Nafarroako Parlamentuak 2020ko ekitaldiko 2,5 milioi euro itzuli dizkio Foru Ogasunari
2019ko itzulketa baino % 3 gutxiago da, iaz Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioari ordaindu gabeko diru-laguntzaren 468.663 euroak barne baitzeuden
Kontuen Ganberak emandako fiskalizazio-txostena ikusita, Nafarroako Parlamentuaren 2020ko ekitaldiko Kontuak onestea erabaki du Eledunen Batzarrak.
Halaber, onetsitako likidazioarekin bat etorriz, gastatu gabeko 2.507.722 euro Foru Komunitatearen Diruzaintzari itzultzeko agindua ematea erabaki du, 2019an baino % 3 gutxiago, izan ere, iaz kopuru honen barnean zeuden Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioari ordaindu gabeko diru-laguntzaren 468.663 euroak, Parlamentuko Mahaiak 2020ko urtarrilaren 27an diru-laguntzak huts egin izana erabaki ostean.
Azkenik, Nafarroako Parlamentuaren 2020ko kontuak eta horiei buruz Kontuen Ganberak egindako fiskalizazio txostena erakundearen web-orrian eta aldizkari ofizialean argitara daitezela agindu da.
Foru Legebiltzarraren 2020ko Aurrekontuen likidazioari dagokionez, nabarmendu behar da, hasiera batean 14.810.391 euroko aurrekontua onetsi bazen ere, aurrekontu bateratua 15.110.420 eurokoa izan dela, aurreko ekitaldiko 300.029 euroko kredituak gehitzeko egin diren aurrekontu-aldaketen ondorioz.
Gastuen aurrekontutik 12.282.977 euro exekutatu dira -2019an baino % 1 gutxiago-; horrenbestez, aurrekontu horren % 81,00 bete da, eta ordainketena % 99.
Diru-sarrerei dagokienez, aurrekontutik 14.858.916 euro exekutatu dira, eta beraz, exekuzio maila % 100 bete da eta ordainketena % 98. Kasu honetan, aurreko ekitaldiarekiko igoera % 2koa izan da.
Langile-gastuak kapituluan aurrekontu bateratua 7.249.844 eurokoa izan da, % 88ko exekuzio mailarekin. Aitortutako betebeharen % 59 egiten dute eta 2019koarekin alderatuz % 2 gutxiago da.
Parlamentarioen eta hauen lanari lotutako langileen (Lehendakaritza kabinetea eta taldeen laguntzaileak) ordainketak 3,7 milioi eurokoak dira. Erakundeko langileen soldatek berriz 3,4 milioi egiten dute.
Dieten kapituluak % 34ko igoera izan du, pertsona bat gehiago baitago erregimen honi lotuta, eta Mahaiak 2020ko urtarrilaren 27an onetsitako akordioaren arabera, zenbatekoek ere gora egin zutelako.
Ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuak kapitulua 2,35 milioi euroz hornitua zegoen eta horietatik 1,41 gastatu dira (2019an baino % 12 gehiago); beraz, betetze-portzentajea % 60izan da. Kapitulu horri dagokio gastuen aurrekontu exekutatuaren % 11.
Inbertsio errealak kapituluak, 1.152.918 euroko aurrekontu bateratuarekin, gastuen aurrekontuaren % 7,6 jaso du. Kapitulu horretan aurrekontuaren % 53 bete da.
Finantza-aktiboei eta pasiboei dagokienez, ezarritako kredituak 60.800 eurokoak izan dira eta betetze-maila, berriz, % 23,9koa.
Transferentzia arruntak kapitulukoak dira egindako gastu guztien % 24. Kapitulu horretan behin betiko kredituak 3,8 milioi eurokoak izan dira, eta betetze-maila, % 94koa (2,99 milioi). Talde parlamentarioei eta parlamentarien elkarteei ematen zaizkien ordainsariak, hauteskundeetako emaitzen araberakoak, 2.779.838 eurotan doituak, kapitulu honen gastuen %92,6 osatzen dute.
Ildo horretan, aipatzekoa da Kontuen Ganberak egindako iradokizunak kontuan hartuta, diru-laguntza horiek behar bezala erabiltzen direla egiaztatzeko onartutako arauak 2020an sartu zirela indarrean. Fiskalizazio-organoak egiaztatu du ezarritako prozeduraren jarraipen egokia egin dela.
Hori dela eta, talde parlamentarioei ematen zaizkien ordainsarien kontrolerako prozedura ezartzeari dagokiona betetzat ematen da, hauen erabilera egokia bermatzeko helburuarekin. Helburu horrekin, Mahaiak 2019ko irailaren 2an Nafarroako Parlamentuko talde parlamentarioentzako ordainsariei dagozkien arauak onetsi zituen. Arau horietan ezarri zen diru-laguntzen kontabilitateari eta kudeaketa ekonomikoaz arduratzen den pertsonak Mahaiaren aurrean egin beharreko aurkezpenari buruzko prozedura. Arau hauek 2019ko irailaren 13ko NPAOn argitaratu ziren eta 2020ko urtarrilaren 1ean sartu ziren indarrean.
Lanpostu hutsei buruz egindako aholkuari dagokionez, hau betetzera zuzendutako prozedurak jarraitzen du, interinitateari dagokionez Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziara egokitzeko behin betiko hornidurarako hasitako ekintzekin jarraituz.
Kontuen Ganberak egin duen fiskalizazio txostenaren arabera, Foru Legebiltzarraren 2020ko kontuek “irudi zehatza” erakusten dute ondareari, aurrekontuaren likidazioari eta finantza-egoerari dagokienez. Orobat, Parlamentuaren jarduera ekonomiko-finantzarioa “funts-publiken kudeaketari aplikatu beharreko araudiarekin bat etorriz” egin dela azaltzen da txostenean.
Kontuen Ganberaren aholkularitza-txostena fiskalizazio organo hori arautzen duen abenduaren 20ko 19/1984 Foru Legean ezarritakoari jarraituz egin da.