Nafarroako Parlamentua Euroganbera gazte bihurtu da erronka demografikoari aurre egiteko
Unai Hualdek gazteek dinamika parlamentarioekiko duten interesa nabarmendu du, biztanleriaren erronka kezka nagusien artean kokatu du eta Nafarroaren Europarekiko konpromisoa azpimarratu du
Nafarroako Parlamentuan gazteen artean europar kontzientzia sustatzeko ekimen pedagogiko bat egin da, eta horretarako DBHko 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Lanbide Heziketako zikloetako ikasle talde bati eman zaio hitza. Emaitza, Europar Batasuneko erronka demografikoari buruzko eztabaida bizia, “eurodiputatuen” papera simulatuz.
Irekiera-hitzaldian, Unai Hualdek aztergai izan duten gaiaren garrantzia goraipatu du, dinamika parlamentarioek berezko duten ideia-trukean gazteen parte-hartzea nabarmendu du, eta foru-erakundeek Batasunaren barruan aliantzak indartzeko egindako ahalegina azpimarratu du.
Alde batetik, lehendakariak erronka demografikoa tokiko, estatuko eta Europako lehentasunen artean kokatu du, lurralde-kohesioa bermatzeko berebiziko garrantzia duen gaia delako.
“Hainbat legegintzaldi daramatzagu gai horrekin agenda instituzionalean. Europako Gaietarako Ponentziaren esparruan, 2025eko apirilean Bruselara egin genuen bidaian heldu genion gai horri, eta oso presente jarraitzen du. Ona da gazteek interesa izatea eta, gaurkoa bezalako jardunaldietan, eztabaida honetan eta beste batzuetan parte hartzea. Beti da ona Parlamentua iritzi publikora hurbiltzea”, berretsi du.
Nafarroako herritarren eta erakundeen “europar izaerari” dagokionez, Unai Hualdek azpimarratu du “Europan sinesten dugula, Nafarroarentzat ona delako. Beti, baina batez ere 2015etik, aliantzak eta sinergiak bilatu dira mugaz gaindiko lankidetza-esparru horretan. Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdeak onura sozial, ekonomiko eta kulturalak ekarri ditu. Eskualdeetako Komitearen eta Nafarroak Bruselan duen Bulegoaren aldeko apustua egiten jarraitu behar du Nafarroak. Europako erakundeetan parte hartzen jarraitu behar dugu”, adierazi du.
Ekitaldia ofizialki inauguratu eta Osoko Bilkurari hasiera eman ondoren, “eurodiputatuak” eztabaida-prozesu batean murgildu dira, Euroganberaren benetako denborak errespetatuz.
Eztabaida, alde batetik, formala izan da, moderazioarekin, aldeko eta kontrako parte-hartzeekin, eta, bestetik, informala, gainbegiratutako baina bideratu gabeko parte batekin. Amaitzeko, proposamenen zerrenda bozkatu da.
Equipo Europa 2019an eratu zen, gazteen elkarte apartidista da, irabazi-asmorik gabea, eta 14 eta 30 urte bitarteko 7.000 bazkide baino gehiago ditu. Haren xedea da gazteek Europaren eraikuntzan parte har dezaten sustatzea, prestakuntzaren, dibulgazioaren eta eremu politiko eta sozialeko pertsona garrantzitsuekin izandako elkarrizketaren bidez.
Equipo Europak bultzatutako beste ekimen batzuk bezala, hala nola EBri buruzko olinpiadak, gaurko legebiltzar-saioaren helburua erakundeak belaunaldi berrietara hurbiltzea izan da. Helburua da Nafarroako gazteek ulertzea Bruselan eta Estrasburgon hartutako erabakiek eragin zuzena dutela beren egunerokoan eta beren komunitatearen etorkizunean.
Osoko Bilkurara bertaratutakoen artean, Mahaiko eta Eledunen Batzarreko kideak eta Memoria eta Bizikidetza, Kanpo Ekintza eta Euskara Batzordekoak izan dira.