Nafarroako Parlamentua Gizarte Erakundeen Plataformarekin batera 'Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna' garatzeko lanetan hasi da
Urriaren 7an onetsitako Adierazpen Instituzionalari jarraiki, non Legebiltzarrak bere konpromisoa agertzen duen 2007an sinatutako ituna berritzeko Garapen Jasangarriko Helburuak garatuz
Nafarroako Parlamentuko Lehendakaria eta talde parlamentario guztietako ordezkariak gaur Gizarte Erakundeen Plataformako kideekin bildu dira lehen aldiz, Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna garatzen hasteko.
Pasa den urriaren 7an aho batez onetsitako adierazpen instituzional batean, Legebiltzarrak bere konpromisoa agertu zuen 2007 urtean sinatutako ituna berritu eta eguneratzeko, 2030 Agendan jasotako garapen jasangarriko helburuei begira, justizia fiskalean eta inklusiorako zein babeserako gizarte politika publikoen sustapenean oinarritutako eredu ekonomikorako aldaketa bultzatzeko.
Ildo horretan, Gizarte Erakundeen Plataformako eta talde parlamentarioetako ordezkariek lan-bilkurak eginen dituzte aipatu ituna garatzeko, 2020ko urriaren 17rako, Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egunerako, alegia. Lan taldeak, gainera, itunaren segimendua eginen du, baita aurrekontu hornidura ere.
Gizarte Erakundeen Plataformak 160 elkarte batzen ditu, eta hurrengo sareek osatzen dute: Coordinadora de ONGD de Navarra, Red de Economía Alternativa y Solidaria, Red de Lucha contra la Pobreza y Exclusión Social de Navarra, y Comité de Entidades Representantes de Personas con Discapacidad de Navarra (CERMIN).
Urriaren 7an aho batez onetsitako eta Navarra Suma, PSN, Geroa Bai eta EH Bildu talde parlamentarioek, Podemos Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztutako adierazpenak hala dio:
"Nafarroako Parlamentuak bere konpromisoa adierazten du:
Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Itun berri bat gara dezan 2020ko urriaren 17rako, data horretan Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzen baita.
2007. urtean sinatutakoa berritu eta gaurkotuko duen itun bat, zeinean honako hauek jasoko baitira:
1. Bada agindu etiko, sozial, politiko eta ekonomiko bat, pobrezia desagerrarazteko helburua lortzeko eta gizarte-kohesioa lortzeko.
2. Estatua 2030eko Agendari eta Garapen Jasangarriko Helburuak garatzeari atxikitzea adostasun politiko eta sozialeko osagai sendo bat da pobrezia eta desberdintasuna desagerrarazteko, bai herrialde txirotuengan, bai gure ingurunean, eta helburu horiek beteko direla bermatzeko nazioarteko erkidegoak ahalegin etengabea egin behar duela.
3. Nafarroako Gobernua agendari eta haren helburuak betetzeari atxiki zitzaion urte bereko apirilean, hura betetzeko behar zen ahalegina babesteko konpromisoarekin.
4. Ekonomia solidarioa –zeinak bidezko merkataritza, kontsumo arduratsua, enpresa solidarioak eta finantza solidarioak jasotzen baititu– Garapen Jasangarriko Helburuak betetzeari begira beharrezkoa den eredu baten gisa planteatzen da, eta bazterkeriaren nahiz pobreziaren zergatien aurkako borrokan parte hartzen du, garapen iraunkor bat sustatuz eta gaurko nahiz etorkizuneko belaunaldien beharrizanak jasoz.
5. Nafarroako botere publiko eta eragile politiko eta sozial guztien erantzukizuna da pertsona guztien eskubideen legitimazioa indartzea eta lortzea Nafarroan aporofobiarik ez gertatzea. Eta kohesio sozial handiagoak eskatzen du, aldi berean, pobrezia eta gizarte bazterketa desagerrarazteko politika publikoak, ukitutako dimentsio guztiak jasoko dituzten politika eraginkorrak sustatuz (etxebizitza, osasuna, enplegua eta prestakuntza, hezkuntza, haurtzaroa eta gazteria...), eta baliabideak direla-eta behar adinako eta beharrezkoa den zuzkidura edukiz.
6. Ahalegin solidario hau garatzen duen esparru instituzional eta politikoa hainbat legegintzalditan egindako lanaren fruitu eta herritarren ondare amankomuna da, akordio politikoaren eta herritarren mobilizazioaren fruitu. Iraganean hartutako konpromisoak gaurkotu beharra dago konpromiso horiek egiaz bete daitezen lortzeko eta errealitate politiko eta sozial berrien arabera areagotu daitezen. Borondate hori Pobreziaren eta Desberdintasunaren aurkako Nafarroako Ituna gaurkotuz gauzatu behar da, ulerturik lankidetzarako politika eta gizarte-politikak ezin direla interes partidisten mende egon”.