Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea
Osoko Bilkuran onetsia. 2018ko apirilaren 12an
Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Kontratu Publikoei buruzko Foru Legea onetsi du gaur Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin. Ordenamendu juridiko nafarra Europako kontratazio egoerara moldatzeko helburuarekin sortutako Ponentziak burututako txostena biltzen du testuak, tekniko eta ordezkari sozial eta sindikalen kolaborazioarekin egina.
Abiapuntu gisa, Gobernuak Parlamentuari (2017ko irailean) bidalitako Nafarroako Kontratu Publikoen Lege Proiektua izan du Ponentziak, eta horri 204 zuzenketa partzialak gehitu zaizkio.
Foru Legearen xedea da ordenamendu juridiko nafarra Europako kontratazio egoerara moldatzea, Europa Estrategia 2020rekin bat etorriz, enplegu, produktibitate eta lotura soziala sortuko dituen garapen ekonomikorako eredu bat sustatzeko, baita funts publikoen erabilera eraginkor bat bermatuko duena ere.
Foru Legeak merkatu lehiakorrago bat sustatzea bilatzen du, ETEen parte hartzea erraztu (enplegu potentzial handiena eskaintzen dute) eta kontratazio publikoa erabiltzeko tresnak eskaintzea gizarte, ingurumen eta ikerketa politiketako tresna gisa, hori guztia globalizazio ekonomikoaren esparruaren ikuspegi modernizatzailetik.
Helburu horrekin, gizarte ekonomia lehiakor batera joateko, prozeduraren sinplifikaziorako eta administrazio karga gutxitzeko neurriak gehitzen dira, kalitate-prezio harreman hobe bat bilatzeko, edozein esleipenerako oinarrizko kontzeptua.
Zentzu horretan, talde guztiek bat egin dute, nabarmenduz kalitate eta prezioaren arteko harremanean oinarritutako kontratazio eredu berriak dakarren paradigma aldaketa onuragarria izango dela, baita izaera transbertsal eta derrigorrezkoa izango duten ingurumen klausula eta klausula sozialak ezartzeak ere, prozesuaren fase guztietan, betearazteko orduan ere, kontrolpean egongo direnak.
Halaber, hitzarmen sektorialak errespetatuz, baita subrogazio kasuetan ere, enpleguaren kalitatea bermatzeko xedea duen arauak dakartzan lan esparruko berrikuntzak azpimarratu dituzte. Helburua eskaintza eskasak saihestea da, merkatutik kanpo daudenak eta prekarietatea mantentzen dutenak, eskaintzen duten zerbitzuaren kalitatea kaltetzen baitute.
Gardentasun eta prebentzio neurrietan ere aurrerapausoak eman dira gobernantza berriaren oinarriak aurrera eramateko, hau da, iruzurra, ustelkeria eta interesen arteko gatazkei aurre egiteko.
Testuinguru horretan, negoziatutako eta iragarri gabeko prozedurak murriztuko dira, legearen sostenguarekin lizitazioen ezagutza publikoa murrizten baitzuten. Gainera, zerga-betebeharrak egunean ez dituzten enpresak edo lan urraketak edo urraketa fiskaletan erori direnak lizitazioetatik kanpo geldituko dira.
Batzordean gauzatutako eztabaidan zortzi in voce zuzenketa onartu dira, denak Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutakoak. Subrogazioari dagokiona izan ezik, UPN eta PPNk aurka bozkatu baitute eta PSNk abstentzioa, gainerako zuzenketak aho batez onetsi dira.
Hala, “lan eskubideak urra ditzaketen ekintzak saihesteko” helburuarekin, erabaki da zerbitzu kontratuetan ezartzea “gutxieneko plantilla bat mantentzeko betebeharra eta kontratuaren iraupen guztian zehar jardunaldi kopuru bat mantentzekoa, beharrezkoa balitz, lan kategoriatan, zerbitzuetan etab. bereizita”. Gainera, “sortu daitezkeen ausentzietarako ordezkapenak bermatuta egon beharko dira”.
Bestalde, enpresa kontratistako langileen soldata baldintzei dagokionez, argitu da, “gutxienez, esparru hurbileneko azken sektore hitzarmenean ezartzen direnak izango direla”.
Subrogazio baldintzei dagokienez, ezartzen da “ez balitz sektore hitzarmenik egongo kontratuaren objektu den ekintzan, langile guztien subrogazioa egingo dela, nahiz eta beste enpresa baten parte izan”.
Kontratazio Mahaiari dagokionez, ahalbidetzen da bertan parte har dezakeela “kontratuaren dokumentazio teknikoa idazten parte hartu duen edozeinek”.
Era berean, formula objektiboen bidez lortu beharreko puntuazioa %40tik %20ra jaitsi da, izaera artistiko edo intelektuala duten prestazioen esleipenean baldintza ugari ezartzen direnean.
Prozedura sinplifikatuari dagokionean, ezartzen da ezingo dela prozedura honetara jo aldaketen zenbatekoa baldintza-agirian ezarritakoa baina handiagoa denean, edo edozein kasutan, kontratuaren esleipenaren prezioaren %50 (lehen %20 zen) baino handiagoa denean.
Proiektuaren akatsen ondorioz desbideratze suposizioa %20 baino gehiagokoa izatea ere aldatu da, eta kontratuaren prezioaren %30eko kalte-ordaina mantentzen da, baina obren exekuziorako kontratua berriz ere esleitzeko betebeharra ezabatu da.
Azkenik, 10.000 eurotik 15.000 eurora igo da, BEZa kanpo, administrazio unitatearen funtzionamendurako Zuzendaritza Orokorrek eta Idazkaritza Nagusi Teknikoek baimendu ditzaketen beharrezko gastu minimoak, beti ere aurrekontuen esleipen bat dagoenean.
Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Ek proposatuta, irizpenaren oinarri izan den txostena eratzeko ponentzia hurrengoek osatu dute: Jokin Castiella (Geroa Bai), Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN), Arantxa Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Unzu (PSN), Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu), Javier García (PPN) eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerra).
-
Foru Lege Proiektuaren argitalpena (NPAO, 115.zk , 2017-09-21ekoa)
-
Zuzenketen argitalpena (NPAO, 22.zk , 2018-02-22koa)
-
Irizpenaren argitalpena (NPAO, 41.zk, 2018-04-09koa)
Archivos adjuntos