Nafarroako Parlamentuak ‘Emakumeak eta zaintzak. Iruñeko beste argazki-memoria bat’ erakusketa inauguratu du
Erakusketa, Emakumeen Udal Kontseiluak sustatua, zabalik egonen da Legebiltzarraren egoitzako atalondoan, irailaren 30era bitarte, eta asmoa du emakumeek zaintzen eta etxeko lanen esparruetan egindako ekarpen historikoaren aitorpena egitea
Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek gaur inauguratu du Emakumeak eta zaintzak. Iruñeko beste argazki-memoria bat erakusketa. Iruñeko Udalak sustatutako erakusketa da, Emakumeen Udal Kontseiluaren ekimenez, eta helburua da, hainbat artxibo publiko eta pribatuko dokumentazio grafikoa erabilita, genero desberdinkeriari buruz kontzientziatzea proiektatutako irudiari eta identitateari dagokienez, beti lotzen baitira zainketekin, eta horien balorazio eta errekonozimendu eskasari dagokienez.
Lehendakariaren esanetan, erakusketa bideratuta dago “emakumeak iragan mendean Iruñean izandako eginkizuna ezagutzera eta errebindikatzera. Amonen, amen, emaginen, erizainen edo garbitzaileen egitekoa memoriara ekarri eta ikusarazi nahi da; izan ere, protagonista izan arren, denetarako eskuak izan baitzituzten –babesa emateko, zaintzeko edo sendatzeko–, historia ofizial osatugabetik bazter utzi zituzten, historia ofiziala genero ikuspegirik gabe eta ezinbestekoa den ikuskera feministarik gabe idatzi baita”.
Hori dela-eta, Udalari eta berdintasunaren alorrari eskertu ondoren “Iruñeko bizitza sostengatu zuten emakume izengabe eta ikusezin haiek erdigunean jartzeko aukera eman izana”, Unai Hualde “erakundeek berdintasunaren aldeko apustuan sakontzearen alde” agertu da, are gehiago “hilketa matxista lotsagarrien testuinguru honetan, azken asteotan hamaika izan baitira. Erakusketa hau lankidetza-eredu da. Ahalegin oro gelditzen da murritz.”
Unai Hualdek, azkenik, balioan jarri du María García, Pilar Mayo eta Paco Rodak osatutako talde sustatzaileak emandako bultzada, eta iruindarrei dei egin die Legebiltzarreko atalondora hurbil daitezen, bere ustez hiriburuko argazki-memoriaren funtsezko partea den argazki-multzo hau ezagut dezaten.
Jarraian, Iruñeko Udaleko Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi María García Barberenak esan duenez, emakumeak gure gizartean duen eginkizuna errebindikatzeko apustuaren barruan kokatu behar da erakusketa hau.
“Kontzientziatu nahi dugu, eta, bide batez, gogorarazi nahi dugu gizonek lan-esparruan parte hartu ahal izan dutela etxeko lanak eta emakumeen zainketak eskuordetuta, eta hori ez da alderantziz gertatu. Emakumeari historian duen lekua itzultzeko apustua da. Argazkietan, emakumeen taldeak ageri dira, ordaindu gabeko lanarekin hirietako eta munduko bizitzari, aurrerapenari eta ekonomiari laguntzen”.
Erakusketako komisario Paco Rodak eskertu egin du herritarrak ordezkatzen dituen erakundearen egoitzan paratu ahal izatea erakusketa, eta bilduma apropos eta egoki hau osatzen duten irudien kalitatea eta argazkilarien ospea goraipatu ditu.
Gaiari dagokionez, Rodak “zainketak Estatuaren bihotzean jartzearen” alde egin du. Hiriek, erakundeek eta komunitateek zaintzaileak izan behar dute prebentzio lan hori kolektiboa eta publikoa izan dadin. Zainketak emakumeen lana izan dira beti, dohainik eta eskuzabaltasunez. Ez zuten aintzatespenik, harik eta, pandemiaren ondorioz, gizartean azaleratu diren arte, eremu pribatu eta barnetik aterata. Erakusketa honek ikusezintasun horretaz hitz egiten digu”.
Mintzaldiak amaiturik, Mahaiko kideek eta gainerako parlamentariek atalondoan paratutako erakusketako obrak ikusteko egin duten ibilbide gidatuan zehar Paco Rodak emandako azalpenak gozatu dituzte.
Dibertsitate funtzionala duten pertsonendako egokitua, 40 argazkik osatzen dute ‘Emakumeak eta zaintzak. Iruñeko beste argazki-memoria bat’ erakusketa ibiltaria. Horietako batzuk Inge Morath austriar artistarenak dira, eta gehienak Iruñeko Udal Artxibotik eta Nafarroako Artxibo Nagusitik heldu dira. Testu elebidunekiko panelek, informazio orokorreko QR kodeek, bideo-artxibo batek eta emakumeen siluetek osatzen dute erakusketa, bai eta Inge Morathen irudietako bat hiru dimentsiotan erreproduzitzeko aukera ematen duen kartoizko eskailera bat ere.
Erakusketa Parlamentuaren egoitzaren atalondoan egonen da ikusgai irailaren 30era arte, 15:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik). Larunbatetan, 11:30etik 14:00etara.
Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez Parlamentuak 2016ko otsailaz geroztik bere ateak kulturari eta artistei ireki eta aldezpena ematen baitie.
Ekitaldia Legebiltzarrean egin da, eta bertan izan dira, besteak beste, Parlamentuko lehen lehendakariorde Inma Jurío, lehen eta bigarren idazkari Juan Luis Sánchez de Muniáin eta Maiorga Ramírez, Ramón Alzórriz (PSN), Uxue Barkos (Geroa Bai), Bakartxo Ruiz (EH Bildu), Mikel Buil (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón (I-E).