Noiz argitaratua Asteartea, 2024.eko Azaroak 26

Nafarroako Parlamentuak “Asfaltozko pintzelkadak” erakusketa inauguratu du, Atena fundazioak sustatua

Erakusketa abenduaren 17ra arte egonen da ikusgai, eta haren xedea da hiri-artea nabarmentzea, Atena fundazioko erabiltzaileek eginiko lanen bidez; desgaitasun intelektuala edo garapen-desgaitasuna duten adin desberdinetako pertsonek eginak dira

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualdek inauguratu du Asfaltozko pintzelkadak erakusketa gaur eguerdian. Atena fundazioak sustatutako erakusketa da, eta arte plastikoen lantegiko ikasleek eginak dira lanak. Erakusketaren xedea da edozein ikuspegitatik eginiko artea goratzea, eta, aldi berean, fundazioak egiten duen lana ere goraipatzea. Prestakuntza artistikoko eskola gisa jarduten du, eta gaitasun fisikoak, psikikoak, sentsorialak eta artistikoak garatzeko aukera ematen die desgaitasuna duten pertsonei, eta horrek, era berean, haien erantzukizuna, autonomia eta gizarteratzea areagotzen laguntzen du.

 

Irekiera-mintzaldian, Unai Hualdek berretsi egin du Legebiltzarrak desgaitasuna duten pertsonen eskubideak aitortzen dituela, Desgaitasunaren Mundu Egunaren harira, zeina datorren abenduaren 3an izanen baita. “Atena fundazioaren lantegiak artea leku anitzagoa eta inklusiboagoa izan dadin laguntzen du, eta Parlamentutik aintzatespena egin nahi diegu, orobat, pertsona haiei, zeinak urte osoan zehar lanean ari diren, zareten, garen, desgaitasuna duten pertsonen eskubideen alde, bai eta desgaitasuna duten pertsonen nahiz horien familien bizi-baldintzak hobetzeko ere”.

 

Aurten, lehendakariak esan duenaren arabera, “Atena fundazioa harago doa, eta gugan hausnarketa eragin nahi du, batez ere arte-adierazpen berriekin sortu den eztabaida bati buruz. Edozein margolan artea al da? Museo batean erakusgai jarri beharko al litzateke? Erakusketa honetan, inspirazioa kaleko artisten lan ezagunetatik hartu duten zenbait pertsonaren begiradaz gozatzen ahalko dugu. Inspirazio-iturri izan dituzte, esaterako, Banksy, Rafa Mon eta Roberto Becerro”, esan du amaitzeko.

 

Ondoren, Arantza Garateak, Atena fundazioaren kudeatzaileak, honako hau azaldu du: “Gure erakundera bertaratzen diren pertsonei arteaz gozatzeko modu berri bat emateko xedez sortu zen Asfaltozko pintzelkadak erakusketa. Nahi duguna da bila dezatela artea ez museoetan bakarrik, baizik baita beren eguneroko bizitzan ere, inguruan duten horretan guztian”.

 

“Kalteko arteaz edo hiri-arteaz hitz egiten dugunean, kaleetan modu librean sortzen diren arte-adierazpenei buruz ari gara”, jarraitu du. “Ohikoa izaten da hiri-gainazalak artelan anonimo eder bihurtuta ikustea, mezu politikoak, sozialak edo kulturalak helarazten dituztenak. Alabaina, askotan, ez diogu erreparatzen arte mota horri, edo gutxietsi egiten dugu”, esan du.

 

Erakusketa honekin, esan duenaren arabera, lortu nahi da “aitortza adieraztea artea eremu anitzago eta inklusiboago egiten duten lan horiei guztiei. Koadro bakoitza bakarra da, bai estiloari bai helarazten digun mezuari dagokionez”.

 

Jarraian, Atena fundazioko bi dantzarik koreografia bat interpretatu dute, “Indar-jolasa” izenekoa, Parlamentuko atalondoan. Pieza horretan, gorputzak elkarrekin kateatzen dira posizioen kontrapisu batean.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, lehen lehendakariorde Ainhoa Unzu, bigarren idazkari Mikel Zabaleta, Raquel Garbayo (UPN), Maite Esporrín (PSN), eta Isabel Aranburu (Geroa Bai).

 

Hamaika margolanek osatzen dute erakusketa: horietako bost 116 x 81 cm neurrikoak dira, eta beste seiak, 116 x 73 cm neurrikoak. Erakusketa jendearentzat irekita egonen da 2024ko azaroaren 26tik abenduaren 17ra arte, honako ordutegi honetan: 09:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik), eta 11:30etik 14:00etara larunbatetan.

 

Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko arras desberdinei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.

 

Atena fundazioa 2001ean sortu zen, senide talde baten ekimenez, sinetsita baitzeuden arte-jarduerak gaitasun intelektualak, emozionalak eta psikomotorrak indartzen dituela. Hori horrela, desgaitasuna duten pertsonen garapen osoa sustatzen eta bideratzen aritzen da. Horretarako, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta beren bizi-proiektuan lagun egiteko, beraiek sortutako metodologia berritzaile bat erabiltzen dute, artea eta pedagogia uztartzen dituena.