Nafarroako Parlamentua konprometitzen da omenaldi-plaka bat jartzera ETAren terrorismoak Nafarroan eragindako biktimen eta foru-erkidegotik kanpo eraildako nafarren omenez.
Legebiltzarrak Nafarroako Gobernua premiatzen du azterlan bat egin dezan ETAren terrorismoaren ondorioz Nafarroan gertatutako nahitaezko desplazamenduaren errealitateari buruz
Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi du, UPN, PSN, Geroa Bai, PPN y Contigo-Zurekin taldeen aldeko botoekin, EH Bilduren abstentzioarekin eta Voxen aurkako botoekin, ebazpen bat, zeinaren bidez Legebiltzarrak Osoko Bilkurak 2016ko ekainaren 2an onetsitako erabakia betetzeko konpromisoa hartzen baitu. Haren bidez, Parlamentua konprometitu zen omenaldi-plaka bat jartzera ETAren terrorismoak Nafarroan eragindako biktimen eta foru komunitatetik kanpo eraildako nafarren omenez, non jasoko baitira izena, lekua eta erailketa-data. Behin betiko testua Geroa Baik eta Contigo-Zurekinek aurkeztutako ordezteko zuzenketa baten ondorioa da, PSNk –berak aurkeztu zuen ekimena –onartu duena.
Onetsitako ebazpenak badu bigarren puntu bat, UPN, PSN, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekinen aldeko botoak eta EH Bildu eta Vox taldeen aurkako botoak jaso dituena. Horren bidez, “Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du azterlan bat egin dezan ETAren terrorismoaren ondorioz Nafarroan gertatutako nahitaezko desplazamenduaren errealitateari buruz”.
UPNk gehitzeko lau zuzenketa aurkeztu ditu, baina PSNk ez ditu onartu.
Lehenengoan, Legebiltzarra premiatzen zen “Anvite-ETAren Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Elkartearekin adostu daitezen aipatu plakaren konfigurazio-xehetasunak, bai eta formatua, kokapena eta, batez ere, plakan agertu beharreko Nafarroan eraildako biktimen izenak, erkidegotik kanpo eraildako nafarrenak eta gure erkidegoarekin lotura zuzena zutenenak ere”.
Bigarrenean, UPNk Nafarroako Gobernuari eskatzen zion "azterlan bat egin zezan ETAren terrorismoak gure erkidegoko ekonomian eta enpleguan izan zuen eragina kuantifikatzeko".
Atzera botatako UPNren hirugarren ekarpenak Foru Gobernuari eta erantzukizun publikoak dituzten alderdi politikoei eskatzen zien "ez ahazteko eta aktiboki laguntzeko indarkeria deslegitimatzeko lanean, bereziki ideia politikoak inposatzeko erabilitakoa, Anvitek 2025eko otsailaren 9an publikoki eskatu zuen bezala. Eta hori lortzeko lehen urrats gisa, nahitaezkoa da gaitzesten ez dutenei eta indarkeria horren ondorioak beren helburu politikoak lortzeko aprobetxatzen dituztenei zilegitasuna kentzea”.
UPNren laugarren zuzenketan, Nafarroako Gobernuari eskatzen zitzaion «bete dezala Foru Legegintzak 2015eko martxoaren 17an onartutako Adierazpen Instituzionala, berariaz III. puntua, honako hau dioena: “Foru Komunitateak hezkuntza-arloan dituen eskumenak baliatuz, Nafarroako Parlamentuak Hezkuntza Departamentuari eskatzen dio behar diren jarraibideak eta neurriak har ditzan, Nafarroako lurraldean maila guztietako material didaktikoetan jasotze aldera ezker abertzale bortitzak gizateriaren aurka egindako krimenen eta genozidio-ekintzen kontakizuna, Nazio Batuetako Biltzar Nagusiaren 2005eko abenduaren 16ko 60/147 Ebazpena betez".
Geroa Bairen aurkako jarrerak eragotzi egin du Voxek egindako in voce gehitzeko zuzenketa izapidetzea, zeinaren bidez bilatzen baitzen "PSN konprometitzea EH Bildurekin dituen harreman instituzional eta gobernu-harreman guztiak haustera".
Zioen azalpenean, PSN talde parlamentarioak bultzatutako ebazpenak gogora ekartzen du iragan otsailaren 11n Parlamentuan egin zen ekitaldia, zeinean Anvite - ETAren Terrorismoaren Biktimen Nafarroako Elkarteak eskatu baitzuen bete dadila Osoko Bilkurak 2016ko ekainaren 2an onetsitako ebazpena eta jar dadila plaka bat Parlamentu honetan, Nafarroan eraildakoen eta foru komunitatetik kanpo eraildako nafarren izenekin.
Hala, aipatzen da jada 2014an Parlamentuak ideia-lehiaketa bat jarri zuela abian eta horren emaitza izan zela ETAren biktimak era sinbolikoan omentzen dituen “Hirugarren Atea” eskultura, baina talde proposatzaileak "ez du uste erredundantea denik plaka bat jartzea, non izen horiek ikusgarriagoak izanen diren bisita egiten diguten pertsonentzat, eta plaka hori gure Parlamentuan jartzea, herritarren egoitza baita".
- www.parlamentodenavarra.es
- Publicación de la moción (BOPN, nº 18, de 18-2-2025)