Noiz argitaratua Asteazkena, 2024.eko Maiatzak 8

Nafarroako ordezkaritzak Saharar errefuxiatuen Tindoufeko kanpamentuetara egindako bidaiaren hirugarren egunean giza eskubideak eta lankidetza izan dira ardatz

Nafarroako ordezkaritzak Saharar errefuxiatuen Tindoufeko kanpamentuetara egindako bidaiaren hirugarren egunean ardatz izan dira giza eskubideen defentsa eta ezagutzea hala Saharako Gobernuak nola erakunde, kolektibo eta GKEek lankidetza-proiektuetan egiten duten lana. 

 

Eguna hasteko, Giza Eskubideen Saharako Batzorde Nazionalaren (CONASADH) eta Saharako Preso eta Desagertuen Senideen Elkartearen (AFAPREDESA) instalazioak eta jarduna ezagutu ditu. Erakunde horien arduradunek jakitera eman dute Maroko lurralde okupatuetako sahararren aurka egiten ari den errepresioa.

 

Ildo horretan, Unai Hualdek adierazi duenez, “Parlamentuak eta Nafarroako erakundeek beti erakutsi izan dute Saharako kausarekiko elkartasuna eta, jakina, giza eskubideen aldeko konpromisoa. Espero dugu zuen lana eta dokumentazioa Nafarroara eraman ahal izatea, Nafarroako gizarteak zuzenean ezagutu ahal izan dezan Saharako herriak errefuxiatuen kanpamentuetan bizi duen errealitatea, baina baita lurralde okupatuan bizi duena ere”.

 

Jarraian, Nafarroako ordezkaritzak –Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioak eta ANARASD eta ANAS elkarteek osatua– Saharako Ilargierdi Gorriaren instalazioak bisitatu ditu. Bertan harrera egin die Ilargierdi Gorriaren lehendakari Buhubeini Yahyak, zeinak adierazi baitu “Nafarroa parte-hartze komunitario eta humanitarioaren eredu bat dela, eta eskertu egin du Nafarroako erakundeek Saharako herriarekiko elkartasunari dagokionez beti erakutsi duten inplikazioa”.

 

Saharako Ilargierdi Gorriak hainbat programa garatzen ditu, eta horien bidez batez ere 40.000 haurren eta anemia edo desnutrizioa duten 23.000 lagun baino gehiagoren elikaduraz arduratzen da, baita elikagai freskoak erosteko programak antolatzeaz ere.

 

Bisitaren ondoren, ordezkaritza Gizarte Gaietako eta Emakumeen Sustapenerako Ministro Suelma Beirukekin bildu da, zeinak Nafarroako ordezkaritzaren bisita eskertu duen eta aldeztu duen “emakumeek Saharako gizartean duten garrantzia. Gure arrazoi nagusiaren alde borrokatzen dugu, gure herrialdera itzultzea baita, baina baita emakumeen eskubideen alde eta pertsona ahulenen alde ere.

 

Desgaitasuna duten pertsonentzat, adinekoentzat eta mugikortasun arazoak dituztenentzat egiten ari diren programen berri eman du Beirukek, “Saharako kulturak inor atzean ez uztera behartzen gaitu eta”. Era berean, Saharako ministroak ohartarazi duenez, “Fronte Polisarioak emakumeei garrantzi handia eman die beti. Saharako gizartean, emakumeek lan garrantzitsuena egiten dute, beste gizarte arabiar eta musulman batzuetan ez bezala”.

 

Bilera egin ondoren, Nafarroako ordezkaritzari harrera egin zaio Lankidetza Ministerioan, non taldeak berriz ere eskertu baitu “Nafarroaren presentzia kanpamentuetan, baina, batez ere, jasotzen duten laguntza humanitarioa”. Saharako Lankidetzako idazkari nagusiak Lankidetzaren funtzionamendua azaldu du, bai eta sahararrek kanpamentuetan dituzten beharrak asetzeko egunerokotasunean aurre egin behar dituzten arazoak ere”.

 

Arratsaldean, ordezkaritzak Kirol eta Gazteriako Ministerioa bisitatu du, non gazteak prestatzeko garatzen ari diren programak ezagutu dituen.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek adierazi duenez, “bidaia honi esker zuzenean ezagut ditzakegu errefuxiatuta bizi den Saharako herriak bere herrialdetik kanpo pairatzen dituen arazoak. Errefuxiatuen kanpamentuetan bizi-kalitatea hobetze aldera Nafarroako erakundeen elkartasuna eta inplikazioa helarazten ari gara, baita nazioarteko zuzenbidearekiko eta Saharako herriaren aitortzarekiko dugun konpromisoa ere”.