Nafarroako Komunitateko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuei eustea bermatzen duen Foru Legea
Osoko bilkuran onetsia. 2022ko maiatzaren 12an
Parlamentuaren osoko bilkurak onetsi du gaur, Navarra Sumaren eta Geroa Bairen aldeko botoekin eta PSNren, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkakoekin, Nafarroako Komunitateko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuei eustea bermatzen duen Foru Legea.
Navarra Sumak bultzatutako legearen xedea da lan-kontratu mugagabea duten erlijioko irakasleen lanpostuei eustea (145), Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa (LOMLOE) aldatzen duen abenduaren 29ko 3/2020 Lege Organikoa aplikatzearen ondorioz irakasgaiaren ordutegi-beharretan gertatzen diren aldaketen aurreko baldintzetan.
2022/23 ikasturtetik aurrera erlijio-klaseak LOMLOEk ezartzen duen gutxienekora murriztuko direla aurreikusten denez, arau honekin lanpostuak galtzea eta lanaldiak murriztea saihestu nahi da Aurreikuspenen arabera, 29 irakasle soberan egonen dira, eta 2023/24an beste 27.
Zioen azalpenean adierazten denez, lan-kontratu mugagabearekin Haur Hezkuntzan, Lehen Hezkuntzan, Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoan erlijioa ematen duten langile horiek, kasu askotan, erretirotik gertu daude. Arau aldaketak direla eta eskola-karga murriztearen ondorioz, urteetan zehar eskuratutako eskubideak ez murrizteko lan egin behar dela argudiatzen da.
Planteamendu horren aurrean, PSN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E ez datoz bat legearen “funtsarekin eta formarekin”, eta ez daude ados lege proiektua presaz izapidetu izanarekin, “Nafarroako Kontseiluari eskatutako irizpenak aztertzeko denbora gabe”.
Gainera, irizpenaren ondorioak bere egin dituzte. Irizpen horren arabera, “proposamena ez dator bat indarrean dagoen legeriarekin, zehazki 696/2007 Errege Dekretuaren 4.2 artikuluarekin, erlijioko irakasleen lan-harremana arautzen duena; izan ere, artikulu horrek ezartzen du hezkuntza-agintariek erabakiko dutela beren kontratuak lanaldi osokoak edo partzialekoak diren, beharren eta plangintzaren arabera; eta LOMLOE legearekin ere ez dator bat, erlijioko eskola-orduak murrizten baititu”.
Osoko Bilkuran egindako eztabaidan, Navarra Sumak eta Geroa Baik aurkeztutako in voce zuzenketa bat eztabaidatu eta onartu da. Zuzenketa horretan berretsi egiten da” hezkuntza-administrazioak ahalmena duela irakasle horien irakaskuntza-jarduera antolatzeko, egungo lanpostuei eta destinoari dagokienez”. PSNk, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek zuzenketaren aurka bozkatu dute.
Izapidetzeko onetsi ondoren, Nafarroako Komunitateko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuei eustea bermatzen duen Foru Legea martxoaren 31n aintzat hartu zen. Epe barruan zuzenketarik aurkeztu ez denez, lege-proposamena zuzenean itzuli da Osoko Bilkurara, Hezkuntza Batzordean aldez aurretik irizpena eman beharrik gabe.
Nafarroako Komunitateko ikastetxe publikoetan erlijioko irakasleen lanpostuei eustea bermatzen duen Foru Legeak NAOn argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Foru Lege proposamena (26. NPAO, 2022-02-25ekoa)