Noiz argitaratua Astelehena, 2022.eko Maiatzak 30

Nafarroako Parlamentua Garesi forua eman zioteneko 900 urteurreneko ospakizunera bildu da

Unai Hualdek herriaren garrantzi historikoa nabarmendu du, talde parlamentarioen eta Udalaren arteko bilerak udalerriari eta Izarbeibar osoari bultzada emanen diola sinetsita

Mahai eta Eledunen Batzarrak gaur Garesko udaletxean egin du astelehenetako ohiko bilkura. Nafarroako Parlamentuak herri horretara hurbildu nahi izan du, forua eman zioteneko 900. urteurreneko ospakizunean parte hartzeko. “Urteurren seinalatua da garrantzi historiko handia duen udalerri honen ibilbidean, zeinak asko zor dion bere zubiari, nafarren eta frankoen arteko zubiari”.

 

Horrela mintzatu da Unai Hualde Legebiltzarreko lehendakaria, eta ondoren “gure historiaren eta gure nortasunaren ezagutzan sakontzea” eskatu du. “Garenaren muina da, eta, beraz, gure foruena eta gure autogobernuarena, gaurko Parlamentuaren baliokide diren Nafarroako Gorteen hazia. Horregatik, ekitaldi honek gure Komunitateko bi erakunde historikoren arteko batasuna adierazten du”.

 

Testuinguru horretan, eta pandemiarekin, gerrarekin eta sortutako egoera sozioekonomikoarekin lotutako zailtasunak gogoratu ondoren, lehendakaria berriz ere ospakizun eta oroitzapenak egitearen alde agertu da, “horrela, normaltasunera pixkanaka itzultzen garen bitartean, turismoa erakartzeko eta gure ekonomiarako pizgarriak izateko, aldi berean herria eta komunitatea eraikitzen ditugula. Bilera honek, Udalaren eta talde parlamentarioen arteko iritzi truke honek, balioko ahal du bultzada bat emateko udalerriari eta Izarbeibar osoari”.

 

Oihan Mendo Garesko alkateak eskertu egin du Nafarroako Parlamentuak egindako keinua, eta, horri dagokionez, "Garesko jendearen tradizioa eta izaera boluntario eta irekia" azpimarratu du, "neurri handi batean Donejakue Bidearen eraginaren ondorio den jarrera".

 

Bestalde, Unai Hualdek eta Oihan Mendok "elkartasuna" adierazi diote lan-istripuan larri zauritutako langileari, gaur bertan Puente la Reina-Garesen.

 

Opari trukearekin amaitu da Unai Hualderen eta Oihan Mendo Garesko alkatearen agerraldia. Parlamentuaren oparia Jorge López Calvok (1675) egindako zilarrezko kutxen kopia izan da. Erresuma Zaharreko Gorteetan erabiltzen zituzten estamentuen bozketetarako. Udalak, berriz, forua emateko agiriaren erreprodukzioa eman dio Parlamentuari.

 

Aurreko legegintzaldian ohikoa izan zen Nafarroako Parlamentuko Mahai ibiltaria. Hurrengo bilkura Zangozan izanen du, ekainaren 13an. Hor ere Parlamentuak bat eginen du Alfontso I.a Borrokalariak forua eman zueneko urteurreneko ospakizunarekin.