Noiz argitaratua Ostirala, 2022.eko Abenduak 2

Nafarroako Jarduera Ekonomikoko Lehen Sektoreak Nafarroako Parlamentuaren Domina jaso du

Egitura-zailtasunak izan arren, Nafarroaren jasangarritasunari eta kohesio sozioekonomikoari ekarpena egiten dion sektore honen garrantzia azpimarratu du Unai Hualdek

Nafarroako Jarduera Ekonomikoko Lehen Sektoreak Nafarroako Parlamentuaren Domina jaso du gaur eguerdian osoko bilkuren aretoan. Unai Hualdek adierazi duenez, hainbat kooperatibak, jatorri-deiturak eta nekazaritza- eta abeltzaintza-erakundek osatutako sektore honen etorkizunaren mende dago, neurri handi batean, “lurraldearen egituratze sozioekonomikoa”, eta nahiz eta “egoeraren araberako eta egiturazko zailtasunak” izan, lurraldearen garapen jasangarriari ekarpen “izugarria” egiten diote.

 

Foru legebiltzarrak ematen duen sari gorena da, eta aitortza horrekin, berariaz onetsi den adierazpen instituzionalean azaltzen denez, lehen sektorean lan egiten duten pertsona eta erakunde guztien ibilbidea saritzen du, Adierazpen Geografiko Babestuak barne, horiek ere funtsezkoak baitira Foru Komunitatearen lurralde-egituraketarako eta ekonomiarako.

 

Ekitaldia 2022ko Nafarroaren Egunaren inguruan prestatutako jarduera programaren barnean antolatu da, eta han izan dira, besteak beste, María Chivite Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Itziar Gómez Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Patxi Vera Arartekoa, Koldo Martínez senatari autonomikoa, Alberto Catalán eta Toni Magdaleno senatariak,Parlamentuko Mahaiko kideak eta Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bilduko parlamentariak.

 

Unai Hualdek pandemiak markatutako legealdiaren nondik norakoak errepasatzen hasi du bere hitzaldia, eta, alde positiboan, osasungintzakoak edo nekazaritza eta abeltzaintzakoak bezalako sektore batzuen jardunaren berri eman du, “ezinbestekoak” izan direnak zailtasun bereziko testuinguru batean, baita maila geopolitikoan ere.

 

“Gure aitortza instituzionala merezi duzue gaur, nahiz eta arazo koiunturalak eta egiturazko erronkak izan, ezinbestekoa den lanaren aldeko apustua egiten jarraitzen duzuelako. Gure nekazaritzari eta abeltzaintzari ondo baldin badoakio, gure ekonomiari ere bai, eta hortik dator Landa Garapeneko Departamentuak erronka horiei elkarrizketaren bidez heltzeko egin duen ahalegina. Likidezia emateko eta afekzioen inpaktua murrizteko laguntzak kudeatu dira, lurraldea egiten duen, despopulazioa geldiarazten duen eta hazkunde jasangarria bultzatzen duen sektorea babesteko”.

 

Horrela, “tokiko produktuak kontsumitzeko” deia egin ondoren, eta “banaketaren tiraniarekin amaitzeko” eta inflazio-espiralaren ondorioak mugatzeko lanean jarraitzeko deia egin ondoren, presidenteak onartu du esparru desberdinetan lan egiten jarraitu behar dela, Europatik, Estatutik edo Nafarroatik, “sektoreak elikadura-kate osoan dituen eskaerei erantzuteko. Lehen sektorearen egoera hobetzeko ahalegina ukaezina da. Ukaezina da gure Jatorri-Deiturak, Adierazpen Geografiko Babestuak eta, azken batean, gure hurbileko elikagaiak erreferente izan direla eta izaten jarraitzen dutela”.

 

Unai Hualdek, amaitzeko, eskerrak eman dizkie “Nafarroako Parlamentuaren ekitaldi honetan parte hartu duzuen guztiei”, eta aipamen berezia egin die “gaur hain merezita saritzen dugun sektorean bizitzeko eta lan egiteko abenturari ekiten diozuen gazteei. Zorionak landagatik eta Nafarroagatik egiten duzuen lanagatik”.

 

Jarraian, Juan Luis Sánchez de Muniáin, Parlamentuko Mahaiko lehen idazkariak eta Maiorga Ramírez, Mahaiko bigarren idazkariak pasa den azaroaren 24an Eledunen Batzarrak aho batez onetsitako adierazpen instituzionala irakurri dute, zeinaren bidez Legebiltzarrak Nafarroako Jarduera Ekonomikoko Lehen Sektorean diharduten duten pertsonen lana omentzen duen.

 

Era berean, Mahaiak aho batez Nafarroako Parlamentuaren Domina Nafarroako Jarduera Ekonomikoko Lehen Sektoreari ematea erabakitzen duen dokumentua ere irakurri dute.

 

Ondoren, Unai Hualdek domina eta erabakiaren eta adierazpen instituzionalaren testuak eman dizkie sektorearen ordezkari Enrique Erice eta Itxaso Iriarteri.

 

Saria jaso ondoren, Enrique Ericek eta Itxaso Iriartek, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Kooperatiben Batasuneko (UCAN) kideek, saria eskertu dute, nahiz eta “penagarritzat” jo duten pandemia bat pasa behar izana berebiziko garrantzia duen jarduera baten garrantzia publikoki baloratzeko eta aitortzeko.

 

“Nekazariak eta abeltzainak sektore konplexu baten zatirik garrantzitsuena gara, engranajeko beste leku batzuetan hartzen diren erabakiak pairatzen dituena, gehienetan hurbiltasunik eta aitortzarik gabekoak. Gurpil nagusiak gara, nahiz eta azken aldian katearen azken kate-maila garela dirudien. Karga burokratikoak, araudi debekatzaileak, itolarri fiskala, sektorearen kriminalizazio gero eta handiagoa. Iritsiko da une bat non eskakizun eta murrizketa horiek guztiek geldiaraziko gaituzten, eta dena berriro martxan jartzea ez da traktore bat abiaraztea bezain erraza izango”.

 

Erice eta Iriartek, azkenik, “kooperatiben eta sektoreko erakundeen iritzia eta ezagutza kontuan hartzeko eskatu dute; hobe da adostasunik gabe jardutea baino, gero ondorioak baztertu edo deitoratzeko. Memoria laburra da, baina gurpil nagusia gara. Gure jarduerak uneren batean huts egiten badu, konponbide zaileko arazoak izango ditugu. Nolanahi ere, gaurkoan lehen sektoreari balioa ematea pozgarria da; izan ere, Foru Erkidegoaren motor ekonomikoetako bat gara, nortasun-ikur bat. Eskerrik asko”.

 

Nafarroako Gobernuko Tronpeten eta Tinbalen Bandak ekitaldia musikaz lagundu du, eta Nafarroako Ereserkia (hasieran) eta sonatina (amaieran) interpretatu ditu. Lorena Jiménezek ere parte hartu du, Joseba Montesinosek gitarraz lagunduta jota bat interpretatuz.

 

Lehen sektorearen ordezkaritzaren buru izan dira José María Martínez (UCANeko lehendakaria), Esther Burgui (lehendakariordea), Eva Aoiz (Zuzendari gerentea), Enrique Erice (nekazaria eta UCANeko kidea), Itxaso Iriarte (abeltzaina eta UCANeko kidea), Félix Bariáin (UAGNko lehendakaria), Fermín Gorraiz (EHNEko lehendakaria), Jesús Larralde (Nafarroako Ardi Hazleen eta Hautatzaileen Elkarteko Batzordeko idazkaria), Diego Galilea (ALINAReko zuzendari nagusia), Carlos Oroz (Nafarroako Pirinioetako Behi Hazleen Elkartea), Andrés Planillo (Nafarroako Frison Behi Hazleen Elkarteko presidentea), Miguel Andueza (ASCANA) eta Liborio Oficialdegui (Txerri-azienda Ekoizleen Elkarte Nazionala).

 

Jatorri Deituren Kontseiluetatik honako hauek bertaratu dira: Lorenzo Sarratea (Erronkari Jatorri Deitura), Mirian Otxotorena (Nafarroako Nekazaritza Ekoizpen Ekologikoaren Kontseiluko presidentea), Maider Martinez (Idiazabal Jatorri Deiturako presidentea), José Mari Ustarroz (Idiazabal Jatorri Deitura) eta David Palacios (Nafarroako Jatorri Deituraren Kontseilu Arautzaileko presidentea).

 

Beste ordezkari batzuk, lehen sektore ekonomikoarekin lotura handia dutenak, Juanma Garro (Lacturale enpresako presidentea) edo Félix Chueca (Nafarroako Ubideko ureztatzaileen erkidegoa) izan dira.

 

Nafarroako Parlamentuaren Urrezko Domina jaso dutenen zerrenda honakoa da:

 

Juan Carlos I, Espainiako Erregea (1988), Víctor Manuel Arbeloa, Foru Parlamentuko Lehendakaria (1989), Balbino Bados, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria I. legegintzaldian (1989), Javier Gómara, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria II. legegintzaldian (1991), Javier Otano, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria III. legegintzaldian (1995), María Dolores Eguren, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria IV. legegintzaldian (1999), José Luis Castejón, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria V. legegintzaldian (2003), Rafael Gurrea, Nafarroako Parlamentuko lehendakaria VI. legegintzaldian (2008), Eukaltzaindia-Real Academia de la Lengua Vasca (2019), C.A. Osasuna (2020), Gizarte Entitateen Plataforma (2021).