Nafarroako Parlamentuak “Wiphala: Genero-berdintasunaren alde saretuz” erakusketa inauguratu du
Erakusketa ekainaren 30era arte egonen da irekita, eta Paz y Solidaridad fundazioak zortzi ikastetxerekin batera egindako lanaren emaitza da; hain zuzen ere, ikasleek genero-berdintasuna lortzeko bidean parte har dezaten sustatzeko egin da lan hori
Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, “Wiphala: Genero-berdintasunaren alde saretuz” izeneko erakusketa inauguratu du. Paz y Solidaridad fundazioak egin du lana, eta zortzi ikastetxek ere parte hartu dute, herritartasun globalerako hezkuntza eraldatzailearen esparruan, genero-berdintasuna lortzeko lana ezagutarazteko ikasleei, hari buruz kontzientziatzeko, eta ikasleen parte-hartzea sustatzeko, Boliviako emakume eta neska indigena nekazariek pairatzen duten egoeran azpimarra jarrita.
Irekiera-hitzaldian, Unai Hualdek fundazioaren proiektuaren eta zortzi ikastetxe parte-hartzaileek egindako lanaren balioa nabarmendu du; izan ere, “ikasleak prestatzeko modua ematen du, eta emakume indigenen egoerari ikusgaitasuna emateko eta horri buruz sentsibilizatzeko edukiak sortzekoa, bai eta sareak sortzeko eta irakasle nahiz ikasleak eraldaketa sozialaren eragile gisa ahalduntzeko modua ere”.
“Behar sozialak hautematea, irtenbideak aurkitzea eta aldaketaren protagonista izatea garrantzitsua da ikasleentzat. Garrantzitsua da belaunaldi gazteenekin lan egitea gizarte bidezkoa, solidarioa eta ekitatiboa eraikitzeko”, gehitu du lehendakariak. Horren harira, proiektuan parte hartu duten Nafarroako ikastetxeen lana balioetsi du, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna landu dutelako, eta, bereziki, nekazaritzan diharduten boliviar emakume eta neska indigenek, Bartolina direlakoek, bizi duten egoera.
Hori horrela, gogorarazi du Parlamentuak proiektuari lagundu diola garapenerako hezkuntzaren arloko proiektuetarako urtero ematen dituen dirulaguntzen bidez; eta, bukatzeko, Hualdek berretsi egin du Legebiltzarrak konpromiso “sendoa” duela Garapen Jasangarrirako Helburuekin, 2030 Agendarekin eta pertsona guztien giza eskubideen defentsarekin.
Jarraian, Argia Aldayak, Paz y Solidaridad fundazioaren arduradunak, proiektuaren jatorria azaldu du; hain zuzen ere, proiektuak oinarri du Paz y Solidaridad fundazioak herri guztientzako eta pertsona guztientzako giza garapen jasangarriarekin duen konpromisoa. Helburu hori “ez da posible izanen aldaketan oinarritutako eta aldaketara bideratutako kultura- eta hezkuntza-berrikuntzarik egiten ez bada; eta Paz y Solidaridad fundazioak irizten du, hori lortzeko, pentsamolde kritikoa, kontzientziazioa, banakako ahalduntzea eta ahalduntze kolektiboa eta ekintza sozialerako gaitasunen garapena sortuko dituen hezkuntza-moldea behar dela. Alegia, herritartasun globalerako hezkuntza eraldatzaile gisa ezagutzen den hori”.
Ildo horretatik, Aldayak adierazi du egindako lanaren xedea dela, nagusiki, “genero-berdintasuna lortzeko lana ezagutaraztea ikasleei, hari buruz kontzientziatzea, eta ikasleen parte-hartzea sustatzea, Hegoaldetiko ikuspegia hartuz. Ikuspegi hori lantzeko, Boliviako emakume eta neska indigena nekazariek pairatzen duten genero-desberdinkeriako egoera hartu da oinarri. Gainera, besteak beste honako alderdi hauek ere landu dira modu transbertsalean: giza eskubideak, bakearen eta indarkeria ezaren kultura eta aniztasun kulturala. Zortzi ikastetxek gogor lan egin dute ikasturte honetan helburu horren alde eta, amaierako xede gisa, mundu hobea eta berdinzaleagoa sustatzeko. Zorionak haiei guztiei”, esan du bukatzeko.
Honako ikastetxe hauek parte hartu dute proiektuan: Añorbeko ikastetxe publikoak, Carcarreko Virgen de Gracia ikastetxeak, Altsasuko BHIk, Biurdana BHIk, Sakana LH IIPk, Lakuntzako Herri Eskolak, El Castellar HLHIPk eta Iñaki Ochoa de Olza DBHIk.
Inaugurazio-ekitaldia amaitu ondoren, parlamentariek bisita gidatua egin dute erakusketaren komisario eta Paz y Solidaridad fundazioko garapenerako hezkuntzako teknikaria den Ane Bañascoren eskutik.
Erakusketa Parlamentuaren egoitzako atalondoan egonen da jendearentzat ikusgai ekainaren 30era arte, 09:00etatik 20:00etara astelehenetik ostiralera, ostegunetan izan ezik, eta larunbatetan 11:30etik 14:00etara.
Ohi bezala, erakusketa berri hau Kultur Atrio programan kokatzen da, zeinaren bidez 2016ko otsailaz geroztik Parlamentuak artelanezko eta dibulgaziozko adierazpen artistiko askotarikoei bere ateak ireki eta sostengua ematen baitie.
Erakusketaren irekiera ofiziala Parlamentuaren egoitzako atalondoan egin da, eta bertara hurbildu dira, besteak beste, Ainhoa Unzu Lehen Lehendakariordea, Juan Luis Sánchez de Muniáin Bigarren Lehendakariordea, Mikel Zabaleta Bigarren Idazkaria, Ángel Ansa (UPN), Carlos Mena (PSN), Javier Arza (EH Bildu), Mikel Asiain (Geroa Bai) eta Miguel Garrido (Contigo-Zurekin).