Nafarroako Parlamentua poztu egiten da Venezuelako Bolibartar Errepublikako Gobernuak eta Venezuelako Plataforma Bateratuak akordioak erdietsi dituztelako
Ganberak Elkarrizketa eta Negoziazio Prozesuaren Mahaia balioesten du Venezuelako herritarren ongizatea arreta gunean jarri duelako
Bizikidetasunaren eta Nazioarteko Elkartasunaren Batzordeak ebazpen bat onetsi du gaur PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aldeko botoekin eta Navarra Sumaren aurkakoarekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentua poztu egiten baita “Venezuelako Bolibartar Errepublikako Gobernuak eta Venezuelako Plataforma Bateratuak akordioak erdietsi dituztelako. Akordio horiek lehenesten dute Venezuelako herritarren ongizatea arreta gunean jartzeko beharra, bai eta Venezuelako herritarren gizarte-babeserako neurriak hartzeari ere”.
Onetsitako ebazpenak bigarren atalean “balioan jartzen du Venezuelari buruzko Elkarrizketa eta Negoziazio Prozesuaren Mahaia. Horren haritik, aldeak animatzen ditu hasitako prozesuari jarraipena eman diezaioten, Venezuelako herriaren subiranotasun aldezteko elkar ulertzeko bide gisa, herrialdearen aniztasun soziopolitikoa aintzat hartuta”.
Era berean, hirugarren atalean zehazten denez, Foru Legebiltzarrak “eskerrak ematen dizkie Mexikoko, Norvegiako, Herbehereetako eta Errusiako gobernuei, negoziazio prozesu hau erraztu eta laguntzeagatik”.
Navarra Sumak ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra, hots, ekimenaren titularrek onartu ez dutena, eta asmoa zen Maduroren Gobernuari erreklamatzea “Giza Eskubideekiko baldintzarik gabeko errespetua, preso politiko guztien askatasuna, Venezuelan gertatu diren epai judizialik gabeko exekuzio guztien, erasoen, mehatxuen, lapurreten eta torturen arduradunak auzipetzea, eta oposizioarekiko elkarrizketa-mahaira baldintzarik gabe itzultzea, Venezuelak erregimen demokratikoa eta askatasunak berreskura ditzan errazteko”.
Zioen azalpenean, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkezturiko ebazpenak irailaren 6an sinatutako «Venezuelak Guayana Esequibari dagokionez duen subiranotasuna berretsi eta aldezteko akordioa» eta «Venezuelako herriaren gizarte-babeserako akordio partziala» balioesten ditu.
Akordio hauetan adierazten denez, aldeek adostu zuten, besteak beste, “herritarren beharrizan sozialei erantzuteko baliabideak lortzeko eta lehengoratzeko mekanismoak ezartzea, garrantzi berezia emanda COVID-19agatiko pandemiaren ondorioei, aintzat hartuta erakunde aldeaniztunetatik datozenak ere, Errepublikak haiek baliatzeko eskubidea badu”.
Isabel Olave (Navarra Suma) buru izan duen saioan parte hartu duten parlamentariak izan dira Iñaki Iriarte, Miguel Bujanda, Patxi Pérez, Alberto Bonilla, Maribel García Malo (Navarra Suma), Arantza Biurrun, Carlos Mena, Inma Jurío (PSN), Jabi Arakama, Mikel Asiáin (Geroa Bai), Laura Aznal, Patricia Perales (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (Mixto Izquierda-Ezkerra).
- www.nafarroakoparlamentua.eus
- Mozioa (110. NPAO, 2021-09-28koa)