Nafarroako Parlamentua Alzheimerraren Nazioarteko Egunari atxiki zaio
Legebiltzarrak babestu ditu AFAN elkartearen eskaera zehatzak; eragindako pertsonen bizi-kalitatea hobetzea nahi dute, ikerketaren bidez, diagnostiko goiztiarra eginez eta eskubideak errespetatuz
Nafarroako Parlamentuak gaur eguerdian Alzheimerraren Mundu Egunari atxikitzeko ekitaldia egin du Zehatzak gara leloaren pean, Legebiltzarrak AFANekin batera antolatuta, hiru helbururekin: ikerketaren nahiz diagnostiko goiztiarraren garrantzia nabarmentzea eta gaixotasun hori pairatzen dutenen duintasuna eta eskubideak errespetatzea; Nafarroan 7.000 pertsona inguruk pairatzen dute gaixotasuna, eta 5.500 baino gehiago diagnostikatu dituzte.
Hala adierazi du Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak, eta hauxe esan du: “Ikusarazi behar da eragindako pertsonen sufrimendua, esfortzua eta errealitatea, bai eta haien familiena ere, haiexek izan ohi baitira zaintzaz arduratzen direnak. Lan asko dugu egiteke eta jakin badakigu zuon aldarrikapenak berdinak izan ohi direla beti”, adierazi du.
Etorkizunera begira eta Osasunaren Lege berria onesteko eta, beraz, 2025eko Nafarroako Aurrekontu Orokorrak egiteko hasi diren negoziazioei dagokienez, Unai Hualdek AFAN eta gainerako elkarte-sarea gonbidatu ditu haien proposamenak aurkeztu diezazkioten Parlamentuari, “guztion artean” oinarrizko zerbitzu publikoak hobetze aldera.
“Osasunaren arau-esparrua modernizatzeko lanetan ari gara jada, indarreko legea aurreko mendekoa baita. Beste modu batera jardutea nahi dugu, pazientearen itxaropenei eta osasun-arloko erronka berriei erantzuteko. Gobernuaren lehentasun politiketako bat da eta hortaz, Parlamentuko agendarena ere bai”, berretsi du.
Zoriondu egin du Alzheimerra edo bestelako dementzia duten pertsonen senideen Nafarroako Elkartea (AFAN), eta nabarmendu du “duela 35 urtetik erreferentziako erakunde gisa” lan egiten duela eragindako pertsona oinarri duen arreta-eredu berri baten alde. Ondoren, Unai Hualdek gogora ekarri du hilaren 9an adierazpen instituzionala onetsi zuela Parlamentuak duen konpromisoa berresteko: “ikerketa sozial, sanitario eta biomedikoa pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko”.
Jarraian, AFANek sinatutako adierazpena irakurri da; hausnarketa eta eskaeren dekalogoa da, non, besteak beste, “Estatuko Osasun Sistemaren zorroari farmakologikoak ez diren terapiak” sartzeko beharra nabarmendu baita, ulertu dutelako lagungarria izanen dela “eragindako pertsonak eta zaintzaileak osatutako binomioaren autonomia eta bizi-kalitatea hobetzeko”. Era berean, eskatu dute ezarri daitezen “kopuruari nahiz kalitateari dagokienez egokiak diren gizarte- eta osasun-baliabideak, baita landa-eremuan ere, non eskaria nabarmenki handitu baita”.
Miguel Ángel Lerga eta Diana González AFANeko presidenteak eta bazkideak, hurrenez hurren, iazko adierazpena indarrean jartzeko eskatu dute; izan ere, “orain arte egindakoa Alzheimerraren eta dementziaren benetako garrantzia arintzeko besterik ez du balio izan. Epe ertainera, errealitatea jasanezina izanen da. Prebenitzeko zaila den gaixotasuna da, zeinari buruz oso gutxi baitakigu, eta familiek beren gain hartu behar dute gaixotasunak eragindako zuzeneko nahiz zeharkako kostuen % 85. Dementziaren berezitasuna eta espezifikotasuna aitortu behar dira. Gaixotasun honek Nafarroako gizartean duen eragina oso altua da (dementzia duten 6.885 pertsona daude, eta kopuru horri diagnostikatu barik dauden kasuen % 30 gehitu behar zaio); ondorioz, babesgabezia sentitzen da askotan Administrazioari dagokionez”, azpimarratu dute.
Ildo horretatik, Lergak eta Gonzálezek komunikabideei zuzendu zaie, “planteamendu sentsazionalistetatik aldendu daitezen eta eragindako pertsonei eman diezaieten ahotsa”. Halaber, mezu bat zuzendu diote Parlamentuari eta eskerrak eman dizkiote “gaur gure kezkak bere egiteagatik. Hala ere, gogoan izan behar dugu gainerako egunetan ere irmoki jardun behar dugula, onartezina izanen litzatekeelako beste urte batez pasibo agertzea. Premiazkoa da dementziak arazo soziosanitario bihurtzea ekiditea, Nafarroa ez delako oraingo egiturekin erronkari aurre egiteko gai izanen”, ondorioztatu dute.
Azkenik, Alzheimerraren Nazioarteko Eguna dela-eta, Parlamentuko fatxada larunbatean magenta kolorez argiztatuko da (20:00etatik 22:00etara), gaixotasun honen inguruan Legebiltzarrak AFANen eskakizunen alde duen konpromisoaren erakusgarri.
Ekitaldia Parlamentuko egoitzaren atalondoan izan da, eta bertan honako hauek egon dira: Fernando Domínguez, Osasuneko kontseilaria, Juan Luis Sánchez de Muniáin, bigarren lehendakariordea, Cristina López (UPN), Ramón Alzórriz (PSN), TxominGonzález (EH Bildu), Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Maite Nosti (Vox).
Alzheimerra edo bestelako dementzia duten pertsonen senideen Nafarroako Elkarteak (AFAN) arreta osoa eskaintzen die senide eta zaintzaileei hainbat zerbitzu direla medio, hala nola banakako aholkularitza, arreta psikologikoa, prestakuntza, laguntza-taldeak eta lagungarri teknikoen mailegua. Nafarroa osoan 1.020 bazkide ditu. Gaur egun, Desgaitasun Fisiko eta Organikoaren Nafarroako Federazioko (COCEMFE Nafarroa) eta Alzheimerraren Espainiako Konfederazioko (CEAFA) kidea da.