Nafarroako Parlamentua Alzheimerraren Nazioarteko Egunari atxiki zaio
Legebiltzarrak bere egin ditu AFAN elkartearen eskakizunak: eragindako pertsonen bizi kalitatea hobetu dadila, ahalegin handiagoa eginez ikerketa sozial, sanitario eta biomedikoan
Nafarroako Parlamentuak gaur eguerdian Alzheimerraren Mundu Egunari atxikitzeko ekitaldia egin du Ikertu eta ekin leloaren pean, Legebiltzarrak AFANekin batera antolatuta, bi helbururekin: “gizartea sentikortzea” eta gaitzaren “osotasuneko abordajea” eskatzea. Nafarroan 7.000 bat pertsonak dute gaixotasuna, eta 5.500etik gora jada diagnostikatuta daude.
Hala eman du aditzera Parlamentuko lehendakariorde lehenak, Inma Juríok. Eskatu du “ahalegin guztiak bideratu daitezela Alzheimerra duten pertsonei eta haiek zaintzen dituzten familiei laguntzera. Ikerketaren aldeko apustuari gehitu behar zaio ikerketa sozial, sanitario eta biomedikoan sakontzea pertsonen bizi kalitatea hobetzeko”.
Zoriondu egin du Alzheimerra edo bestelako dementzia duten pertsonen senideen Nafarroako Elkartea (AFAN), eta nabarmendu du “duela 30 urtetik erreferentziako erakunde gisa” lan egiten duela eragindako pertsona oinarri duen arreta eredu berri baten alde. Ondoren, Inma Juríok gogora ekarri du Eledunen Batzarrak astelehenean adierazpen instituzionala onetsi duela AFANen aldarrikapenen alde Parlamentuak duen konpromisoa berresteko.
Segidan, AFANek arazoaren “alderdi soziala” azpimarratzen duen manifestu bat irakurri du. “Baliabide eskasak eta ez espezifikoak” jartzen direnez, familiek “beren gain hartu behar dute dementzia duten pertsonak artatzeko zuzeneko eta zeharkako kostuen % 85, eta Espainiako BPGaren % 3 bezainbeste dira kostu horiek”.
AFANeko lehendakari Amelia Lecumberriren hitzetan, dementzia ikertzeko baliabideak, “Estatu Espainiarrean heriotzaren bigarren kausa espezifikoa izanda, alopeziaren prebentzioan inbertitzen denaren erdia dira, Nafarroako gizarteak ulertzen ez duen zentzugabekeria, eta horregatik eskatzen dugu ikerketa erraztuko duten politikak sor daitezela. Kalitatezko osasun arreta eskatzen dugu. Baliabide sozial eta soziosanitarioen behar adinako eta kalitatezko hornidura eskatzen dugu, bai eta O-NOZen eta gizarte sarearen arteko koordinazio hobea ere”.
Horregatik guztiagatik, adierazitakoaren ildotik, Lecumberrik esan du behar-beharrezkoa dela “ikerketa biomedikorako aurrekontu zuzkidurak handitzea eta aldi berean apustu egitea ikerketa sozial eta soziosanitarioaren alde. Izan ere, aurrera egin behar da terapia ez farmakologikoen balidazioan, eta bizi kalitatea hobetu gaixoei eta zaintzaileei, medikuntzak emaitzarik lortzen ez duen artean. Eskertu egiten dugu Parlamentuak gaur gure kezkak bere egitea”.
Azkenik, Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela eta, Parlamentuko fatxada gaur gauean magenta kolorez argiztatuko da (21:00etatik 22:00etara), gaixotasun honen inguruan Legebiltzarrak AFANen eskakizunen alde duen konpromisoaren erakusgarri.
Ekitaldia Legebiltzarraren egoitzako atalondoan egin da, eta, besteak beste, han izan dira Juan Luis Sánchez de Muniáin, lehen idazkaria, Yolanda Ibáñez, Ángel Ansa (Navarra Suma), Nuria Medina (PSN), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Txomin González(EH Bildu).
Alzheimerra edo bestelako dementzia duten pertsonen senideen Nafarroako Elkarteak (AFAN) arreta osoa eskaintzen die senide eta zaintzaileei hainbat zerbitzu direla medio, hala nola banakako aholkularitza, arreta psikologikoa, prestakuntza, laguntza taldeak eta lagungarri teknikoen mailegua. Nafarroa osoan 1.020 bazkide ditu. Gaur egun, Desgaitasun Fisiko eta Organikoaren Nafarroako Federazioko (COCEMFE Nafarroa) eta Alzheimerraren Espainiako Konfederazioko (CEAFA) kidea da.