Noiz argitaratua Ostirala, 2016.eko Maiatzak 20

Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordeak 298 dokumentazio-eskari eginen ditu

Ekainaren 24ra arteko epea zabaltzen da eskatutako informazioa jasotzeko, 28an bilduko baita lanerako plana diseinatzen aurrera egiten jarraitzeko

Nafarroako Kutxaren desagerpenaren inguruko arrazoiak bilatzeko eta erantzukizunak argitzeko eratutako Ikerketa Batzordea gaur bildu da lanerako plan bat diseinatzen aurrera egiteko. Plan horretan, dokumentazio gehigarria eskatzeko epea amaituta, beste epe bat ireki da, erregistratu diren 298 informazio-eskari bideratu eta haien erantzuna jasotzeko.

Ikerketa Batzordeak, zeina datorren astean hasiko baita eskariak izapidetzen, erabaki du eskatzean dokumentazioa "ahal den bezain laster" bidal dakion, eta muga-egun gisa ekainaren 24a finkatu du, 12:00etan.

Erregistratutako 298 informazio-eskariak, PPN izan ezik gainerako taldeek erregistratu dituztenak, honela xehakatzen dira.

UPNk egindako 22 dokumentazio-eskarietatik, 15 Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei zuzendu zaizkie, eta arauak, txostenak eta argitalpenak dira; 2 Aurrezki Kutxen Espainiako Konfederazioari (CECA); 3 Espainiako Bankuari, eta 2 Entzutegi Nazionaleko 6. Epaitegi Zentralari.

Geroa Baik 159 dokumentazio-eskari egin ditu: 65 Nafarroako Kutxa Fundazioari zuzendu dizkio; 67 Caixabanki; 10 Espainiako Bankuari; 8 Nafarroako Gobernuari; bat Balore Merkatuko Batzorde Nazionalari; 2 Caja Canarias Banku Fundazioari; 2 Caja de Burgos Banku Fundazioari; 2 CajaSol Banku Fundazioari, eta 3 Gaztela-Leongo, Kanariar Uharteetako eta Andaluziako gobernuei, hurrenez hurren.

EH Bilduk 81 dokumentazio-eskari egin ditu: 69 Nafarroako Kuntxa Fundazioari eta Caixabanki; 8 Nafarroako Kutxa Fundazioari; 3 Nafarroako Gobernuari, eta Espainiako Bankuari.


Podemos-Ahal Duguk 8 eskari egin ditu: 7 Caixabanki eta Nafarroako Kutxa Fundazioari eta bestea Nafarroako Gobernuari

PSNk 15 dokumentazio-eskari egin ditu, guztiak Nafarroako Gobernuari, Caixabanki eta Nafarroako Kutxa Fundazioari zuzenduak.

Azkenik, Izquierda-Ezkerrak 13 informazio-eskari egin ditu: lehenengoa bankuak gainbegiratzeko zenbait erakunderi; beste bat Ekonomia Ministerioari eta Nafarroako Gobernuari; eta gainerakoak Nafarroako Kutxa Fundazioari eta Caixabanki.

Batzordeak erabaki du hurrengo bilera ekainaren 28an izanen dela, asteartez (ateak itxita). Bilera horretan, informazioa eskatu zaien entitateen erantzunak baloratu ondoren, aztertuko da dokumentazioa jasotzeko epea zabaltzeko aukerarik ba ote dagoen, kasua bada uztaila hilabete baliodun gisa ezarriz, irailean agerraldiak egiten hasi ahal izateko.

Ikerketa Batzordeko buru Unai Hualdek jakitera eman duenari jarraituz, apirilaren 27ko eratze bilkuran hartutako erabakiei jarraituz, batzordekideek maiatzaren 3an "dossier gaurkotu bat" jaso dute "ikerketa batzordeen araudiari buruz eta beste parlamentu-erakunde batzuen esperientziei buruz, azpimarra berezia jarriz aurrezki kutxei buruzkoetan",

Egun horretan eta biharamunean 2015eko lehen hiruhilekoan Nafarroako Kutxari buruzko Ikerketa Batzordeak egin zituen jarduketei buruzko dokumentazioaren bilduma bat bidali zitzaien.

Onetsitako arauei jarraituz, Ikerketa Batzordearen helburua izanen da jakitea eta zehaztea Nafarroako Kutxaren eta haren Enpresa Korporazioaren nahiz lotutako gainerako enteen jarduketak bat etorri ote ziren sorrerako printzipioekin, eta argitzea zein den desagertzeren ondorengo ondare-multzoaren gaurko egoera.

Unai Hualde (Geroa Bai parlamentu-taldea) buru izan duen bileran honakoek hartu dute parte: Luis Casado eta Luis Zarraluqui (UPN parlamentu-taldea), Koldo Martínez (Geroa Bai parlamentu-taldea), Adolfo Araiz eta Arantza Izurdiaga (EH Bildu parlamentu-taldea), Carlos Couso eta Tere Sáez (Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldea), Guzmán Garmendia eta Inma Jurío (PSN parlamentu-taldea), Ana Beltrán (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).