen baita.

 

Gazte Parlamentua eztabaida eta parte-hartze politikorako foroa da, gazteek pairatzen dituzten egiturazko arazoei aurre egiteko sortua. “Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publiko eta Barneko Batzordearen bitartez lanean eta proposamenak helarazten jarraituko dugu”.

 

Apirilaren 18ko 110/1986 Foru Dekretuaren bidez sortu zen Nafarroako Gazteriaren Kontseilua (CJN-NGK), Nafarroako gazteriaren ordezkaritza-organo nagusia, eta haren helburua da Nafarroako gazteria osatzen duten pertsona eta elkarteen parte-hartzea sustatzea Erkidegoko garapen politiko, sozial, ekonomiko eta kulturalean.